Teknologia albisteak

Umezurtzen istorioak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Sustatu
2008-09-21 : 16:09

Zinemaldiaren sail ofiziala goraka hasi zen larunbata iristearekin, eta igandean interesari eutsi zaio (film batean bestean baino gehiago) ikusi ditugu bietan: "Genova" Michael Winterbottom britainiarrarena, eta "La belle peronne" Christophe Honoré frantziarrarena.

Beste urte batzuetan, eguneko bi pelikulak nola-hala lotu nahian ibili ohi gara iruzkina idaztean, Julio Ibarraren "liaisson" haien antzera, baina aurten badirudi antolatzaileek aurreztu egin nahi izan digutela lan hori, sail ofizialeko filmak binaka aureztuz: aurreko batean mutikoak ziren protagonistak, eta gaur berriz umezurtzak, film frantziarrean umezurztasun hori munta gutxiko aitzakia den arren.

Beti berri eta harrigarri

Goizeko bederatzietan Kursaaleko areto handia leporaino betetzea ez du edonork lortzen, baina bai Michael Winterbottom-ek. Honezkero ez dago esan beharrik zuzendari britainiarrak aldiro film guztiz desberdin bat egiten duela eta beti bikaina izaten dela errealizazioan, nahiz eta ikusleak sarri ustekabean harrapatu eta batzuetanjakin ez ikusitakoa nola interpretatu.

Esan ohi da, abioi-istripu batetik bizirik irten dena bizitza osoan ibil litekeela hegazkinez, hutsaren hurrena delako bi aldiz gertatzeko aukera. Era berean, ez estatistikagatik baizik eta konpentsazio-mekanismo psikologikoengatik, pelikula baten hasieran pertsonaiei tragedia handi bat gertatzen bazaie, ez duzu espero halakorik errepikatzea. Film honetan, kreditu-tituluak agertu aurretik ikusiko dugu nola ama bat kotxe-istripuan hiltzen den alabak berarekin zituela, eta nola aitak erabakitzen duen gero alaba biekin Amerikatik Genovara joatea urtebeterako (unibertsitatean eskolak emateko aukera lortu dio gaztetako adiskide batek), zoritxar hori gainditzen lagunduko dielakoan.

Genovara iristearekin, baina, mehatxu-zantzuak nonahi zabaltzen ditu zuzendariak: Mary txikiaren amesgaizto eta ameskerietan, Kelly nerabearen edertasun durduzagarrian eta moto ibilaldi zoroetan, Genovako parte zaharreko kalexka estu-ilunetan... Horrekin batera,ordea, zati guztiz lasai eta atsedengarriak oparitzen ditu zintak, bisitan turistiko batean bagenbiltza bezala. Argien eta itzalen joko etengabeko bat da, eta antzeko zerbait egiten du filmaren argiztatze bereziak ere: argi itsugarria dago hondartzako irudietan, eguzki betean; barnek eszena gehienetan, berriz, flashik gabeko argazkiak bezala ikusten dugu dena, erdi ilunpetan.

Kameraren erabilera azkar eta muntaketa biziak, aktoreen lan bikainak edo musikaren erabilerak ikusgarria egiten dute filma; ikuslea, hala ere, sentimendu bikotz batean mantentzen du Winterbottom-ek, gero eta gehiago larritasunerantz eramanez, amaiera aldeko klimaxak katarsia eragin arte (baina ez dut gehiago esango,ikusten duenaren plazera ez zapuztearren).

Zer dakigu Frantziaz

Christophe Honoré idazle eta zuzendari ezaguna da Frantzian, nik gaur arte haren berri ez banuen ere; Madame de Lafayette-ren "La princesse de Clèves" eleberriaren bertsioa egin du Honorék, rococo garaiko saloietako intriga sentimentalak gaur egungo Parisko institutu batera eramanez.

Irudipena dut, frantziar kulturan jantziago banengo, intertestualitate-joko horri zuku gehiago aterako niokeela, baina, naizen bezalako ezjakina izan naizenez, hormonak dantzan dituzten gaztetxoen txorakeriak ikusi ditudala esango nuke, "Sensación de vivir" edo "Al salir de clase" bezalako telesailetan bezain txatxuak.

Nire arazoa izan liteke, baina beste askorena baldin badauka, zail dauka Honoré jaunak, Frantziatik kanpo bederen.

Erantzun

Sartu