Teknologia albisteak

Latin loverrak Zinemaldiko inaugurazio-egunean

Erabiltzailearen aurpegia
xabier mendiguren elizegi - sustatu
2008-09-18 : 19:09

Hasi da Donostiako 56. Zinemaldia, eta hasierako egun honetan bi film nabarmentzen ziren, printzipioz behintzat: sail ofizialean baina lehiaketatik kanpo eskaintzen den "The Other Man", eta Woody Allen-en "Vicky Cristina Barcelona", Zabaltegi sailekoa.

"The Other Man" (Beste gizona), Richard Eyrek zuzendua, drama sentimentala litzateke berez, nahiz eta egiazki barregarria gertatu (malgré lui, nahi gabe alegia). Zuzendari honek egin zuen "Iris", Iris Murdoch idazlea alzheimerrak jota zegoeneko azken urteetako erretratua, eta baita "Notes on a Scandal", Judi Dench eta Cate Blanchet-en arteko xantaia lesbikoaren film hura. Aurrekari horiekin pelikula txukuna espero genuen gutxienez, baina gure itxaropenak zapuztuta gelditu dira.

Abiapuntua ez zen txarra, izatez. Bernhard Schlink-en ipuin batean oinarrituta (ez daukat irakurria), istorioak kontatzen du nola Peterrek (Liam Neeson) bere emazte Lisa (Laura Linney) zendu eta gero deskubritzen duen, haren emailetan arakatuz, emazteak amodio-afera luze bat izan zuela Ralph delako maitale batekin (Antonio Banderas).

Peterren alaba Abigailek (Romola Garai) dena ahazteko aholkatzen dion arren, hark ezin du kontua burutik kendu, eta, jelosiak erreta, Milanera joko du, delako amorante hori ezagutu eta akabatzeko asmoz.

Honaino, filma bide topiko samarretatik zihoan, baina hainbestean; Banderas agertzearekin batera erridikulura lerratuko da, ez berez aktoreak txarto egiten duelako bere lana (ezta ondo ere, seguru asko; noiztik ez du gizon horrek antzezte eder bat egin?), bere rola esperpentikoa delako baizik; gaitz erdi Jose Maria Aznar jarri ez badigute latin lover-arena egiten.

Banderas Donostiara ekartzeko aitzakia izango zen pelikula ere sorta berean eskaintzea, baina komunikabide espainiarretan (etxeko asko barne) orriak eta minutuak beteko baditu ere, ahazteko moduko filma, hitz bitan esateko.

Bartzelonaren publirreportajea

Glamourzale guztiek irrikaz espero zuten Allen-en azken film europarra ikustea, nahiz zuzendariarekin batera ez diren etorri ez Scarlett Johansson, ez Penélope Cruz idolatratuak (zuzendariak berarekin ekarri ditu hala ere Rebecca Hall eta Javier Bardem, beste protagonistak).

Konta dezadan argumentua, laburki: bi turista amerikar, Vicky (Hall) eta Cristina (Johansson), Bartzelonara datoz uda-pasa. Txintxoa eta ezkontzekotan dagoena lehena, esperientzia berrien bila dabilena bigarrena. Erakusketa baten inaugurazioan Juan Antonio Gonzalo ezagutzen dute (Bardem), pintorea eta ligoi pasatua, biekin oheratzea proposatuko diena. Hainbat gorabehera izango da tartean, baina gauzak are gehiago korapilatuko dira pintorearen emazte ohia agertzen denean (Cruz), emakume pasionatu eta artista handia nonbait (pertsonaia guztiz sinesgaitza).

Filma ez dago gaizki. Ipuin baten moduan kontatua dago, off-eko kontalari baten tartekatze ugarirekin eta gitarra espainiarraren soinu-banda etengabearekin. Baditu umorezko gag batzuk (errazegiak aukeran), eta ikusteko atsegina da, oro har. Hala ere, amaitu eta gero "ta?" galdetu diezaioke batek bere buruari.

Bartzelona eta Oviedoko agintariak pozarren egongo dira filmak egiten dien publizitatearekin; gure alkate eta burgomaisu guztiak ere adurra dariela imajinatzen ditut, euskal hiriren baten halako publirreportaje bat egingo balu etorkizunean, baina zinematografiaren ikuspegitik begiratu, eta Alberto Barandiaranen zutabe batekin oroitu naiz, Allen-ek Europan azken aldian egin dituen erdipurdikokeriak komentatuz "zoaz Manhattanera" aholkatu ziona; ez maite ez dugulako, haren zinema ona maite dugulako baizik.

Erantzun

Sartu