Teknologia albisteak

Ziurtagiriaren Elkartea, urtebete lanean

Erabiltzailearen aurpegia
komunikazio kabinetea - Ziurtagiriaren Elkartea
2008-06-17 : 10:06

Urtebete pasa da Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaren ardura hartu zuenetik. 1.516 enpresa eta 20.000 lagun baino gehiago ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean. 2012. urterako 1.500 ziurtagiri berri lortzea aurrikusten du Ziurtagiriaren Elkarteak egin duen estrategia planak.

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak urtebete honetan egin duten ibilbidearen eta datozen lau urteetarako diseinatu duten estrategia planaren berri eman zuen atzo Donostiako Hotel Londresen egindako agerraldian. Era berean, Arritxu Zelaia Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakariak ekainaren 19rako antolatu duten ekitaldia aurkeztu zuen.

Bai Euskarari Ziurtagiriak 7 urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, Kontseiluaren ekimenez joan den urteko ekainean Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren hitzetan, aldaketa “urrats kualitatibo garrantzitsua emateko” beharra zegoelako egin zen; “gestioa optimizatu nahi genuen”, azaldu du.

Urte honetan Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaritza datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen aritu da. Gutiérrezek urtebete honetan egindako lana laburbildu du: “Ziurtagiriaren diagnostiko bat egin dugu eta diagnostiko horretan oinarrituta datozen lau urteetarako erronka nagusiak zehazten dituen estrategia plana diseinatu dugu”. Estrategia planak 2012. urterako lortu nahi dituzten helburuak hiru ardatz nagusitan jasotzen ditu: Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea, Euskal Herrian erreferente izatea eta pertsonen gogobetetze maila areagotzea.

Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria baikor agertu da, eta datozen lau urteetan Ziurtagiria eskuratuko duten enpresa, saltoki eta era guztietako entitate kopurua ia bikoiztu egingo dutela esan du. “2012. urtea bitartean 1.500 entitate berrik baino gehiagok lortuko dutela Ziurtagiria aurrikusten dugu”.

Helburu hori lortzeko, industria poligono, teknologia nahiz kultur parke eta antzekoetan hedatzen joateko plan bat diseinatzen ari direla azaldu du Gutiérrezek. Era berean, “etengabeko hobekuntza” txertatuko dutela, “entitateen hizkuntza egoera hobetzen laguntzeko tresna eta baliabideei buruzko informazioa” emango dutela eta “itzartutako zerbitzua profesionaltasunez” emango dutela ziurtatu du.

Bai Euskarari Ziurtagiria gorako bidean
Bai Euskarari Ziurtagiria arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten duen proiektu estrategikoa da. Rober Gutiérrezen hitzetan, “proiektu profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena”.

Zortzi urteko ibilbide honetan Euskal Herri osoko 1.516 entitatek eskuratu dute. Horien artean daude, Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club Bilbao, Real Rociedad, Saski Baskonia, Miramon Kutxa Gunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café, Gaiker Fundazioa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Kalitatea Fundazioa, Vista Alegre Zezen Plaza, SkunkFunk...

Guztira, 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. 1.516 entitate horietatik 165ek “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila eskuratu dute, 508k “Zerbitzua euskaraz” eta 883 “Bidean” mailan daude.

Sektoreka, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak honela banatzen dira: %13, hau da, 194 enpresa industrialak dira; %37, 558, merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; %19, 289 Kultura, gizarte mugimendu eta kirolaren sailari dagozkio; %7, 112, hezkuntzari; %20, 310, zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira; %1, 17, administraziak eta alderdi politikoak; eta azkenik %2, 36, lehen sektoreari dagozkionak dira.

Ekitaldi nagusia
Prentsa agerraldia amaitu aurretik, Arritxu Zelaia Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakariak datorren ostegunerako, ekainak 19, antolatu duten ekitaldia aurkeztu du. Donostiako Kursaal jauregian egingo dute, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan, aurten Ziurtagiria lortu dutenek nolabaiteko errekonozimendua jasoko dute.

Arritxu Zelaiak Ziurtagiria eskuratu duten guztiei “euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu duten erantzukizuna eskertu eta euren ahalegina aitortzeko” ekitaldia izango dela adierazi du eta ordezkari guztiek Remigio Mendibururen artelan bana jasoko dutela aurreratu du.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago