Xabier Montoiak "Golgota" izeneko eleberria kaleratu berri du. Bi urte dira azken liburua kaleratu zuenetik: "Euskal Hiria sutan", Euskadi Saria eman zion ipuin-bilduma. Harakoan bezala, fabulaziorako, pertsonaia hezur-haragizkoak sortzeko eta hizkera literario sendo bat asmatzeko dohainak nabarmentzen zaizkio egileari, printzipioz irakurleak espero ez zuen kontakizun bat osatzeko: moja baten historia.
Gauza jakina da Xabier Montoiak ez duela parte hartzen bere liburuen promozioan, ez duela aurkezpenik egiten, ez elkarrizketarik eskaintzen, ez hitzaldirik ematen. Horrek apur bat zailago egiten du editoreen lana, baina literatura maite dugunon artean onartzen badugu funtsezkoena testua bera dela, ezin aitzakiarik leporatu Montoiari, aldiro obra berri, indartsu eta emozio-sortzaile bat sortzen ahalegintzen baita.
Egilerik ezean, kritikari bat gonbidatu dute argitaletxekoek "Golgota" hau aurkezteko: Beñat Sarasola poeta eta kritikari donostiarra. hona Sarasolak egindako aurkezpenaren testua.
Aitortu behar dut arrotz samar sentitzen naizela gaurkoan. Lehenik eta behin, halako aurkezpenak beti izaten direlako deseroso samarrak: oraindik irakurri ez dutenei liburua aurkeztu eta kontatu beharra. Lagun bati hurrengo egunean ikustekotan den filmari buruz hitz egitea bezalako zerbait. Gainera, modu labur eta argian egin behar da, ahal dela, kazetariak kexatu ez daitezen; eta bestetik, hurrengo egunean zuk esan dituzunak eta inkluso esan ez dituzunak irakurriko dituzu egunkarian. Kasu honetan, gainera, arroztasun sentimendu hori oraindik handiagoa da, aurkeztu beharreko liburua ez dudalako nik idatzi. Hau guztiagatik, Xabier Mendigurenek "Golgota" aurkeztea proposatu zidanean ezezkoa esatekotan egon nintzen, biziki estimatzen nuela proposamena baina ez nuela nire burua hemen ikusten, beste batek idatzitako liburua aurkezten. Hala ere, ondo pentsatuta, gero konturatu nintzen benetan ez dagoela norberaren liburua aurkeztea baino gauza okerragorik , eta trantze horretatik honezkero pasatua naizenez, ez nuela aitzakiarik gonbita errefusatzeko. Eta hemen nago.
"Golgota" irakurri ostean edukitako lehendabiziko irudipena, edo lehendabizikoetako bat behintzat, zera izan zen: hemen idazle eta nobelagilea ofizio gisa azaltzen zaigula, artisau gisa. Liburua irakurri baino lehen norbaitek esan zidanean Xabier Montoiak moja bati buruzko nobela bat idatzi zuela, pentsatu nuen: Xabier Montoiak moja bati buruzko nobela bat? Euskal literatura apaiz eta fraidez beteta dagoelarik, nork eta Montoiak moja bati buruz idatzi? Alegia, "Golgota"n agerian geratzen da nobelagileak hartu behar duen lana beregandik urrun dagoen istorio eta pertsonaia bat osatzeko, kasu honetan, moja baten istorioa eta barne mundua osatzeko.
Benetan, haatik, honakoa ez da zehazki moja bati buruzko nobela, edo ez da hori soilik. Zeren, hasteko, lau pertsonaiak osatzen dute nobela. Alde batetik Felisa dago, Felisa txikia; gero Gorriaren alaba; ahizpa Elena, eta azkenik, izenik gabeko beste bat, amaiera aldera agertzen dena. Berezitasuna zera da: lau pertsonaia hauek biltzen direla protagonistaren baitan, lau pertsonaia hauek gorputz bakarrean biltzen direla. Protagonista, hala ere, laukoitza izanda ere, edo hain justu horrexegatik, ezin du bakardadea saihetsi, eta horregatik azaltzen da hain zehazki bere barne mundua deskribaturik. Neurri horretan, ezin esan dezakegu moja bati buruzko nobela denik, moja, Elena delako bakarrik: Felisa ez da moja, Gorriaren alaba ez da moja eta azkeneko pertsonaia hori ezta ere. Egia da nobelaren muina, nolabait, pertsonaia moja deneko gertakizunek osatzen dutela, besteak beste, bere bizitzaren urte gehienak horretan pasatzen dituelako.
Laburki esanda, liburuan kontatzen dena zera da: protagonistaren kalbarioa (inoiz baino aproposagoa da kalbario hitza hemen) artean umea zelarik falangistak bere etxean sartu eta aita zein ahizpa zaharrena eramaten dituztenetik amaieraraino. Kontua da kalbario horren oinarrian dagoela nolabait hasierako gertaera hori, bere bizitzako desgrazia guztiak lotu daitezkeela hasiera tragiko horrekin. Moja alde batetik bestera ibiliko da, Karachin emango du denboraldi luze bat, esaterako, baina bere gogoa beti egongo da iltzatuta umetako gertaera horretan. Horregatik da hain indartsua hasiera. Eta hori da lau pertsonaia horiek (Felisa, Gorriaren alaba, ahizpa Elena, eta laugarrena) batzen dituena: gertakari horrek eta bere oroimenak. Hala, irakurleak nobela guztian zehar, eta bereziki, amaiera aldera, oroimenaren inguruko hausnarketak aurkituko ditu.
Nobela zuzenean lotzen da Gerra Zibileko biktima ahaztuen problematikarekin, azken aldian apur bat berreskuratzen ari dena zenbaitzuen ahaleginei esker. Biktima horiek gogorarazi beharra, hilotzak aurkitu beharra etab. Urrutira joan gabe, hemen, Alderdi Eder bertan egon zen duela hilabete baino gutxiago Donostian fusilatutako 380 lagunen aldeko omenaldia, adibidez. Liburuak, nolabait, kezka horrekin bat egiten du baita ere eta beraz, gaurkotasunik falta zaionik ezin esan daiteke (nahiz eta hasiera batean, moja baten istorioa arrotzegia iruditu dakigukeen). Eta hemen jabetzen gara, berriz ere, liburua moja baten istorioa baino gehiago dela, bere oinarrian, Montoiak beste lan askotan agertutako kezka eta obsesio sozio-politiko antzekoak daudelako. XX. mendeko historia bere miseria guztiekin. Esate baterako, "Gasteizko hondartzak" eta Hilen bizimoldea trilogian jorratzen den garaia jorratzen da gutxi gora behera hemen ere. Esan daiteke Hilen bizimoldean XX. mendea iparraldeko euskaldun gizonezko baten ikuspegitik kontatzen bada, "Golgota"n gauza bera hegoaldeko euskaldun emakumezko baten ikuspegitik egiten dela. Han bi mundu gerrak eta Aljeriako gerra zirenak hemen gerra zibila, katolizismoa eta frankismoa dira. Bietan aldatzen ez dena konklusioa izango da bereziki, hemen orain esango ez dudana baina Montoiaren obraren zaleak dagoeneko igarri dezakeena.
Erantzun
Sartu