Teknologia albisteak

Idazle kurduekin kantuan

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo - Euskal Pen Kluba
2008-06-16 : 09:06

Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazle kurdueie heriotza-zigorra ezarri diete. Irango Gobernuak Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazle kurduak urkatu ez ditzan xede harturik, Euskal PENek ekimen batzuk antolatu ditu 2008ko ekainean.

PRENTSAURREA: Ekainaren 16an, goizeko 10:30an, Bilboko Arana High Tech hotelean (Bidebarrieta 2) prentsa-gosaria idazle kurduen senideekin: Layla Hassanpour (Adnanen arreba) Kurdistanetik etorrria, eta Hadi Butimar (Hiwaren anaia), Ingalaterratik etorria. Itzultzailea: Rahim Kaderi.

KULTUR EKITALDIA: Ekainaren 16an, iluntzeko 20:00an, Bilboko Kafe Antzokian, kultur ekitaldia. Euskal PEN Idazluma 2008 emango zaie idazle kurduen senideei. Horretaz gain, musika eta poesia kurdua egongo da, euskal musikari eta poeten laguntzarekin. (ikus posterra)

AGERRALDIA VITORIA/GASTEIZko eta IRUÑEKO PARLAMENTUETAN: Ekainaren 17an agerraldia Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, Gasteizen. Ekainaren 18an agerraldia Nafarroako Parlamentuko Bizikidetasun eta Nazioarteko Elkartasuna Batzordean, Iruñean.

INFORMAZIO GEHIGARRIA

Urtero legez, Euskal PEN Klubak Idazluma eskainiko dio adierazpen askatasunaren aldeko lanagatik nabarmendu den idazle bati. Oraingo honetan, berriz, bi izango dira: Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazle kurduak. Biei heriotza-zigorra ezarri diete Iranen. PEN Idazluma-k ez du funts ekonomikorik baina, idazluma grabatua emanez, Euskal PENek azpimarratu eta gizarteratu nahi ditu idazleek adierazpen askatasunaren alde erakutsitako jarrerak. Orain arte Jose Mari Torrealdai (2005), Harold Pinter (2006) eta Juan Jose Agirrek (2007) jaso dute.

Ekitaldian Adnanen arreba den Layla Hassanpour eta Hiwaren anaia den Hadi Butimarrek jasoko dute idazluma eta, itzultzaile batek lagundurik, testigantza bana emango dute. Jarraian, Zinar Ala musikari kurduak herri horretako musika hurbilaraziko digu. Azkenik, Miren Agur Meabe idazle bizkaitarrak Nazand Begikhani poeta kurduaren poemak irakurriko ditu Asier Serrano idazle eta musikariaren laguntzaz. Horrezaz gain, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsotan arituko dira. Amaitutakoan aperitifa izango da. Egun bat geroago, asteartean, Layla Hassanpour-ek eta Hadi Butimar-ek testigantza emango dute Eusko Legebil-tzarrean. Egun horretan, Amnesty Inter-national-eko buruak ere, Irene Khan-ek ere hartuko du parte Legebiltzarrean.

Azken bi hilabeteetan Euskal PEN Klubak buru-belarri jardun du Legebil-tzarrean testigantza eman dezaten Layla Hassanpourrek eta Hadi Butimarrek.

Nazioarteko PENen iritziz, adierazpen askatasunaren eskubideari modu baketsuan heltzeagatik atxilotu zituzten Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar eta, beraz, eskatu du lehenbailehen aska ditzaten, Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren 19. artikuluari jarraiki, Iran-ek ere sinatu baitu.

Adnan HASSANPOUR

2007ko uztailaren 31n Irango apelazio epaitegi batek berretsi egin zuen hilaren 16an Adnan Hassanpour kazetari, idazle eta giza eskubideen aldeko ekintzailearen aurkako heriotza-zigorra. 2007ko urriaren 22an Auzitegi Nagusiak berriz ere berretsi zuen Irango apelazio epaitegiaren epaia. Euskal PEN oso arduratuta dago epaia edozein unetan exekutatzeko arriskua baitago.

Hassanpour 2007ko urtarrilaren 25ean atxilotu zuten Kurdistango Marivan herrian, eta ustez akusaziorik gabe inkomunikatuta egon zen Inteligentzia Ministerioko egoitzan egon zen martxoaren 26an Marivango espetxera eraman zuten arte. Ekainaren 12an Sanandaj hiriko Gorte Islamiko Iraultzailean epaitu zuten, abokatua bertan zela. Uztailaren 16an esan zioten heriotzara zigortu zutela espioitza eta Moharebeh (Jainkoaren etsai) izatea leporatuta. Uztailaren 31n apelazio gorteak epaia berretsi eta gero, Gorte Gorenak berrestea soilik falta da Adnan hil dezaten.

Hiwa BUTIMA

2006ko abenduaren 25ean atxilotu eta 2007ko uztailean heriotzazigorra ezarri zioten. Ekologiari buruzko gaietan aditua, Butimar kazetaria da eta, Adnanek bezala, herri kurduaren egoera salatu izan du hedabideetan. 29 urte ditu.

Zinar ALA

Kurdistango mendien eta Siriako Alepo hiriaren artean 29 urte bizi izan da, eta orain bi urtetik hona Ciudad Real-en bizi da (Espainian). Ekonomian lizentziatua, aktorea eta kantaria, 1999an atxilotua izan zen, Newroz kurdoen jaia ospatzeagatik.

Erantzun

Sartu