Inaki Irazabalbeitia Aralarreko hizkuntza politikako arduradunak iritzi artikulua prestatu du, PSE-EEk euskararen inguruan aurkeztu duen manifestua baloratzeko.
Ez nintzen izan urriaren biarekin Patxi Lopezek Donostian egin zuen ekitaldian, ofizioak Kataluniara, non presidente sozialista bat bi hizkuntza ofizialetan nahikotasunez mintzatzen den, eraman ninduen eta. Egun horretarako prestatu zen manifestua interesez eta prestutasunez leitu dut, ordea. PSE-EEren planteamendu linguistikoetan zer edo zer berri espero nuen, orain arteko planteamenduez haratago joanen zen zerbait berritzailea, Kataluniako sozialisten katalanarekiko duten jarrera positiboaren eta proaktiboaren hurbilago zegokeen zerbait. Leitzean déjà-vu moduko batek harrapatu nau. Berritasunik apenas ikusi dudan eta errezeta zaharretik asko, horietako batzuk mingarriak, gainera; ETAren mamua astintzea edo euskarazko kulturak prestigio demokratikoa' berreskuratu behar duela esatea, kasurako. Euskalgintzako agenteei sozialistak boterera iritsiz gero ez direla diru-laguntzak murriztuko agintzeaz landara, deus berri gutxi. Pena demait benetan!
Bat egiten dut, alabaina, manifestuaren izenburuarekin. Nik ere euskara askatasunez nahi dut. Euskaraz askatasunez bizi nahi dut. Euskara nonahi usatzeko askatasuna nahi dut. Orain, ordea, askatasun hori ez dut. Herri honen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, entendi dezaket esparru pribatuan euskaraz jarduteari uko behar izatea noizik eta behin, bizikidetza medio. Entenditu ezin dudana da, administrazioarekin dihardudanean sarri-sarri euskaraz jarduteari utzi egin behar izaten diola halabeharrez; askatasunik ez dut. Oraindik orain, Eusko Jaurlaritzako zaintzan ziharduen ertzain batek euskaraz zuzendu nintzaionean kristauez egiteko esan zidan, mesedez hori bai; nire semeek ez dute pediatra euskaldunik izan, hainbatetan muturra okertu dit aurreko zerbitzari publikoak
Antzeko adibide gehiago jar ditzaket eta baita euskaraz bizi nahi duen edonork ere. Manifestuari erreparatuta ez dirudi, Patxi Lopezek eta PSE-EEk neure modu berean ulertzen dutenik euskaraz askatasunez aritzea. Izan ere, enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu dio hitzez hitz dokumentuak. Ez nago ados. Zein punturaino urra dezake pertsona baten aukera pertsonalak herritarrek administrazioarekin hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko duten eskubidea? Ez al daude funtzio publikoko langileak herritarren zerbitzura? Garbi dut aukera pertsonalek (eta gaur, bereziki belaunaldi gazteenentzat, euskaraz ez ikastea aukera pertsonala da hein handi batean) ezin dutela herritarren eskubideen gainetik egon eta funtzio publikoko langileen betebeharra herritarren zerbitzura egotea dela, baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Are gehiago, PSE-EEk itxuraz salatzen duen elebakarrenganako diskriminazio horrek ez du errealitatea islatzen. Izan ere, eta adibide moduan, oraintsu Arkautiko Ertzaintzako Akademiatik atera den azken promozioko ertzainen heren batek baino ez zuen hizkuntza-eskakizunik. Zeintzuk segituko dute euskara askatasunez ezin baliatuta ertzaintzarekin topo egitean?
EAEn eta Hego Euskal Herrian elebakarrak dira hizkuntza kontuetan nonahi askatasunez ibil daitezkeen bakarrak, alegia, manifestuan argi eta garbi hizkuntza komun moduan adierazten den horretan aritzeko gaitasuna baino ez duten horiek.
Adostasunak bilatu nahi ditu PSE-EEk euskal kultura ireki eta libre bat eraikitzeko. Adostasunak bilatzea ezinbestekoa ikusten dut etorkizuneko hizkuntza-politika diseinatzeko eta euskararen erabateko gizarte-normalizazioan aurrera egiteko. Alabaina, adostasunak bilatzeko prozesu horretan abiatzeko, ezinbestekoak dira oinarrizko irizpide minimo batzuk konpartitzea diagnositikoaren, egoeraren zein desiratzen nahi den etorkizunaren ikuspegitik. PSE-EEren proposamenak ez ditu Aralarrek ezarriko lituzkeen minimoak betetzen, eta nago euskaraz bizi den eta produzitzen duen sozietate honen zati horrek ezarriko lituzkeen minimoak ere ez dituela betetzen.
Zaharra berri urriaren biko manifestuan.
Erantzun
Sartu