Famili ospakizunak dira gaurko film biak elkartzen dituen lotura, aitzakia horren azpian guztiz istorio eta giro desberdinak ikusi baditugu ere: "Aruitemo, aruitemo" (Ibili eta ibili; ingelesez emana, Still walking) Hirokazu Kore-eda japoniarrarena da bata, "Eid milad Laila" (Lailaren urtebetetzea) Rashid Masharawi palestinarrarena bestea.
Gauza batzuk berdintsuak direla kultura guztietan sumatzen dugu: ezkontza edo hileta bat ikusten dugunean film batean, kultura guztien gainetik edo azpitik giza hari batzuek elkartzen gaituztela denok iruditu ohi zaigu.
Kasu honetan, familia japoniar bat dugu. Guraso zaharrek beren seme-alaba biak deitu dituzte, nor bere senar-emazte eta umeekin, urtero bezala, istripuz hildako hirugarren senidearen urteurrena ospatzeko.
Hiru belaunaldi mahai berean, janaria lokarri, eta hainbat kontu mokaduen artean; komedia alaiak ikusi ditugu eskema horrekin, gainbehera moralaren erakusgarriak ere bai. Kore-edak ez du ez batera ez bestera jo: gehienon bizitza izaten den bezala, gazi-gozoak dira bertako istorioak, liskarra izatera iristen ez diren inbidiatxoak, zauria zulatzeraino ailegatzen ez diren ziriak.
Dotoreziaz dago zuzendua film osoa (nahiz eta epilogoa soberan legokeen, nire ustetan), Txekhov-en gereziondoen lorategia bezain leun eta lasai doa dena, erretratu psikologiko finak eginez, baina susmoa dut, gaur egungo ikusleak martxa gehixeago eskatzen ote duen...
Epaile lana egin ezinda taxia gidatzen du Abu Lailak bizimodua ateratzeko, ez baita erraza gaur egungo Palestinan; ez da erraza bera bezain gizon legalista izatea anarkia bihurturiko lurralde okupatuetan, armarik ikusi nahi ez izatea denak metrailetaz dabiltzan hirian.
Bere alaba Lailak urteak betetzen dituela-eta, etxera garaiz iritsi nahi du taxistak, tarta batekin ospatzeko, baina gauzak konplikatu egiten dira, ezinbestean...
Taxistak hartzen duen jendearen bitartez, hainbat mikro-istorio kontatzen digu Masharawi zuzendariak, egoera latza ezkutatu gabe irribarre bat pizten digutenak; dena dela, planoegia da pelikula oro har, eta, amaiera ustekabekoa bezain txalotzekoa izan arren, aspertu antxean amaitzen du ikusleak. Ikusle honek, bederen.
Erantzun
Sartu