Joan zen astean "Oiartzuarren baitan" proiektuaren aurkezpena eta omenaldi ekitaldia izan ziren Oiartzungo Petra Lekuona Zaharren Egoitzan. Proiektu horren bitartez, herriko hizkera eta ahozko ondarea jaso eta hedatu nahi izan da, herriko nagusienei elkarrizketak egin eta Interneten jarriz.
2006ko udaberritik hona, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak herriko hizkera jasotzeko helburuarekin, 40 aitona-amona elkarrizketatu ditu eta bideoz grabatu.
Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak lagunduta, grabazioak digitalizatu eta datu-base baten bitartez Interneten jarri ditu herritar zein kanpotarrek kontsultatzeko moduan.
Bi ataritan aurki daiteke Oiartzungo ahozko ondarea:
Bai atari batetik sartu edo bestetik sartu, ikusiko den ondarea berbera da, eta baita denborarekin osatzen joango dena: transkripzioak, euskarri ezberdinetako elkarrizketak, lekukotasun berriak... ondarea beti berritzen eta osatzen joatea baita helburua.
Proiektua Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak sortu eta egin du, eta Oiartzungo Udalak hasiera-hasieratik babestu eta finantzatu du. Hala ere, benetako protagonistak hiztunak berak dira eta horregatik, ostiraleko aurkezpenarekin batera, omenaldia ere jaso zuten. Beren lekukotasuna oso garrantzitsua da hizkuntzaren erabilera sustatzeko, eta hori eskertu nahian, oroigarria jaso zuten. Denak herrikoak eta ezagunak izaki, ondoren egin genuen afari-meriendan, aspaldiko kontuak atera ziren berriro ere. Badugu zer ikasia!
Bukatzeko, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eskerrak eman nahi dizkio proiektuan parte hartu duten guztiei: Badihardugu Euskara Elkarteari eta Ahotsak egitasmoari, Oiartzungo Udalari, Aholkulari Batzordeko kideei eta proiektu honetan lagundu, animatu eta modu batera zein bestera parte hartu duten guztiei. Eta nola ez, beren etxeko ateak zabaldu dizkiguten elkarrizketatuei eta beren senideei.
Erantzun
Sartu