Teknologia albisteak

Behe-Bidasoako euskarazko tokiko prentsaren alde

Erabiltzailearen aurpegia
aitor - Behe Bidasoa
2008-07-06 : 13:07

Pausumedia Elkartea, Irun Iruten Euskara Elkartea, Hitzak eta Hondarribiko euskalgintzako eragile batzuk, 2006ean abiatutako gogoeta prozesu baten ostean, Behe-Bidasoako euskarazko tokiko prentsaren aldeko manifestoa aurkeztu dute, uztailaren 5ean, Hondarribian eta herritarren aurrean. Eskualdeko 60 bat kazetari, musikari, artista eta euskalgintzako eragilek euskarazko komunikazio proiektu baten alde egin dute.

Behe-Bidasoa eskualderako egitasmo komunikatibo berri baten sortzeko apostua egin dute. Eta adostutako aktuazioen artean, komunikazio esparruari dagokionez, euskarazko euskarri komunikatibo baten martxan jartzea aipatzen dute. Betiere, euskarri komunikatibo horren eskualdeko izaera azpimarratuz.

Beraien esanetan, "Bidasoan euskarazko tokiko hedabideen gabeziak nabarmendu behar dira, baina eskualdeak azken urteotan esparru honetan eman dituen urratsak garrantzitsuak izan dira ere". Hor baitaude Berria, Antxeta Irratia eta Bidasoamedia.info, adibide gisa.

Ezinbesteko urratsak

Hala eta guztiz ere, "atzean geratu nahi ez badugu", epe motzean pauso gehiago eman behar direlakoan daude ekimenaren sustatzaileak. Bestela, euskarazkoak izaki, erdarazko komunikabideen atzetik ariko dira.

Zentzu honetan, euskarazko proiektu komunikatibo egoki bat bideratzeko, zenbait irizpide betetzeko prest agertu dira: irratia, telebista, prentsa idatzia eta interneta aintzat hartuko dituen proiektua izan beharra duela, Bidasoa eskualdean euskaraz informatuko duena.

Manifestuaren sustatzaile eta sinatzaileen arabera, "betiere independientea, plurala, eskualdekoa eta euskarazko komunikazioa bideratzeko sortua". Era berean, Berria, Hamaika Telebista, Antxeta Irratia eta Bidasoamedia.info, ezinbestean, irizpide hauek bermatuta eskualdeko euskaldunen erreferentzia bilakatu behar direla uste dute.

Behe-Bidasoako euskarazko tokiko prentsaren aldeko manifestoa izenpetu duten 60 bat herritarren artean, Amets Arzallus (bertsolari eta kazetaria), Ane Muñoz (zinemagilea) Aritz Galarraga (EHUko irakaslea), Fermin Muguruza (musikaria), Jose Luis Aizpuru (Euskal Irratiak Federazioa) edota Ainhara Zuazabeitia (Euskadi Irratiko kazetaria) aurkitzen dira besteren artean.

Erantzun

Sartu