Teknologia albisteak
3

EraLan ikerketa-proiektuaren topaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Belen Uranga - Soziolinguistika Klusterra
2008-10-24 : 10:10

Azaroaren 13an, Zamudioko Parke Teknologikoan burutuko da EraLan ikerketa-proiektuaren Topaketa: Lan munduan nola eragin erabileran? izenburupean.. EraLan izenak adierazten duena, “laneko erabilera” da; lan munduko euskararen erabilera. Eta horren atzean, bi lan nagusi: Laneko erabileran eragiten duten aldagaien identifikazioa eta aldagai horietan eragiteko interbentzioak diseinatzeko metodologia zehaztea eta aplikatzea.

Funtsean, lan munduan eragiteko metodologia proposamen bat da EraLan. Egindakoa biltzen duen argitalpen bat osatu dugu emaitza gisa eta topaketara bertaratutako guztiei ale bana emango zaie. Horretaz jardungo dugu topaketan: Metodologiaren azalpena egingo da eta landutako ikerketa-interbentzioen emaitzak aurkeztu. Horretaz gain, ikuspegia zabaltzen lagunduko duten bi hitzaldi izango ditugu:

• Pilar Kaltzada (Innobasque): Hizkuntza, kalitatea eta berrikuntza?
• Durk Gorter (Ikerbasque): Laneko hizkuntza-erabilera, Europako hizkuntza gutxituetan


EraLan-en etorkizunaz ere jardungo dugu, aurrera begira lantzen ari den egitasmoa azalduz.

Lan nagusiak aurrera eramaten lantalde bat aritu da: EraLan-eko Garapen Taldea. Soziolinguistika Klusterrak koordinatu eta gidatuta, hainbat arlotako eragilek osatu du: Unibertsitateko, administrazioko, euskara planen aholkularitzetako eta sindikatuetako jendea. Zehazki, J.Inazio Marko (UPV-EHU), Jon Ajuria, Fermin Perez (Bizkaiko Foru Aldundia) eta Joxean Amundarain, Nekane Jauregi (Gipuzkoako Foru Aldundia), Eñaut Apaolaza (Emun Koop. E.), Aitziber Madrazo (Lab Sindikatua) eta Elixabet Almandoz (Eusko Ikaskuntza).

Proiektuaren finantzatzaile nagusi BFA izan da eta GFA laguntzaile. Lerro hauetatik gure esker ona adierazi nahi diegu bi erakunde horiei, eta baita proiektua aurrera eramaten lagundu duten guztiei ere.

Topaketan parte hartu nahi izanez gero, informazio zehatzagoa atxikitako triptikoan duzue.

Izen emateko epea azaroak 6a da eta gure webgunean egin daiteke: www.soziolinguistika.org/eralan

Erantzunak

Sustatu
2008-11-19 : 08:42

Txerra Rodriguezek Eralan jardunaldi honen kronika idatzi du Garaigoikoa bere blogean.


Txerra Rodriguez
2008-11-19 : 10:34

Nik ez dut kronika idatzi, Soziolinguistika Klusterrekoek bidali didate kronika blogean argitaratzeko.

Soziolinguistika Klusterra
2008-12-09 : 13:39

Lan munduan nola eragin euskararen erabileran? Galdera honi erantzun nahi
izan zitzaion azaroaren 13an Zamudioko Parke Teknologikoan antolatu den topaketan.


Soziolinguistika Klusterrak koordinatutako EraLan
ikerketa proiektua
horri erantzuteko metodologia garatu eta aplikatzen aritu
da 2 urtetan zehar eta topaketa honen bidez eman nahi izan ditu ezagutzera bertan
garatutako puntu garrantzitsuenak. Proiektua sakontasun gehiagorekin aztertu
ahal izateko, argitalpen bana eman zaie topaketara etorritako 80 gonbidatuei.


Pilar
Kaltzada
, Innobasqueko komunikazio zuzendariak berrikuntza eta
hizkuntzen kudeaketari buruzko hausnarketa egin du bere hitzaldian, eta EraLan-ek
ikuspegi honetatik egiten duen ekarpena azaldu; EraLan-en metodologiak ematen
duen ikuspegi orokorra da azpimarratu duena.


Gizartea oso azkar ari da mugitzen eta aldaketa hori gure planetara ere ekarri
behar dela esan du. Hizkuntzek, gainera, zer esan handia dute egoera berri hauetan
erakundeek garatu behar dituzten baloreetan: Aniztasuna eta kohesioa. Hain zuzen
ere, etorkizunean gizarte edo lurralde berritzaile izan nahi duen erakundeak,
inguruari lotutako baloreak indartuko dituela iragarri du. Testuinguru honetan,
euskararen erabilera lehenetsiko duten lan-esparruak sustatzea izango da helburu
erakunde berritzaileentzat.


Hitzaldi honen ondotik, EraLan ikerketa-proiektuaren mamia azaldu dutenek hartu
dute hitza: Batetik, J.
Ignazio Markok
, EraLan-en zuzendari izan denak (UPV-EHUko Hezkuntzarako
Ikerkuntza eta Diagnosi-Metodoen Saila) eta bestetik, EraLan-en metodologia
garatu eta praktikan jarri duten erakundeetako ordezkariek: Jon
Ajuria eta Fermin Perez
(Bizkaiko Foru Aldundia),
Juanjo Ruiz
(Emun Koop. E.), Joxean
Amundarain
(Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Aitziber
Madrazo
(LAB Sindikatua).


J. Inazio Markok EraLan-en kokapena egin eta garatutako EPEsA metodologia azaldu
du (Euskara Planetarako Esku-hartze Analitikorako metodologia). Honekin batera,
proiektuaren izaera esperimentala azpimarratu du eta 1.0 bertsioa den hau probatzera
eta ekarpenak egitera animatu du jendea. Metodoa aplikazioa erakundeetako langileek
egiten dutenez, hurrengo aldietarako parte hartzaileak beraiek egotea bere lekuan
proposatu du.


Aurtengoan, erakundeetako langileak ez, baina erakundeetan interbentzioak gauzatzeko
arduradun izan direnek hartu dute hitza. Guztiek baloratu dute positiboki egindako
lana eta gauzatutako interbentzioaren berri eman dute, goiz bateko jardunaldiak
eskaintzen duen denbora mugatuan. Azpimarratutakoen artean, lortutako emaitzak,
jendearen inplikazioa eta esperimentazioa izan dira.


EraLan-en orain arteko jardunak mamia duela erakutsi du. Horregatik, aurrera
begira jarri da Soziolinguistika Klusterra. Egindakoa abiapuntu hartuta, etorkizunerako
egitasmoa prestatzen ari da eta horren berri eman dute Nekane Goikoetxeak, EraLan-eko
2. fasearen zuzendariak, eta Oihana Lujanbiok, EraLan-en koordinatzaileak, Soziolinguistika
Klusterraren izenean. Zehazki, “lidergoa” aldagaian zentratuko da
ondorengo bi urtetako lanketa.


Eguna borobiltzeko, Europara jo dugu. Durk
Gorterrek
, Ikerbasqueko ikerlari frisiarrak, Europan zehar hizkuntza
gutxituek duten egoera ekarri digu. Irakurketa orokor baten ondotik, galesaren
eta frisieraren arteko konparaketa egin du. Laburtuz, lan munduan (sektore pribatuan,
zehazki) ematen zaion lehentasunarekin lotu du galesaren egoera soziolinguistiko
hobea eta frisieraren egoera txarragoa.


Topaketaren hasieran, ordezkari instituzionalek hartu dute hitza. Aizpea Otaegik,
Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, proiektua garatu duten eragileei
eskerrak ematean, EraLan-ek aurrera eraman duen elkarlana azpimarratu du.


Ondoren, Miren Dobaranek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari
nagusiak, EraLan-en metodologia goraipatzearekin batera, beren erakundean praktikan
berriz ere jarriko dutela adierazi du.


Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari orokorraren
txanda etorri da ondoren: EraLan-en aitzindaritza berrikuntzaren ikuspegitik
izan da berak azpimarratutako ideia.


Hizkuntza Politika Sailburuordetzako ordezkari gisa, Erramun Osak hemendik
aurrerako lankidetzarako prestutasuna adierazi du. Ezagutza igo arren, erabileran
eragitea baita erronka eta EraLan bezalako ikerketa-proiektuek horretan lagun
dezakete.


Azalpen hauen guztien aurkezpenak, argazkiak eta EraLan argitalpena bera Soziolinguistika
Klusterraren webgunean
zintzilikatu dira.

Erantzun

Sartu