Teknologia albisteak

Post-euskaldunaren definizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Fermin Etxegoien - EHUko Uda Ikastaroak
2008-07-22 : 11:07

Joan den astean Donostiako ikastaro batean izandako Identitate post-euskaldunak mahainguruaren hirugarren oina (azkena) dakarkizuegu gaur. Luistxo Fernandezek eta Juan Kruz Lakastak sinatutakoen ondoren, Fermin Etxegoienek han irakurri zuen testua bidali digu. Mahainguruari izenburua eman zion terminoa, post-euskaldun, Etxegoienen sorkuntza da, eta hitzaren definiziotik abiatu zuen irakurraldia.

Post-euskaltasuna

Post-euskaltasuna

Identitate post-euskalduna erakusten duen euskaldunak euskara jaso du modu arautuan, batez ere hezkuntzaren bitartez, baina hizkuntzaren praktika ez da nagusi bere bizitzan. Alegia, euskalduna da baina ez da euskaraz bizi eta, hau da inportanteena, ez dio inori botatzen euskaraz ez bizitzearen arrazoia, sentitzen baitu ez dela euskaraz bizi nahi ez duelako.

Historiako lehen “hautazko” euskaldunak lirateke beraz, edo behintzat aukera horretatik sekula gertuen izan diren hiztunak.

Identitateari egiten al diote uko?

Onar dezagun euskara dela gure identitatea. Egia esan niri egia partziala iruditzen zait, baina egiatzat sentitzen dut, baita ere. Egia partziala, hizkuntza eta identitatea parekatzeak esan nahi duelako egungo Irlandak, adibidez, ez daukala identitaterik… eta noski, Irlandak badauka identitatea edo gutxienez ni ez naiz inor haien identitate propioa ukatzeko, gaelikoa galdu eta ingelesez bizi direlako orain.

Era berean identitatea eta hizkuntza gauza bera baldin balira espainolak ez izateko derrigortuta geundeke gaztelania ahanzten.

Halere: onar dezagun euskara dela euskaldun egiten gaituena eta kitto, euskara dela gure identitatea.

Jaun-andreok, a ze nolako identitatea.

Euskaraz modu traketsean egiten duten milaka lagunei buruz ari naiz pentsatzen.

Eremu euskaldunetatik kanpo zein eremu euskaldunetan ere euskaraz eskolatu izan diren milaka gazte eta jada ez hain gazte horiei buruz ari naiz pentsatzen, zein trakets moldatzen diren euskaraz haietariko asko eta zein ederki espainolez.

Horrelakoa da haien euskara-identitatea beraz. Identitate ortopediko bat, haiek erabiltzen duten euskara bezalakoa. Barkatu, esan nahi nuen erabiltzen “ez duten” euskara bezalakoa.

Gehienak ez ziren jaio “euskara moldagarria” nagusi den toki gutxi horietariko batean eta ondorioz haientzat euskara ez da hizkuntza moldagarria gaztelaniaren aldean. Nekez ager dezakete euren estiloa euskal plastika linguistikoaren bitartez. Haientzat euskara ez da arropa egokia munduan zehar ibiltzeko eta nahiago dute erdarak ematen dien itxura aniztasuna. Izan ere hizkuntza bada ere estetika.

Alegia, euskara nolabait jaso dute euskaldun post-identitario hauek baina euskararen bitartez ez dira sentitzen euren baitakoak. Erdarak oso ongi funtzionatzen die maila guztietan eta euskarak ez, maila askotan oraindik ez die funtzionatzen. Erran gabe doa bere burua erabat independentistatzat daukan jendeari buruz ere hitz egiten ari naizela.

A las ocho en el bule liburua izan daiteke molde horretako identitate post-euskaldun baten adibide garbia, egilearen esanetan euskaraz “ezin idatz daitekeen” liburua delako.

Tira euskaldun berrioi gauza bera gertatzen zaigu, baina alderantziz: askotan iruditzen zaigu euskaldun-zaharren eredu jator eta naturala lortzeko gutxienez “bir-haragiztatu” egin beharko genukeela. Hau da, euskaldun-zahar batek lasai asko esango lukeen bezala: “re-enkarnatu”.

Euskarak ongi funtzionatzen du unibertsitatean eta ez horrenbeste kalean. To, post-euskalduntasunaren beste bitxikeria bat. Ez ote geunden, bada, euskara erabat ahozkoa zelakoan? Hogei urte nahiko izan dira kontrako irudia ikus dezagun. Euskara idatzia bizirik dago unibertsitatean eta interneten, baina hitzegindako euskara soilik dago bizirik baserrietan eta herri batzuetan, ez dira izango berrogeitahamar baino gehiago.

Gainerako gune hiritarretan erdarak maila guztietan funtzionatzen du eta euskarak soilik maila batzuetan. Gure identitatea, beraz, identifikatzen da “ez-nahiko” sentitzearekin eta ondorioz egoera irauli behar izatearekin.

Gure euskara-identitatea ez da identifikatzen plazerrarekin, hedonismoarekin, fribolitatearekin, arinkeriarekin… baizik eta konpromezuarekin eta zuzentasunarekin, hau da, arauen arabera ondo hitzegitearekin. Agintearekin, beraz.

Hemen dator konturik bitxiena, gure euskara-identitatea identifikatzen delako alde batetik agintearekin eta baita ere, lehen esan bezala, kontrakoarekin: egoera irauli behar izatearekin. Batzuen ustez euskara salbatzeko ez da soilik behar independentzia, baita sozialismoa ere, egin kontu!

Erran gabe doa identitate post-euskalduna daukan edonorentzat oso itogarria dela euskararen “beharrari buruzko aginduak” aldi berean jasotzea eremu insitituzional zein eremu iraultzaletik Euskara momentuz izanik, esan bezala, moldagarritasun plastiko handiagoa behar duen estetika linguistikoa.

Zentzu horretan bereziki deigarria iruditzen zait konpromezu kontzeptuaren erabilera extentsiboa. Nik dakidala konpromezuz egiten diren gauzak ez dira gustoagatik egiten konpromezuagatik baizik. Ez nuke euskaraz egin nahi, baina egin beharko dut. Ez zait gustatzen euskaraz egitea, baina egin beharko dut. Bistan denez konpromezu kontzeptua ez da batere post-euskalduna.

Tira, eremu berriak eta hiztun berriak harrapatuko baditu euskarak behar duena da, batez ere, gustagarria izatea. Horrek esan nahi du hizkuntzaren inguruan aritzen garenon lan nagusia dela eredu linguistiko polit eta moldagarria jorratzea. Euskara gure estetika linguistikoetako bat delako, baina zoritxarrez euskararen bitartez euskaldun askok ematen duten itxura ez da oso gustagarria euren buruarentzat, erdi biluzik sentitzen dira eta nahiago dute erdaraz jantzita agertu. Gutariko gehienok erabiltzen dugun euskañol famatua bete-betean kokatu behar da hor.

Gainera norberaren hizkuntza gaitasunaz aparte, euskaldun askok jende hiper-normatibizatua ematen dugu edo bestela zer eta kontrakoa: jende iraultzailea, egoera linguistikoa irauli nahi genukeen neurrian. Hau da: erdarak ondo funtzionatu arren, euskara ezarri nahi genuke.

Ondorioz gure euskara-identitatea ez da identifikatzen plazerrarekin, hedonismoarekin, fribolitatearekin, arinkeriarekin… baizik eta konpromezuarekin eta zuzentasunarekin, hau da, arauen arabera ondo hitzegitearekin. Norbaitek esan lezake egoera ere halakoxea dela, hedonismorako desegokia.

Tira, identitate post-euskaldunek erakusten dute euskararen moldagarritasuna dela orain beharrezkoena. Hedonismo linguistikoa sentitu behar dute hiztunek hitz egiterakoan, plazerra. Dekretuz lortzen ez dena, noski, baizik eta oso garbi edukiz –esan bezala hizkuntzarekin lanean ari garenon aldetik- euskara estetika bat dela hiztunentzat eta hitz egitearen plazer estetikoa sentitzen ez badugu post-euskaldunok azkar egingo dugula espainolera edo gutxienez euskañolera.

Fermin Etxegoien

Erantzun

Sartu