"Azken tangoa Parisen" filma ospetsua garai batean guztion ahotan zebilen hitzetik hortzera, nahiz eta gutxi batzuk besterik ez zuten ikusia, Bidasoatik hegoaldera zentsuratua baitzegoen. Antzeko egoeraren tankera hartzen diogu Iruña Okako 1.700 urteko ostraka euskaldun ospetsuei, denen ahotan borborka, aukeratutako aditu gutxi batzuek besterik ikusi baldin badituzte ere.
Aurten albiste gutxi izan dugu, Arabako Foru Aldundiko kultura diputatuak batzorde zientifikoa eratu zuenetik urtarrilean, Henrike Knorr-en heriotza tragikoa "botak jantzita lubakian" apirilean, azken bi urtetako ohizko atzerapenak, eta orain Lakarraren "zina gaiari buruz ezta emaztearekin hitz egiteko ere", Gorrotxategiren "iruzurraren beldurra" Euskaltzaindiaren Iruñeko biltzarrean eta Iruña-Veleia III. Milurtea Proiektuaren komunikatua esanez batzorde zientifikoak sinatutako isilpeko protokoloa hautsi duela. Tragediatik aparte berri gutxi egia esateko.
Duela bi urte eta erdi Gorrotxategik eta Knorrek ontzat eman zituzten Iruña Okako aurkikuntzak, Gorrotxategi berak aitortu zuen euskararen historia berraztertu behar zela, gero sei hilabete beranduago 2006ko azaroan bere susmoak azaldu zituen egunkari ospetsu batean eta orain zin pean egonagatik
bere "iruzurraren beldurra" euskararen eta Pirinioetako hizkuntzen adituen aurrean. Aukera izan du publikoki euskararen historia berraztertzeko eta ez du egin, nahiz eta esateko Leitzaran izan zitekeela euskara zaharraren muga garai batean beste arkeologo baten lanean oinarritzen den, Xabier Peñalver eta cromlech edo harrespilen kokapena Pirinioan, Andorratik Leitzaraneraino. Arkeologo batzuen lan zientifikoa onartzen da, beste batzuena ez nor bere teorien konbenientziaren arabera. Iritzia aldatzea eskubidea da, nahiz eta arrazoirik ez duen argitu, baina ziur lehen edo orain tronpatu dela.
Euskaltzaindiaren azken biltzarrean omendu duten Henrike Knorr filologoa eta euskaltzaina berriz, azken hatsa arte defendatu zuen Iruña Okako ostraka euskaldunen egiatasuna. "Urdin, isar, zuri, gori, edan, ian, lo, ta, iaun, iesus, ama...." beste 70 bat esaldi motz "jan edan lo"-ren tanketarakoak eta ehun luze bat hitz euskaraz eta sinatu zuen 2006-11-23ko komunikatua Iruña Okako ikertzaile taldearekin batera non ozenki esaten den «Iruña Okako ostrakak erromatar garaikoak dira, orduko beste milaka ebidentziarekin azaldu dira, erromatar garaiko geruzetan, eta zigilatzen dituzten beste erromatar garaiko geruzen azpian».
Hedabide batzuk saiatzen ari dira lotzen Iruña Okako ostraka euskaldunak, Zubialdeko margoen iruzurrarekin baina badaude ere aurkako beste adibide asko aipatzen ez dituztenak. Esaterako oso urrutira joan gabe Altamirako 15.000 urteko bisonte zoragarriak azaldu zirenean 1879an, garaiko aditu
dogmatikoek berehala esan zuten iruzurra zela, "dotoreegiak , modernoegiak eta zoragarriegiak" zirelakoan eta orduko "dogma" jarraituz, nola izan zitezkeen benetakoak eta 15.000 urtekoak kristauen "Testamentu zaharraren" arabera, jaingoikoak sortu baldin bazituen Adan eta Eba duela bost mila urte
Palestinan eta gure "kultura" Greziatik eta Erromatik baldin bazetorren azken hiru mila urtetan?
Beraz zalantzarik gabe, oso garbi zegoen iruzurra zela. Arkeologo, antropologo, historialari, arte aditu... belaunaldi oso bat (23 urte) bizitza intelektual ia osoa igaro zuten esaten eta unibertsitatetan irakasten Altamirako bisonteak iruzurra zela. Hogei bat urte beranduago Frantzian beste harpeak ( La Mouthe, Combarelles , Font-de-Gaume) grabatu eta margoekin azaldu zirenean eta Lascaux-eko 12.000 urteko zezenak, derrigorrez 1902an egiazkotzat onartuak izan ziren arte.
Ez ote da errepikatuko Euskal Herrian? Beldurra askea da eta bakarrik pentsatzea dogmatiko batzuen frogatu gabeko teoriengatik, arkeologo, antropologo, historialari, arte aditu... belaunaldi oso bat galdu daitekeela zientziarako Euskal Herrian, benetako ikara ematen du.
Duela ehun urte jaiotako Oteitzak esan zuen artea perfektoa jaio zela duela 30.000 urte Pirinio gorrian eta hizkuntza zergatik ez? Posible al da artea hizkuntzarik gabe? Zein hizkuntzetan margotu ziren Ekain, Altxerri, Santimamiñe, Isturitzeko... harpeak?
Aurreko astean Noticias de Alava egunkariko albiste batean esaten zaigu iturririk aipatu gabe, adituen batzordearen txostena eguberritako argitaratuko dutela baina batez ere filologian oinarrituta egongo dela eta ez hainbeste arkeologoen aurkikuntzetan.
Albiste honek harridura besterik ez du sortzen. Film originalak ikustea atsegin dugunoi ezinezkoa irudituko litzaiguke film baten kritikak irakurtzea eta ezin izatea pelikula originala ikusi, garai bateko "Azken tangoa Parisen" filmarekin gertatu zen egoera berdinera eramango gintuzke alegia. Guretzat filma originala Iruña Okako arkeologoek eta ikertzaileek aurkitutako materialarekin idatzi dutena da, beren datazioak eta analisiekin batera jakina eta hau ezagutzeko eskubidea ozenki aldarrikatzen dugu.
Ostean kritikoek idatzi ditzatela beren iritziak, arte adituek esango dute ea garaiko arte moda jarraitzen zuten, historialariek esklabu euskaldunak nola bizi ziren, katolikoek ea arrianoak, kataroak, animistak ala paganoak ziren eta beste adituen artean filologoek ea euskara modernoa, zaharra edo erabiltzen zuten dialektoa... nahi dutena alegia. Euskaltzaindiarentzat gaur egungo euskaldunok ez omen dugu batere ongi idazten, nahiz eta historian inoiz baino gehiago idazten dugun euskaraz, are gutxiago duela 1.700 urtekoek.
Kritikariek beren iritzia azaltzeko eskubidea dute noski, eta aldatzeko jakina, baina euskaldun guztiok arrazoi guztien gainetik, pelikula originala ikusteko eskubidea eta gogoa dugu (irrikitan gaude), nola ikusten zituzten koloreak, nola jan, edan, lo eta larrua jotzen zuten, nola gurtzen edo madarikatzen zituzten jaungoikoak eta andra mariak, iraindu, maite eta gorrotatu, zenbat lan egiten zuten esklabu euskaldunek, nola ikusten zuten mundua, dantzatu, ligatu, mozkortu, abestu, sufritu, dibertitu... eta irakurtzen badakigu, ostraka euskaldunak irakurtzeko ez dugu itzultzailerik behar.
Ez genuke ulertuko edozein esparruko zientzialarien iritziak eta kritikak irakurri ahal izatea, arkeologoek aurkitutako ostraka eta gainontzeko dokumentu nagusiak eta datazioak ukatzen zaizkigun bitartean. Badakigu Arabako Foru Aldundiaren kultura diputatua dela batzorde zientifikoaren arduradun nagusia eta zuzenean eskatzen diogu, aspaldi egin genuen bezala, zientziaren esparru desberdinetako adituen txostenekin batera, ezinbestekoa iruditzen zaigula argitaratzea arkeologoek aurkitu dituzten ostraka euskaldunak beren datazioa eta dagozkien analisiekin.
"Lehen aurreskua Iruña Okan" filma originala euskaraz ikusi nahi dugu, eskubidea dugu ikusteko zentsurarik eta itzultzailerik gabe, gero kritikariek plazaratu ditzatela beren iritziak.
Ba al dago halako eskaera sinatzerik eta ofizialki aurkezterik? Nik egingo nuke. Aspaldi egin ere. Eskerrak, esaterako bere garaian Gipuzkoako Aldundiak sarean jarri zuen lehen momentutik Lazarragaren tesua, bestela beldur naiz oraindik ez ote geundekeen adituen ikerketen emaitzen zain.
Ondo izan
Bittor