Teknologia albisteak

Kulturgileek ‘euskaraz bai’ abestu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2008-06-09 : 14:06

Euskal Kulturako hainbat pertsona ezagun elkartu dira Bilboko Liburu Azokan ‘Euskaraz bai’ era berezi batean esateko. “Idatzian, ahozkoan, antzezpenean edota sukaldean ‘euskaraz bai’ esaten badakigu, gainera esateko modu asko dauzkagu: poetikoa, dramatikoa, espontaneoa, goxoa…”, aurkeztu du ekitaldia Asier Hormaza aktoreak.

Hainbat izan dira ekitaldian parte hartu duten kulturgileak (aktoreak, idazleak, bertsolariak, kantariak eta musikariak) eta Kontseiluaren Batzar Nagusian 2007an adostutako ‘euskaraz bai’ adierazpenarekin bat egin dutenak: Itziar Ituño, Asier Hormaza, Andoni Agirregomezkorta, Mikel Losada, Aitor Mendiluze, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Igor Muniategi, Eneritz Artetxe, Jon Enbeita, Markos Untzeta, Amaia Zubiria, Hasier Rekondo, Gotzon Barandiaran, Ander Manterola, Joseba Apaolaza, Kandido Uranga, Edorta Jimenez.

Denak ezin izan dira gerturatu; beraz, asko eta askok beren atxikimendua webgunetik eman dute (www.kontseilu.org/euskarazbai ).
Idazleak: Jon Arretxe, Laura Mintegi, Ander Manterola, Aingero Epalza, Jokin Muñoz, Sonia Gonzalez, Tillardegi (Josu Luis Alvarez Enparantza), Fito Rodriguez.
Kantariak/ musikariak: Sugan taldea, Joan Mari Irigoien, Joseba Irazoki, Markos Untzetabarrenetxea, Benito Lertxundi, Txuma Murugarren, Mikel Markez
Idazleak eta bertsolariak: Jon Arretxe, Laura Mintegi, Ander Manterola, Aingero Epalza, Jokin Muñoz, Sonia Gonzalez, Tillardegi (Josu Luis Alvarez Enparantza), Fito Rodriguez, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Iñigo Olaetxea, Julen Zelaieta, Manex Agirre, Oihane Perez de Mendiola, Aitor Mendiluze,Unai Iturriaga, Ohiana Bartra, Amaia Agirre, Ibai Esoain, Alaitz Rekondo, Enaitz Alustiza, Uxue Alberdi, Joan Mari Juaristi, Bittor Elizaguren, Jose Juan Zubieta Portu ‘Etxabe’, Jokin Sorozabal

‘Euskaraz bai’ leloarekin esan nahi denari musika eta poesia Amaia Zubiriak jarri dio. Bestetik, bat-bateko freskotasuna, erritmoa eta errima, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballesk ipini diote. Bukatzeko, idazle baten hitzak izan dira, hain zuzen ere, Edorta Jimenezenak euskararen alde.

Ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusia ere mintzatu da: “Gu ere artistak, euskara erabiltzeko aukerak irekitzen, batzuetan malabarista edota funanbulista”. Xabier Mendigurenek ‘Euskaraz bai adierazpena’ren esanahia azaldu du: “Denok egiten dugu euskararen normalizazioan lan, idatziz, hitzez, musikaz edo ekintzez. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dugu eta etorkizuna behar duelako hartzen dugu geure aldarrikapen gisa”.

Era berean, Kontseiluko idazkari nagusiak urteotan egindako lana aipatu du: “Lana egin du, euskaraz bizitzea delako gure aukera. Euskalgintzan ari garen lagunok lanerako ilusioa eta grina dugula berresten dugu adierazpen honekin, euskaraz bai esanez”.


Babesak

Euskararen Gizarte Erakundeek ‘euskaraz bai’ adierazpenaren atxikimendu kanpainaren laugarren agerraldia egin du. Kontseiluak jendartean ‘euskaraz bai’ esan eta egiteko proposamena zabaltzen ari da adierazpen honen bidez. Dagoeneko Kontseiluko sortzaileek, euskal kirolariek eta sindikatuek eman dute beren babesa. “Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu nahi ditugu, geure bizitza euskaraz normaltasunez egin ahal izateko, hizkuntzari esparruak garatu eta zabaldu nahi dizkiogu”, azaldu du idazkari nagusiak.

Era berean, edozein herritarrek atxikimendua emateko bidea azaldu dute; norbanakoen datuak Kontseiluko webgunean ematea besterik ez dago, hain zuzen ere www.kontseilua.org/euskarazbai helbidean.

Abenduaren 13an BECen
Halaber, 10. urteurreneko azken ekitaldirako data gogorarazi dute. Abenduaren 13an hitzordua jarri du Kontseiluak Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Halaber, data gordetzeko eskaera egin die euskal kulturako ordezkariei. “ ‘Euskaraz bai’ eginez euskararen normalizazioa posible da, eta posible dela irudikatuko dugu abenduaren 13an egingo dugun ekitaldi nagusian”, azaldu du Mendigurenek.

10 urte bidea irekitzen
10 urteotan egindako lana azaltzeko erakusketa ibiltaria jarri du martxan Kontseiluak. Bertan, urterik urte zabaldu dituen bideak azaltzen dira. “Kontseilua 10 urte bidea irekitzen” erakusketa orain Iruñean da eta ekainaren 9tik 13ra Seguran izango da, ondoren, ekainaren 14an Azpeitira joango da eta 16tik 20ra Bergarara.


Bukatzeko, eskerrak eman dizkio Kontseiluak Euskal Editoreen Elkarteari, Liburu Azokaren testuinguruan ekitaldia egitekoa aukera emateagatik.

Erantzun

Sartu