Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal kooperatibak eta software librea

Joxe Aranzabal - Jakin
2008-07-15 19:07

Euskal kooperatibek eta software libreak ezaugarri bat baino gehiago dituzte komunak. Bietan elementu oinarrizkoak dira prestakuntza, partehartzea eta jakintza partekatzea. Hala ere, han eta hemen aurki daitezkeen salbuespen txiki batzuk kenduta, software librea oso gutxi erabiltzen da gure kooperatibetan. Ia dena dago Microsoften esku: sistema eragileak (Windows), nabigatzaileak (Internet Explorer), posta elektronikoa (OutlookXpress), datu baseak (Acces), kalkulu orriak (Excel), idazteko programak (Word)…

Harritzekoa da. Nazioartean erakunde garrantzitsu asko ari dira Microsoftekiko morrontza alde batera uzten, poliki-poliki software librera pasatzeko, hala nola Massachussetsko gobernua AEBetan, Berlingo Udala, IBM bera, Extremadurako gobernua…, baina hemen ezta mugimendurik txikiena ere bide horretan.

Gure kooperatibek eskuak lotuta dauzkate, Microsoftek lotzen baititu, kooperatibek eurek horrela erabakita. Arrazoiak hor daude: Microsoftek eskaintza onak egiten ditu eta segurtasuna eskaintzen die; zenbait kontutan Microsoft estandar bihurtu da, de facto; kooperatibek apenas duten software librearen berri; kooperatibek ia ez dute aditurik software librean; kooperatibek beldur diote software librerako trantsizioari.

Beldur horiek, berriz, aurreiritzietan oinarritzen dira, gaur egun software libreak eskaintza oparoa baitu: sistema eragiletan GNU-Linux bihurtu da software librearen ikurra sistema eragileen artean; zerbitzarien artean, Apache da nagusi, software librean oinarritua; eta ofimatikan, hortxe daude KDE, GNOME eta OpenOffice. Interneti dagokionez, bestalde, munduan gero eta gehiago erabiltzen dira Firefox, Thunderbird, Zope, Plone, PHP, Perl eta MySQL, besteak beste.

Horregatik, kooperatibek ahalegin handiagoa egin beharko lukete software librera hurbiltzeko: unibertsitatean leku bat eskaini ikasketa programan software libreari; prestatu teknikariak software librean; informatikariak kontratatzerakoan, kontuan izan adituak ote diren software librean; hasi kooperatiba guztietan programarik erabilienak eta errazenak erabiltzen: Firefox, Thunderbird, OpenOffice…; egitasmo bat prestatu software jabeduna utzi eta trantsizioa prestatzeko software librerantz; aztertu software librearen inguruan sortzen ari diren modu berriak elkarlana bultzatzeko, eta erabaki zelan aplikatu kooperatibetan; erabili software librea kooperatibagintza bultzatzeko herrialde pobreetan; lan hitzarmenak egin software librea darabilten enpresekin.

Jakintzak askeago egiten gaitu. Horixe pentsatzen dute bai Euskal Herriko kooperatibek, bai software librean ari direnak ere. Logikoa elkarren berri izatea eta batak besteagandik ikastea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu