"Zientzia, teknologia eta berrikuntza Euskal Herriko eguneroko prentsan 2008" ikerketa burutu du Elhuyar Fundazioak. Hamaika egunkaritan argitaratutako 6.448 testu aztertu dira lau hilabetez
Elhuyar Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, Teknologia, osasuna eta informatika dira Euskal Herriko egunkariek gehien lantzen dituzten gaiak, zientzia, teknologia eta berrikuntzari dagokienez. Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin, zientzia, teknologia eta berrikuntza nola tratatu dituzten Euskal Herriko eguneroko prentsan aztertu ditu lau hilabetez. Berria, Deia, Diario de Navarra, Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava, El Correo, El Diario Vasco, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest egunkariek argitaratutako testuak izan ditu aztergai Elhuyarrek azterketak iraun duen bitartean; guztira, zientzia, teknologia eta berrikuntza gaien aipamena egiten zuten 6.448 testu kaleratu zituzten. Ikerketa honen helburua izan da Euskal Herriko eguneroko prentsa idatziak zientzia, teknologia eta berrikuntzari eskaintzen dion arreta ezagutzea eta ulertzea.
Azterketa honetan zenbait alderdi jasotzen dira, eta hauek dira ondorio nagusiak: Gaiari dagokionez, teknologiaren, osasunaren, informatikaren eta ingurumenaren alorrekoak izan dira aukeratuenak. Hain zuzen ere, albisteen % 20,89 teknologiari buruzkoak izan ziren; % 18,66, osasunaren ingurukoak: eta % 18,38, informatikari buruzkoak. Albisteen garrantzia ezagutzeko, Richard Budd-en eskala erabili da (albisteen tamaina, orrialdean hartzen duen espazioa, orrialdearen zenbakia eta erabilera grafikoa parametroak kontuan hartzen dituena); horren arabera, testu gehienak garrantzi gutxikoak izan direla agerian uzten du. Testuen generoari dagokionez, nagusiki informazio hutsa (albisteak, laburrak ) eman dute egunkariek, eta, nabarmen, oraindik oso gutxitan argitaratzen dira iritzi-generoko zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko testuak (% 3,83). Ikuspegiaren kasuan, ondorioztatzen da aldeko jarrera aurkezten dutela kazetariek, nahiz eta berek zuzenean iritzi hori ez adierazi. Azkenik, eta iturriei dagokienez, Euskal Herriko zein Europako informazio-iturri ofizialak dira nagusi egunkarietan, % 60, hain zuzen ere. Hala ere, esanguratsua da testuen % 25en iturria ez adieraztea.
Gainera, azterketa honen emaitzak Europako Batasuneko erreferentziazko hedabideekin alderatzeko aukera izan dute azterketa honen egileek. Izan ere, Europako Batzordeko Ikerketa Zuzendaritza Nagusiaren ekimenez, 2007ko abenduan Europako Ikerketa Komunikabideetan: zer pentsatzen dute komunikabideetako profesionalek? izeneko lana argitaratu zen. Datuak alderatuta, ondorio garrantzitsuenak dira Europako lankideek aukeratzen dituzten gaiak antzekoak direla eta kazetariek, Euskal Herrikoek bezalaxe, arazoak dituztela iturriak identifikatzeko garaian.
Azterketa honetan jasotako ondorioak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eman den prentsaurrekoan azaldu dira.
Mintegiari buruzko artikulu hau banatu zuen atzo agentzia batek. Bertan dioenez, hemen argitaratuko dira mintegiko dokumentuak.
Gaur, hilak 14, hain zuzen ere Elhuyar eta Innobasquek gai honen inguruko mintegi bat antolatu dute.