Larunbat arratsalde honetan jakinarazi ditu sail ofizialeko epaimahaiburu Jonathan Demme jaunak Donostiako 56. Zinemaldiko sariak; beti bezala, batzuen gustuko eta besteen disgustukoak izango direnak.
Irabazle bat izatekotan, "Pandorarenin kutusu" (Pandoraren kutxa) Yesim Ustaoglu zuzendari turkiarrarena nabarmendu behar, sari bi irabazi baititu, eta horietako bat filmik onenaren Urrezko Maskorra. Merezi ote zuen? Nire uste apalean handitxo geratzen zaio saria, giza sentimendu sakonak ukitu arren, eta belaunaldi desberdinetako pertsonaien erretratu finak eginda ere, moteltxoa gertatzen baita, eta amona-iloba harremana apur bat behartua.
Sari bi aipatu ditugu: bestea, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra da, Tsilla Chelton frantziarrak irabazia (alzheimerra duen amonarena egiteagatik). Egia esanda, epaimahaiak arrazoi osoz esan du emakumezko rol zoragarriak zeudela aurten, eta horrenbestez guztiz ados egongo da kritika gehiena atal honetan sari baten ordez bi ematearekin; bestea Melissa Leo-k eraman du, "Frozen River"en egindako lanagatik. Courtney Hunt-en film honek sari handiagoak ere eraman zitzakeen, baina horrenbestean konforme beharko du.
Gizonezko aktoreen saria ez zen batere garbi ikusten, ez baitzegoen ia inor nabarmentzekorik. Azkenean Oscar Martínez argentinarrari eman diote, Daniel Burman-en "El nido vacío"n duen rolagatik. Film eskastxoa nire ustetan, baina aktorearen lana ona zen dudarik gabe. Zentzugabeagoa iruditu zait argazkirik onenaren saria film berari ematea; Hugo Colace argazki-arduradunaren lana guztiz oharkabean pasatu zitzaidan niri behintzat, eta film mordoxka bururatzen zait ikuspegi horretatik deigarriago. Dena dela, bego.
Beste sari inportanteetako bat zuzendari onenarena izaten da, eta Michael Winterbottom britainiarrari eman diote, "Genova" filmagatik. Kritikaren zati bati ez zaio askorik gustatu, baina Winterbottom beti da interesgarria eta ausarta, eta aurreko bisitaldietan esku-hutsik joan zenez, justiziazkoa iruditu zait saria.
Pozik nago gidoi onenaren sariarekin ere: "Louise-Michel" filmaren idazleak zuzendariak eurak dira: Benoit Delepine eta Gustave Kervern frantziarrak, sail ofizialeko komedia bakarraren egileak, eta ez nolanahiko komedia gainera: beltza, garratza, zoroa eta lotsagabea. Balio dezala egungo zinemagintza apur bat arnasberritzeko.
Epaimahaiaren sari berezia Samira Makhmalbaf iraniarraren "Asbe du-pa" (Bi hankako zaldia) film gogor baina luzetxoari eman diote. Mendebaldekook kontzientzia zuritzeko hirugarren mundukoei emandako opariaren itxura hartzen diot nik sari honi (iaz, zuzendariaren ahizpa Hana-ri sari bera eman zioten, "Buda lotsaz lehertu zen" filmagatik, eta agian arrazoi beragatik).
Horraino irabazleak. Baina galtzaileak ere badaude, film indartsu, biribil eta sentiberak izan baitira, esku-hutsik gelditu direnak. Bata, kritikari askoren faboritoa, "Aruitemo, aruitemo" (Ibili eta ibili) Hirozaku Kore-Eda japoniarrarena, fina eta ederra. Beste bat, Javier Fesser espainiarraren "Camino", pultsu eta sendotasun handikoa iruditu zitzaidana, eta aktore-lan zoragarriak zituena. "Tiro bat buruan" Jaime Rosales-ena sarigarrien artean aipatzen zuten askok, ez dakit ausardia esperimentalagatik ala jarrera etiko edo ideologikoagatik, baina epaimahaiak ez du hala ikusi. Nik ere ez, egia esanda.
Eta horrenbestez kitto. Film hauetatik areto komertzialetara zein iritsiko diren ikuskizun dago; beste batzuk zine-kluben zirkuituetara ailegatuko dira. Batean zein bestean, goza dezazuela.
Erantzun
Sartu