Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskarak preso

Jon Abril - Aralar
2008-10-21 13:10

Interes gutirekin jarraitu nuen Patxi Lopezen Euskara Askatasunean ekitaldia, Euskal Herritik kanpo nintzela, bertzeren artean. Baina geroztik sozialistek -eta bereziki Nafarroan- emandako pausoek, eta DVren ildo editorialei erreparatu diet. Hika-mika horretan interes biziz jarraitu dut Hasier Etxeberria eta Begoña Ameztoyren artekoa.

Betiko erretorikarekin etorri dira Lopez eta sozialistak. Ongi etorri euskarara, ongi etorri hizkuntza politika bultzatzera! Bihotzez diot, baldin eta benetakoa baldin bada, pose hutsa ez bada, elektorala ez bada (eta gauzak nola doazen ikusita, eta esperientzia ezagututa, nago gehiago duela azken horretatik bertze deus ere baino gehiago).

Mingarriak egin zaizkit Ramon Etxezarretak Hitzan errandakoak: Gertatu izan zait neuri geure udal aurrekontuetan diru gehiago egotea lortu eta euskarari txanpon eta sos guztiak kendu dizkiodala lau haizetara zabaldurik bizi izatea. Haizeak bala hotsa izaten zuen

Eta ulergaitza PSNkoen jarrera. Eremu mistoa lau herritara ez zabaltzeko hartu duten erabakiaren (maiatzean aldekoak zirenean) kontrako mezua zabaldu zuten eurek zein CDNko Perez Nievas kontseilariak Nafarroa Oinezeko irekiera ekitaldian. Ukabilka ibili ziren sozialistak (Elena Torres parlamentuko burua eta Roman Felones partiduko presidentea ziren bertan) argazkian ateratzeko. Lehenbiziko lerroan. Euskararekin omen daude. Baina hizkuntz politikarik ez, ordea. Hezkuntza Kontseilariak euskaraz irakurri zuen diskurtsoa, baina euskarazko hedabideak dirulaguntzarik gabe gelditu dira 2008an Nafarroan (ez kongelaziorik, 300.000 eurotik 0-ra igaro da aurrekontua!). Hori omen euskara askatasunean.

Interesgarria eta adierazgarria Hasier Etxeberriak eta Begoña Ameztoyk DVn daramaten eztabaida eta gutun trukea. EITBrako bideratzen den dirua eta bere kalitatearen emaitzaren arteko desoreka handia iruditu izan zait, baina sozialistak, eta euren bozgorailu nagusi bihurtu den DVk lotsagabeki jo dute euskararen eta euskal kulturaren kontra azken boladan.

Ameztoy ahobero oldarkorrarenak ez du bertzelako hitzik merezi. Norberak irakurri eta erran dezala.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu