Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gora Obama!

Sustatu
2008-11-05 09:11

Barack Obama senatariak irabazi ditu AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeak. Estatu batzuetako zenbaketak ez dira itxi oraindik, baina dagoeneko ziurtatuta dituen botoekin aurre handia hartu dio John McCain errepublikarrari. Oso hitzaldi inspiratuarekin ospatu du Obamak garaipena Chicagon.

Hauteskunde-emaitzen mapa honek argi erakusten du bere garaipenaren zabala: Urdina da demokraten kolorea, gorria errepublikarrena. Zalantzan zeuden estatu handiak, denak geratu dira Obamaren alde.

Presidentziaz gain, Alderdi Demokratak aise egin du aurrera Ordezkarien Ganberan eta Senatuan. Botere legegilea ere alde izango du Obamak.

Jendetza handi baten aurrean ospatu du Barack Obamak bere garaipena. Hitzaldi indartsua egin du. Hemezortzi minutuko bideoa da, eta alderik hunkigarrienak azken herenean ditu. Hitzaldiaren testu osoa blogari honen mezuan aurkitu dugu.

Ann Nixon Cooper 106 urteko emakumezko boto-emaile beltza aipatzen duenean, hitzaldia ondo inspiratuta idatzi duela (edo diotela) ikusten da, eta zenbait pasarte daude non Obamaren kanpaina honetako lelo nagusia errepikatzen den: Yes, we can; bai, ahal dugu.

John McCain errepublikarrak ere zoriondu du Obama, eta guk ere berdintsu egingo dugu, Idahon euskaraz Gora Obama oihu egin zuteneko bideoa gogoratuz.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu