Teknologia albisteak

Sustraiez Blai jaialdiaren 8. edizioa Beasainen

Erabiltzailearen aurpegia
Josetxo Sastre - Sustraiez Blai Kultur Elkartea
2008-06-24 : 09:06

Zortzi urte daramatza Beasaingo Sustraiez Blai Kultur Elkarteak izen bera duen munduko musiken jaialdia antolatzen eta jadanik, lortu du bere tokitxoa Euskal herriko jaialdien artean, Goierrin bertan nahiz kanpoan eman baita ezagutzera.

Sustraiez Blai Jaialdiaren edizioetako bakoitza ezberdina izan da orain artean eta zonaldeko herri ezberdinetan antolatu izan da. Aurtengoak, berrikuntza ugari dakartza; besteak beste, jaialdiaren data bera. Izan ere, lehenengo aldiz ekainean ospatuko da musika-jaialdi nagusia, hain zuzen ere, ekainaren 28an, larunbatarekin, Legorretako Harripila kiroldegian, gaueko 22:00etan hasita.

Azpimarragarria da edizio honek Ekialdeko musika izango duela protagonista nagusi eta hau ez dela kasualitate hutsa izan. Goierriko eskualdean Errumaniatik etorritako etorkin-kopurua oso handia da eta gure jai honetara gonbidatu nahi izan ditugu. Gure egitasmoak musika elkar ezagutzeko bide bat izan dadila baitu helburu. Horregatik gonbidatu ditugu Moldaviako Fanfare Vagabontu eta Londresetik etorri, baina Balkanetako musika nahasten dituen Max Pashm artistak. Baina horiez gain, badira beste hainbat musikari ere, hala nola Erresuma Batuko Fun Da Mental talde ezaguna eta Euskal Herritik bertatik datozen Gose taldea eta Saioa bakarlaria (Legorretakoa bertakoa). Segidan, 2008ko protagonisten inguruko informazio zehatzagoa:

FANFARE VAGABONTU

Fanfare Vagabontu Marseillako Festival du Soleil Jaialdian aurkeztu zuen bere burua lehen aldiz taula gainean, 2005eko ekainean, taldeko buru den Ghitsa Iorgaren eskutik. Oso hasiera polita eman zitzaion txarangaren ibilbideari, batez ere kontuan hartuta oso egitasmo kultural zabala dagoela Frantzian.

Taldea zortzi musikarik osatzen dute: zazpi letoik eta perkusionista batek: Marseillako Rrom komunitateko kidea, Ghitsa Iorga, Errumaniako Moldaviatik etorritako zazpi lagunekin elkartu zen taldea osatzeko. Bertan jaiotakoak dira denak eta taldea osatu aurretik behin baino gehiagotan egin zuten topo zonalde hartako ezkontza zein bataioetan, musika joz.

Moldavian leku garrantzitsua du txarangen musikak eguneroko bizimoduan. Zonalde hartan otomanoek Errumania eta Balkanak okupatu zituzteneko garaian agertu ziren haizezko musika tresnak. Tronboiak eta txirulak etsaia uxatzeko erabiltzen ziren. Gizonezkoek txiki-txikitandik ikasten dute tronpeta, klarinetea edo tuba jotzen. Melodia eta dantza tradizionalak oso erritmo bizian jotzen dira... Balkanetako doinuek sorgindu egiten gaituzte.

Bromazale eta parrandazaleak izanik, Fanfare Vagabontuko musikariek Frantziako eta Frantziaz kanpoko areto eta jaialdietara eraman dituzte beren doinuak. Hainbat artista ezagunekin ere inprobisatu dute; Sanseverino, Rona hatner, poum Tchack edota Fanfare Ciocarliarekin, besteak beste.

Disko bakarra eman dute argitara momentuz, Dour Karal izenekoa, taldearen espiritu ibiltaria jasotzen duena.

Vagabontu.org eta Myspace

MAX PASHM

Max Pashmen soinua Greziako, Balkanetako, ijitoen eta klezmer musiken arteko nahasketa da, erritmo elektronikoekin batera eta Max Pashmek berak modu digitalean manipulatutakoa. Oraingoan, DJ moduan aurkeztuko du bere burua Maxek, nahiz eta talde formatuan ere lan egiten duen. Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eman zen ezagutzera Max Pashm, bere lehenengo diskoari esker: Sony music-ek 1997an kaleratu zuen ‘Weddings, Bar-mitzvahs & Funerals’. Ordutik hona, mundu osoan zehar bidaiatu du, bere lan ona erakutsiz eta world/fusion musikan aitzindaria izanik. Nitin Sawhney eta Levellers taldearekin lan egin du eta hainbat artista remixatu ditu: Ekova, Ska Cubano o Sex Pistols, batzuk aipatzearren. “Queen of Sikim” abestia Europako disko-zerrendetan punta-puntan egon zen garai hartan.

Bere lan berria “Never mind the Balkans” izenekoa da eta 2008ko apirilean aurkeztuko da modu ofizialean, erresuma Batuan Elektrikos/Organikos zigiluaren eskutik eta Europan, berriz, Frantziako Mosaic music diskoetxearekin.

Myspace

FUN-DA-MENTAL

Fun-Da-Mental izango da Sustraiez Blai jaialdira bigarren aldiz datorren talde bakarra, 2004ko edizioan ere parte hartu baitzuen, nahiz eta garai hartan lau musikariko formazioa etorri zen. Eta hau gertatzeko arrazoia oso sinplea da: kaleko jendeak berriz ere etor daitezen eskatu die antolatzaileei. Izan ere, arrakasta itzela lortu zuen taldeak lehenengo emanaldi hartan.

Etengabeko aldaketan ari den taldea da hau, 1991n sortu zena eta talde-buru den Aki Nawaz-en hitzetan, helburu jakin bat duena: guztion arteko tolerantzia eta errespetuzko zubiak eraikitzea Fun-Da-Mental taldearen izaera borrokalaria da oso, 90eko hamarkadan Asian Dub Fundation taldearekin batera (talde hau ere Sustraiez Blai Jaialdian izan zen, 2006an) angloasiar musikaren joerarik militante eta konprometituena erakutsi zuena. “Black muslims” eta autodefentsarako mugimendu beltzen eraginpean eta joan den hamarkadaren hasieratik Aki Nawaz buru duela, jatorri pakistandarreko produktore lotsagabea berau, musikari eta ideologoa, metalaren aitzindari izan zen Southern Deat Cult (The Cult-en aurrekaria) taldearekin, Fun-Da-Mentalek kontzientziak nahastu zituen bere lehen albumarekin, beren kasa editatutako ‘Seize the time’rekin. ‘Dog Tribe’ singleak ikaragarrizko eztabaida sortu zuen M 18 talde faxistak Youth Against Racism erakundeko buruzagiak mehatxatzen zituen mezu bat erabili zuelako.

Britainiar prentsak punk globaltzat hartu zituen bere tradiziozko musika indiarra, dub-a, hip hop-a eta erritmo elektronikoak eta Aki, Propaghandi ezizenez ere ezaguna, asiar Chuck D-a edota Jonny Rotten pakistandartzat jo zuten. Musika arma politikotzat hartu eta Nation zigilua indiar artisten espresiobide eta promoziorako plataformatzat, birak egiten hasi ziren eta 98an ‘Erotic terrorism’ iraultzailea kaleratu zuten.

Hiru urte beranduago, beren musika erasotzaileari dimentsio globalago eta irekiagoa erantsiz erantzuna emango zioten, lehen aipatu ‘There Shall be love’ lanarekin. Muga ideologiko eta musikalik gabe zabaldu ziren disko honetan, eta errezitatutako pasarteak eta sampler oldarkorren ordez etno techno politiko eta globalaren alde eginez, asiar beats modernoetatik abiatuta, Mahalia Jacksonen gospelera, hegoafrikar kantuetara, bengalar taupada tradizionaletara, pakistandar qawwalira edo hirurogeita hamar urtetik gorako mitikoen indiar musika klasikora ireki ziren.

Ideologia, hiriko musika beltza eta Fermin Muguruzaren (bere musika ere nahastu zuten) arreta lortu zuten. Aktibismoa, arraza-bereizkeria edota “gaur egungo musikan dagoen konpromiso eza” dituzte beti ahotan, baita bere azken lana den “All is war” lanean ere, gudaren aurkako aldarrikapen oihu garbia dena.

Webgunea

GOSE

2004an hasi zen talde moduan jotzen GOSE, nahiz eta denbora dezente behar izan duen gaur egun hain ezaguna de taldea bihurtzeko. Hainbat arrazoi izan dira tartean, esaterako, Eutsi! Filmaren abesti nagusia konposatu izana edota Carlinhos Brownek bere azken diskoaren aurkezpenerako egindako biran hasierako taldea izatea.

Bere ezaugarririk nabarmenena da oso tradizionala den euskal musika tresna bat, trikitixa, hain zuzen, musika elektronikoarekin nahasten dutela. Emaitza, ezinbestean, harrigarria da.

Bi disko kaleratu dituzte oraingoz, biak ere izenik gabeak, nahiz eta diskoen azalen koloreak erraz desberdintzen dituen biak. Edukia, ordea, oinarri beraren gainean eraikita dago eta oso giro beroa sortzen dute: munduko musika, dantza soltea, rocka, punka, glama eta bosa nova, esaterako.

Gose.info

SAIOA

Badira urte batzuk Legorretako abeslari hau konposatzen eta musikaren munduan bere burua ezagutzera ematen saiatu zela, baina iaz erabaki zuen bazela garaia bere konposizioak erakusteko eta bere izena bezain saiatua izateko. Horrela iritsi ziren gipuzkoako Moonpalace records zigiluraino bere lehen lana osatuko zuten abestiak, “Particular land” izeneko 6 abestiko diskoan bilduak. Maiatzean, berriz, bigarren lana etorriko da, eta oraingoan hamaika abestik osatuko dute diskoa.

Gaztea bada ere, erreferentzia asko eta oso onak asimilatu eta itxuratzen jakin du Saioak. Batzuk aipatzearren, eta urrutira joanez, hasierako eta onena izan zen cat power edo bright eyes-en emozioen urratzea eta bertagokoekin jarraituz, Ainara Legardon edota Anari bera.

Gitarra eta harmonika lagun dituela, eta euskaraz nahiz ingelesez abestuz, Saioak ez dirudi berria ofizioan, bere gaztetasuna gaindituz, ikaragarrizko heldutasuna erakusten baitu, Sustraiez Blai jaialdian sumatu nahi dugun berbera.

Webgunea

Jaialdiari buruzko informazio gehiago

Helbide hauetan: SustraiezBlai.org eta Myspace

Erantzun

Sartu