Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Master ofiziala
2008-06-23 09:06
Masterrak bost adar edo lan arlo eskaintzen ditu etorkizunean ikerketan trebatzeko:
Euskal hizkuntzalaritza diakronikoa eta filologia
Euskal gramatika edo hizkuntzalaritza sinkronikoa
Euskal dialektologia
Euskal hizkuntzalaritza aplikatua
Euskal literatura
Lan arlo bakoitzeko, bi ikastaro funtsezko (45 kreditukoa bakoitza), ikastaro aitzinatu bat (3 kreditu) eta mintegi bat ala bi (bakoitza 3 kreditukoa) eskaintzen dira. Ikasleak bost hauetarik hiru adar edo lan arlo hautatuko ditu eta eskuratuko duen Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia-ko master tituluan, hiru adar hauetarik biren izena agertuko da ikaslearen berezitasun gisa.
Helburuak
Egitarauaren xedea Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ikertzaile profesionalak trebatzea da. Masterra egiten duten ikasleak, doktoretza-tesi bat egin ahal izateko edo euskal gaietan kalitatezko beste zernahi ikerlan egiteko beharrezko diren gaitasunaz, trebakuntzaz eta ereduez jabetu daitezela bilatzen da masterrean. Ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea da helburua, ikerlan esperimentalak ontzeko gaitasuna eta metodoak garatzea, horretarako guztirako baliagarri diren alderdietan prestakuntza hobetzea. Jakintzagai sail honetan egun dagoen literatura zientifiko hoberena eskuratuko dio masterrak ikasleari; berebat, ikerlan linguistiko-filologiko enpiriko bati ekiteko behar diren bitartekoak eskainiko dizkio. Euskararen ikerketari edo euskalaritzaren adarrei litezkeen ikuspegi guztietarik ekin nahi dieten ikertzaileen trebakuntza da masterraren helburua, bertako ikasleek gorentasuneko maila zientifikoa lortzea.
Metodologia
Master honetan baliatuko den metodologiak oinarrizko hatsarreen aurkezpen teorikoa eta eskola bertako ariketa praktikoak egitea aldizkatuko ditu:
Adigai eta hatsarre teorikoak berezilari hoberenek aurkeztuko dituzte eskoletan
Kasu praktikoen berri aurkeztuko da eskoletan
Aurkeztuko diren teknikak baliatuz ikasleek gai eta azpigaiak ariketa praktikoen bidez eskoletan landuko dituzte
Irakurritako bibliografia teknikoaz eskoletan eztabaidak sortuko dira
Izena emateko
Aurreinskripzioa egiteko EHUren Arabako errektoreordetzara deitu behar da uztailaren 11 baino lehen 945/014435 zenbakira eta masterraz informazioa nahi izanez gero EHUko irakasle Iñaki Caminori (945/013644; inyaki.camino@ehu.es). Behin betiko izen ematea irailean izanen da.
Erantzunak kargatzen...