Teknologia albisteak
5

eta tiro, eta tiro, eta tiro baltzari

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Sustatu
2008-09-23 : 17:09

Gatazka sozialen eguna da gaur, tiro-kontuak ageri baitira sail ofizialeko pelikula bietan, oso-oso diferenteak izan arren. Jaime Rosales espainiarraren "Tiro bat buruan" da bata, Benoit Delepinie eta Gustave Kervern frantziarren "Louise-Michel" bestea.

Rosales bartzelonarra izan liteke, Victor Erice bizkaitarraz geroztik, zinema artistikoaren izen nagusia gure erresuma honetan. Estatus hori lortzeko aski izan ditu bi film: "Las horas del día" eta "La soledad". Hirugarren honek prestigio horri eusteko balio behar lioke, berez, baina auskalo ez ote duten gurutziltzatuko, estetikarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Filmaren argumentua kontatuko dizuet (kasu honetan ez da ikusi behar duenaren kalterako, ezinbesteko informazio baizik, ikusten duena ulertuko badu): gizon bat ikusten dugu eguneroko zereginetan: jaiki, kalean ibili, bulego batean sartu, lagunen batekin topo egin, baxoerdi bat hartu... Hori dena, urruneko teleobjetibo batekin bezala, inguruko soinua entzuten dugula (tabernako berbaroa, kaleko zaratak), baina pertsonaien elkarrizketarik ez. Horrela joango dira ia hiru ordu laurden, eta bitarte horretan ikusle mordoa atera da zinema-aretotik, asper-asper eginda. Guk pazientzia gehiago izan dugu, bestela nola egin komentario hau?

Egin dezagun aurrera ba. Tipoak auto bat hartzen du beste bi lagunekin, Donostian, eta muga pasatzen du; lagun batzuen etxera iristen dira, bertan ematen dute gaua; hurrengo goizean, kafetegi batean ari dira gosaltzen; hara sartzen dira bi gizonezko gazte ere; begien tximistazo batean, elkar ezagutu dute gure protagonistak eta gazte horietako batek; horren ondotik, gazteak ateratzen direnean, gure protagonista eta bere lagunak atzetik joan eta tirokatu egiten dituzte parkingean.

Capbreton-en izandako bi guardia zibilen hilketak inspiraturiko filma da, zuzendariak berak aitortu duenez. Gizon normal bat hiltzaile nola bihur litekeen galdetzen omen dio Rosalesek bere buruari (normal eta hiltzaile hitzei nahi adina kakotx ipin diezaiela bakoitzak), eta pelikularen bitartez gogoeta eginarazi nahi omen luke, halakorik gehiago ez gertatzeko.

Rosalesi orain gutxi Mikel Gartziak elkarrizketa mamitsua egin zion Argia astekarian, eta han azaltzen zuen mezuaren sakontasuna eta formaren erradikaltasuna bilatzen dituela pelikuletan. Honetan, forma bada erradikala, nahiz nire ustez kontaturikoa askoz hobeto geldituko zen film labur batean luze batean baino; dagoen-dagoenean, Artelekun aztertzen dituzten bideo-arteko esperimentu bat ematen du; baina azaltzen duen mezuak emango dio, ez dakit sakontasuna, baina bai behintzat polemika pizteko gaia.

Niretzat garbi dago zuzendaria ez dagoela borroka armatuaren alde; ikusitakoaren ondorio hauxe aterako du ikusleak: halako gizon normal bat, bizimodu arrunta daramna, eta beste inor hil? Filmean ez denez hitzik entzuten, ez dago diskurtsorik ekintza hori justifika lezakeenik; eta irudietan ere ez denez inongo injustizia-egoerarik agertzen, erantzun bortitza guztiz lekuz kanpokoa suertatzen da.

Alabaina, "normal" eta "arrunt"hitzak askotan errepikatu ditut, eta hori da, seguru asko, Espainiako komunikabide gehienek barkatuko ez diotena: terrorista ez izatea hiltzaile odolgosea, basapiztia fanatikoa, ezpada gure arteko bat, gu bezalakoa.

Zutik lurrean kondenatu...

Louise Michel Parisko Komunan nabarmendutako iraultzaile eta feminista nabarmena izan zen, Frantziako anarkismoan ospetsua. Filmeko Louise eta Michel, berriz, bi friki dira, zein baino zein xelebreagoak, komedia beltz eta zoro bateko protagonistak.

Azal dezagun gaia: Pikardiako lantegi batean gaude; emakumezkoak dira langileak, zuzendaritzak zapaldu eta esplotatuak; egun batean, berriz, desmantelaturik dago fabrika, nagusiak ospa egin du eta kale gorrian daude emakumeak. Geldituko zaien kalteordain xixtrinarekin zer egin eztabaidatzen ari direla, batek botako du ideia: hiltzaile profesional bat kontratatu, ugazaba akabatzeko.

Delepine eta Kervern zuzendariek ganberrokeria galanta egin dute, karikaturatik eta farsatik asko duena; tonu horrek gizarte-kritikari mesede edo kalte egiten dion, era guztietako iritziak egon litezke, umore-sen diferenteak dauden neurrian. Nik gogotik egin dut barre, lehenengoz zinemaldi honetan. Eta ez da gutxi.

Erantzunak

martin
2008-09-24 : 13:21

Errata txiki bat: Jaime Rosales da zuzendariaren izena, ez Luis Rosales, sarreran dioen moduan...

kat
2008-09-24 : 14:10

Hala da, Luis Rosales poeta falangista hura zen, García Lorcaren laguna.

Sustatu
2008-09-24 : 17:08

Xabierren testuan sartu gara, eta Luis Rosales zioen lekuan, Jorge Rosales jarri dugu.

ptx | irratia.com
2008-09-24 : 18:51

> Xabierren testuan sartu gara, eta Luis Rosales zioen lekuan, Jorge Rosales jarri dugu.



Bai baina ez, Jaime Rosales omen da zine zuzendaria, ezta?

Sustatu
2008-09-24 : 18:59

Fuksiaren distirak begiak lausotu dizkigu eta tontotuta gaude. Asmatuko ahal dugu azkenean! Jaime, jaime, jaime.

Erantzun

Sartu