Teknologia albisteak

'Zumaia, izena eta izana' liburua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Zumaiako Udaleko prentsa-kabineta - Zumaiako Udala
2008-06-06 : 13:06

Ekainaren 5ean aurkeztu dute Zumaiako Foronda kultur etxean Zumaia, izena eta izana liburua, Imanol Azkuek idatzitakoa. Zumaiako leku-izenak oinarritzat hartuta, helburu didaktikoa duen liburua da; argazki ugariz edertuta, herriko hainbat historia, istorio, bitxikeria eta pasadizo ere jasotzen ditu. Horrela, liburuak Toponimiaren muga gainditu eta beste dimentsio bat du, izenez gain, Zumaia edo zumaiarren izana hobeto ulertzen lagun lezakeena.

Aurkezpenean izan ziren, egileaz gain, Andoni Etxaniz alkateordea, liburua argitaratu duen Zumaiako Udalaren izenean, eta Roberto Gutierrez, liburuaren diseinuaz eta maketazioaz arduratu dena. Liburua Foronda kultur etxean edota Turismo Bulegoan eskura daiteke, 12 €-an.

Liburua atalka dago antolatuta. Zumaia bere osotasunean hartu eta zirkulu zentrokide modukoak osatu dira, erdi erdian Goiko kalea dela; inguruko zirkuluetan, berriz, herriguneko kaleak, auzoak, kanpoaldea, mugak, harraldea eta itsasoa daude. Liburua, azken batean, kanpotik barrurako bidaia da: itsasotik abiatuta herriaren erdigunera. Atal bakoitzak bere izaera dauka, bai edukietan, bai antolaeran, eta informazioa hiru arlotan banatu da:

• Testua da liburuaren mamia, leku izenak eta horien gaineko azalpenak ematen dituena. Toponimoak beltzago adierazita daude, errazago identifikatzeko, eta guztiak atzealdeko zerrendan daude jasota, alfabetikoki. Guztira, 1.200etik gora leku izen daude.

• Argazkiei dagokienez, testuaren lagungarriak dira, idatziz emandakoa irudi bidez ulergarriago egiteko aukeratuak eta jarriak. Guztira 400 argazki inguru daude, zaharrak eta berriak, Zumaiako leku eta txoko asko jasotzen dituztenak.

• Atal bakoitzaren amaieran informazio osagarria dago jasota, atalarekin zerikusia daukan zerbait, atala hobeto ulertzeko. Denetarik dago: lehengo ohiturak edo ofizioak, testigantzak, pertsonen biografiak…

Transmisioa oso hitz egokia da liburuaren xedea azaltzeko. Oro har adineko pertsonei galdezka jardutea funtsezko lana izan da, jasotakoa landu eta gehienbat gazteagoei eskaintzeko, nolabait altxor hori transmititzeko. Herriarengandik jasotako ondasuna herriaren esku utzi nahi izan da. Egileak ideia hori izan du buruan liburua idazteko orduan: “zumaiarrek zer jakin beharko lukete Zumaiaz, Zumaiako lekuez?”. Zerbait praktikoa egin nahi izan du egileak, erakargarria, baliagarria. Ez da historia-liburua, baina herriko hainbat istorio eder biltzen ditu, han eta hemen sakabanatuta zeudenak; ez dira pertsonaia ospetsuenak azaltzen, baina herrian oso ezagunak izan diren pertsona batzuen bizimodua, gertakizunak edo ofizioak jasotzen dira, Zumaia eta zumaiarrak hobeto ulertzeko. Izan ere, lekuak nekez uler daitezke ondoan bizi diren zumaiarrik gabe, haiek ematen diotelako izena eta izana.

Lan hau zumaiarrentzat eginiko lana da, batez ere, eta zumaiarrek egina, gainera. Udalaren beka bati esker, 2004an eta 2005ean Xabier eta Imanol Azkue Zumaiako toponimoak biltzen aritu ziren, artxiboak arakatu eta 35 lagun elkarrizketatuta, eta lan hartan du liburu honek oinarria. Leku-izenak biltzea bezain garrantzitsua da, ordea, herritarrei ezagutaraztea, eta xede hori izan zuen 2007ko ekainean aurkeztutako mapa toponimikoak ere. Helburu horren erakusgarri dira, era berean, 2007an hasita Baleike aldizkarian argitaratu dituzten ibilbide toponimikoak, Txokorik txoko atalean jasotakoak. Etorkizunean ere, Zumaiako Udala ahaleginduko da leku-izenak berreskuratzeko ekimen gehiago antolatu eta bultzatzen.

Erantzun

Sartu