Teknologia albisteak
4

Arrisku kapitaleko inbertsioa Tagzania Services-en

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Tagzania Services
2008-10-28 : 17:10

Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Sozietateak (AKEKS) 465.000 euro inbertitu ditu Tagzania Services 2007, S.L. enpresan, %28,57ko parte hartzea lortuz. Inbertsioa sei urterako egin da Elkano XXI Funtsaren bitartez, zeinaren helburua baita edozein fasetan dauden proiektu teknologikoak sustatzea. Tagzania Services-en gainerako jabetza CodeSyntax-ena da.

CodeSyntax-ek 2005. urtean sortu zuenTagzania.com , geolokalizazioko aplikazio aintzindaria. Interneten mapen eta geolokalizazio zerbitzuen garrantziaren gorakada dela eta, izaera propioa eman zion CodeSyntax-ek iaz proiektuari eta Tagzania Services enpresa eratu zuen.

Tagzania.com elikatzea, eta beste batzuentzako geografiarekin zerikusia duten Interneteko proiektuak garatzea dira Tagzania Services-en bi lan ildo nagusiak.

Arrisku kapitalaren parte-hartzea uztailean gauzatu zen, eta atzo egin zen publiko. Esan digute ez dela oso itxuroso geratu, alde guztietan agertu izana notizia, eta gurekin lotura zuzena duen Sustatu honetan ez argitaratzea. Arrazoia dute kritika horiek. Tira, uztaileko inbertsioaz informatzeko ardura AKEKS sozietatearen esku utzi genuen, eta haiek erabaki dute iragarpenaren unea orain izatea. Beren prentsa-oharra atzo banatu zen, eta hura prentsa-agentziaren batek zabaldu ostean, azaldu da han-hemenka.

Tagzania erosi dutela ere argitaratu du baten batek, eta, noski, hori ez da horrela. Tagzania Services-en kapitalean sartutako dirua da AKEKSen partizipazioa, eta ez CodeSyntaxi ordaindutako akzio batzuen erosketa. CodeSyntaxek ere, bere aldetik, kapitala inbertitu du Tagzania Services-en, eta enpresaren %71ren jabe da.

Inbertsioa aldi baterako da, eta 6 urtean itzultzekoa da, hobariarekin inbertsiogileentzat. AKEKS-ek kudeatutako kapital fondo batetik etorri da inbertsioa, Elkano XXI funtsa delakoa, eta hor dirua durenak dira Euskadiko Kutxa, Caja Vital, Kutxa, BBK, Ibermatica, SPRI, Jaurlaritza eta Viana SPE.

Albiste pozgarria da CodeSyntax eta Tagzania Services-entzat, noski, baina ez gabiltza txanpainetan, lanean baizik: erronka interesgarria dugu aurrean, eta lan horren fruitu bat, tagzania.com berritu bat, kalean laster izatea espero dugulako.

Erantzunak

haritz rodriguez
2008-10-28 : 19:19

Esango nuke Tagzania dela Euskal Herrian eta euskaraz (ere bai) sortu den Web 2.0 tresna globalenetakoa, Nireblog-en atzetik. Eta geolokalizazioan aitzindari izan da, halaber, mundu osoan.



Inbertsio honek zerbitzua hobetu eta lanean jarraitzeko beta eskainiko dizuenez, zorionak eta aurrera!

Iban Arantzabal
2008-10-28 : 20:10

Asko poztu naiz albistea irakurrita. Animo eta lanera, demontre! :-)

Goio Telletxea
2008-10-29 : 12:41

Zorionak Tagzaniarrei! Bada lorpen handia aplikazioa bera landu izana eta laguntza bera ere jaso izana. Aurrerapauso handia. Aupa zuek!

Gorka
2008-11-01 : 13:27

Zorionak nire aldetik ere, tagzania aplikazioa interesgarria baita.



Galderatxo edo proposamen bat, izorratzeko asmorik gabe,



- Tagzania services ez dago erabili ahalko luketen euskaldunei zuzendua?. Webgunea euskaratzerik bai?





Erantzun

Sartu