Teknologia albisteak

Getariako historia eta artea ezagutzeko bi proposamen berri

Erabiltzailearen aurpegia
Getaria 1209-2009 - Getaria 1209-2009
2008-06-17 : 11:06

Getariako historia eta artea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira Ekainaren 17tik Irailaren 15era bitartean. Bisita gidatu hauek Getaria 1209-2009 proiektuaren barruan eginiko indusketa arkeologikoen emaitzak eta Salbatore Deuna elizaren sekretuak gertutik ezagutzeko aukera ematen dute.

Getaria, Gipuzkoako kaia, 1209-2009 izenpeko urte anitzeko ikerketa-proiektu historiko-arkeologikoa 2006. urtean hasi zen. Bere xedea Getariaren historia ahalik eta zabalena osatzea da, hiribildua sortu zeneko 800. urtemuga 2009an ospatuko denerako. Ordundik, proiektuko lan taldeak Getarian kokatzen diren Zarautz Jauregiko, San Prudentzioko eta San Martingo indusketak burutu ditu. Ikerketa hauetan lortu diren emaitzen ezagutza gizartearatzeko bi bisita gidatu desberdin antolatu dira 2008ko udarako, bata burutu diren lan arkeologikoak ezagutzeko eta bestea Salbatore Deuna elizaren historia eta sekretuak ezagutzeko.

Getariako Sustraiak izena jasotzen duen bisita gidatuak Zarautz Jauregiko eta Salbatore Deuna elizako kriptan buruturiko indusketetan lortu diren emaitzak gertutik ezagutzeko aukera ematen du. Zarautz Jauregian Erromatar garaitik hasi eta XX. mende arterainoko jarraipen estratigrafikoa industu da. Salbatore Deuna parrokiaren azpian berriz, 1996-an egindako indusketetan Goi Erdi Aroko elizatxoaren aztarnak topatu ziren. Indusketa berdinean eliza honen inguruan kokaturik zegoen hilerriaren aztarnak agertu dira. Hilobi hauek harlauzaz eginikoak dira eta XI eta XII. mendeetan koka ditzakegu.

Salbatore Deuna, katedral txiki bat izena daraman bisitak eraikinaren arkitekturan barneratuz bere historiara gerturatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Gaur egun ikus dezakegun eraikuntza XV.mende osoan zehar eraiki zen eta Gipuzkoako gotiko estiloaren adierazpen nagusiena da. Salbatore deunak katedral gotiko txiki baten izaerari dagozkion elementu arkitektoniko ugari biltzen ditu. Altuera eta hedapen desberdina duten erdiko eta albotako nabeek gurutze gangak dituzte eta ganga horien pisua horma nagusietatik kontrafuerteetara bideratzeko arbotanteez baliatzen da. Ondorioz, hormak oso meheak dira, leiho eta triforio zabalez zulatuak. triforioak erdiko nabearen perimetro osoan zehar hedatzen dira, beren antzinako zeregin nagusia leiho handietara iristeko bidea erraztea zelarik. Aipagarria da, eliza honek bi triforio dituela (bata bestearen gainean) eta alboko nabeetako gangen gainean bi areto zabal daudela. Guzti honetaz gain, erdiko nabearen gailurrean kanpotik dihoan erronda bide bat dauka. Hala ere, indusketek erakutsi duten bezala, ezagutzen dugun eliza hau eraiki baino lehen Erdi Aroko eliza txiki bat eraiki zen. Bertan, Gipuzkoarren itsas jarduera nagusiei buruzko dokumentu garrantzitsuenak gordetzen ziren eta 1397an gipuzkoarren ordezkarien batzarra, Probintziaren sorburu izan zen Gipuzkoako Hermandadeari sorrera eman ziona, bertan bildu zen.

Bisita gidatu hauek Ekainaren 17tik Irailaren 15era izango dira, asteartetik larunbatera 10:30; 12:00; 16:00; 17:30tan eta igande eta jaiegunetan 12:00tan. Bisita bakoitzeko 12 pertsonako taldeak osatuko dira eta ibilbidea egoki burutu ahal izateko oinetako egokiekin etortzea gomendatzen da. Getaria 1209-2009 proiektuaren eta bisita gidatuen inguruan gehiago jakiteko Getaria.info webgunea sortu dugu. Bertan aldez aurreko erreserbak egiteko aukera eskaintzen da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: