Teknologia albisteak

'Software kaltegarria' dibulgazio-liburua argitaratu du Elhuyar Fundazioak

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2008-10-23 : 16:10

Elhuyar Fundazioak Software kaltegarriak izeneko dibulgazio-liburua kaleratu berri du. Liburuaren egilea Anartz Ruiz Manzanos ingeniari informatikoa da, eta software kaltegarrien historia, birus informatikoak, eta, oro har, segurtasun informatikoaren gaia sakon lantzen du liburuan.

Egileak liburuaren sarreran aitortzen duenez, liburua dibulgazio-mailatik haratago dago, maila teknikoa handia baitu. Hala ere, informatikan adituak ez diren irakurleak ere hartu ditu kontuan, eta hain teknikoa ez den kapitulu bat dago liburuan, haiei zuzendua.

Segurtasun informatikoa da egilearen interes nagusietako bat, eta inguruan gai horri buruz dagoen gabeziak bultzatu zuen liburu hori idaztera. Hori kontuan hartuta, software kaltegarria zer den definitzetik hasi eta software mota horrek etorkizunean izango duen zabalkundeari buruzko iragarpena egiten du. Besteak beste, honako gai hauek ditu irakurleak irakurgai liburuan: software kaltegarriaren historia, software kaltegarrien eta birus informatikoen arteko aldeak, birus motak eta horiei aurre egiteko antibirus motak eta teknikak, birusak ugaltzeko moduak eta abar.

Anartz Ruiz Manzanos Bilbon jaio zen 1979an. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultatean egin zituen ingeniaritza informatikoko ikasketak, eta gaur egun programatzaile-lanetan dihardu.

Erantzun

Sartu