Teknologia albisteak

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aztertu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua - Kontseilua
2008-06-26 : 21:06

Euskal Konfederazioko eta Kontseiluko ordezkariak Baionan bildu dira gaur IV. inkesta soziolinguistikoaren Iparraldeko emaitzei buruz bi erakunde horiek egiten duten irakurketa plazaratzeko. Datuek euskara egoera larrian dela adierazten dutela azpimarratzeaz gain, egoera iraultzeko hartu beharreko neurriak ere zehaztu dituzte ordezkariek. Hona arloz arlo egiten duten azterketa.

Hizkuntza gaitasuna
Elebidun gehienek (%32,4) 65 baino gehiago dituztenez eta gazteak erritmo sobera motelez euskalduntzen direnez, ondoko urteetan elebidunen kopurua jaisten segituko duela ohartarazi dute bi erakundeen ordezkariek. Beraien ustez, dentsitate handiarengatik euskarak aukerarik handiena duen lekuetan eta gazteenen alorrean lan berezi bat eraman behar da. Honela, euskalduntze erabatekoa ahalbidetuko duen Hezkuntza Sistema baten ezartzea eta helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortzea dira, besteak beste, egoera iraultzeko derrigorrez hartu beharreko bi neurri.


Taldeen ezaugarriak hizkuntza gaitasunaren arabera
Arlo horretan inkestak eman datuak (elebidunen bi herenek 50 urtetik gorakoak dira, udalerri txikietan bizi dira, lan giroa erdalduna dute...) oso kezkagarritzat jo dute eta egoera larri honen erantzule diren faktore politiko-sozialak lehenbailehen errotik aldatu beharra azpimarratu dute.


Gaitasun erlatiboa
Inkestak hiru elebitasun mota agerrarazten ditu: euskal elebidunak (%24,7), elebidun orekatuak (%50,8) eta erdal elebidunak (%24,6). Kideen ustez, normalizazioaren ikuspuntutik, lehengo bi multzoak dira interesgarrienak hizkuntza sortzeko aukera dutelako (erdal elebidunek erabiltzeko zailtasun gehiago dituzte). Ordezkariek bi elementu azpimarratu dituzte egoerari buelta emateko: hizkuntzaren kalitatea ikas prozesuan eta euskara erabiltzeko aukera errealen sortzea


Hizkuntzaren transmisioa
Horretan bi datu garrantzitsu azalarazi dituzte, positiboa lehena: bi gurasoak euskaldunak direlarik, haurrek euskara jasotzen dute %80,5ean; negatiboa bigarrena: batek euskara ez dakielarik euskara ez transmititzeko dagoen joera. Aterabide gisa euskalduntze alfabetatzeak bereziki bikote mistoekiko eraman behar duen lehentasuna eta belaunaldi berriak osoki euskalduntzeko beharra aipatu dute.


Euskara irabazi dutenen ezaugarriak
Ordezkariek euskalduntze alfabetatzeak egin lanak eraginkorra izan duela azpimarratzen badute ere, gehienek frantsesez euskaraz baino hobeto hitz egiten dutela erakusten duen datuak kezkatzen ditu. Hartu beharreko neurrien artean BAM eraman beharreko lan berezia aipatu dute.


Euskararen erabilera
Hiru elementu gako azpimarratu dituzte erabileran dagoen beheititzea azaltzeko: ezagutzaren galera, erabiltzeko aukera murritzak eta erdal elebidunen erabilera tasa (erosoago sentitzen direlako frantsesez euskaraz baino). Arlo horretan ere gizartearen alor guzietan aldaketa estruktural sakona ezinbestekoa dela diote ordezkariek.


Euskararen sustapena
Ordezkarien ustez hor dira daturik positiboenak: gehiengo zabalak euskararekiko jarrera positiboa erakusten du. Jendeak euskararen aldeko egiazko politika sostengatuko lukeela erakusten dute datuek.





ONDORIO OROKORRAK

Emaitzek erakusten dute euskararen egoera Iparraldean oso larria dela alde batetik, ondoko urteetan galera segituko duela bestetik. Hala ere, Euskal Konfederazioa eta Kontseiluko kideek euskararen normalizazioaren aldeko borroka ez dute galdutzat jotzen. Beraien ustez, euskara galbidetik aterako duten elementuak honako hauek dira: euskararentzat estatus egokia eskaintzea, corpus juridiko egokia eraikitzea eta hizkuntza-politika eraginkorra martxan jartzea.
Ildo horretatik, bakoitzak doazkion erantzukizunak lehenbailehen hartu behar dituela zehaztu dute. Eta joan den hilabeteko gertakariei erreparatuz (Senatuan eta Asanbladan iragan eztabaidak, frantses Akademiak plazaratu agiria), Iparraldeko arduradun politikoek izan duten jarrera salatu dute bidenabar.

Erantzun

Sartu