Teknologia albisteak

Kronika: Euskal Herrria hiru nafar euskaltzaleren ikuspuntutik

Erabiltzailearen aurpegia
Ibon "Olagarro" Gaztanbide
2008-05-20 : 10:05

Aurreko ostegunean Euskal Herria Nafar euskaltzaleen ikuspegitik izena zuen mahaingurua antolatu zuten Sabino Arana fundazioak eta Tuterako Nafarren Etxeak, Udalbiderekin batera. Hona kronikatxoa.

Epelak entzun genituen “Euskal Herria Nafar Euskaltzaleen ikuspegitik” aditzera hurbildu ginenok, 100 bat lagun, gutxiago beharbada: kazetari, editore, ilustratzaile, bertsolari, mediku, idazle, politikari eta baita gizarte zibila ere.

Aingeru Epaltza, Xabier Zabaltza eta Santiago Leoné, hurrenez hurren “Bezperaren bezpera”, “Gu, nafarrok” eta “Euskal Herri imaginario baten alde” liburuen egileak, bildu zituzten Sabino Arana fundazioak eta Tuterako Nafarren Etxeak, Udalbiderekin elkarlanean, mahaingurura.

Fernando Mikelarena historialariak, aurkezpen lanetan, liburuok “euskal kulturaz, abertzaletasun ortodoxoaren gabeziez edo eusko-esentzialismoz planteatzen dituzten begirada berritzaile eta eszeptikoak” nabarmendu zituen. Eta guztiz bat nator. Esana dut liburuak erosiak ditudala, eta interes handia neukan idazleen mintzoa entzuteko. (Irakurria dut Epaltzarena, zoragarri, Zabaltzarena irensten ari naiz, hitzaldia entzun ondoren, eta Leonerenean bakarrik Zaldieroaren marrazkiak irakurtzeko betarik izan dut, oraingoz).

Zabaltza

Hitza hartzen lehena Xabier Zabaltza (Tutera, 1966) izan zen. Euskarak Nafarroan bizi duen “diglosiaz” mintzatu zen, “hizkuntzak eta lurraldeak talka egiten duten eremua, konplexua, anitza”.

Euskararen galerari klase sozialaren faktorea erantsi dio. Gizartearen gehiengoa alfabetatu gabekoa zenean, XVI eta XVIIgarren mendeetan, Nafarroako Gorteen 20 tomoetan, eta hogeiak ditu ikertuak Zabaltzak, “hiru baizik ez dira euskaraz agertzen diren dokumentuak”. Klase dirigentea, nobleak, beti gaztelaniaz mintzatu direlako. Lingua Navarrorum 1167ko dokumentu bakar batean agertzen da. Nafar erromantzeaz ari zen.

“Historia iragana da, eta hizkuntza oraina eta euskal abertzaletasunak atzera begira jarraitzen du”, Zabaltzaren iritziz: “ezin gara historiaren morroi izan”. “Gu, nafarrok” liburuan idatzia du Zabaltzak “Iparragirreren euskaltzaletasuna aldarrikatzen duela, eta espresuki Sabino Aranarena errefusatzen”. Horrexegatik nabarmentzekoa iruditzen zait Sabino Arana fundazioak halako pentsalari bat gonbidatzea, “autokritika bat egin behar dizut” zioen kamarada ekarri bait zidan gogora.

Iritzi dio Zabaltzak “liburuxkan” “euskaraz, gainera, askatasun handiagoa dagoela politikoki ez zuzenak diren zenbait ideia plazaratzeko”. Eta duda azaltzen: “Ez dakit ausartuko nintzen hemen bota ditudanak erdaraz botatzera”. Epaltzak ere berdin iritzi dio. “Euskaraz ala, erdaraz bertzela”. Horrexegatik zalantza, zeren eta irakurri ahala, pentsatzen nuelako gaztelaniazko itzulpena fundamentala litzakela.

Leoné

Mintzatzen bigarrena Santiago Leoné (Iruñea, 1972) izan zen. Santi. “Zer da aleman izatea? Eta euskalduna?” Navarristek nafartasunaren esentziak Nafarroko Erdi Aroan aurkitzen saiatu dira. Eta Euskalduntasunaren esentziak Erdi Aroan ibiltzen egoteak, mimetismoz, navarristek egin gisara, akatsa dela uste du Leonék: “Nafar Estatua izan bada ez da, inondik inora, batzuek ikusten duten Euskal Estatua izan”.

“Galerazi digu beste gauza askotan begiak jartzea: elizaren eragina, edo komunikabideeena, kasu”, Opus Dei eta Diario de Navarra aipatu ez baditu ere. Paradoxikoki ordea, “Euskal Herria deusestatzeko Del Burgok, adibidez, vaskoak eta navarroak elkartu ditu”.

Epaltza

Hitza hartzen hirugarrena, Aingeru Epaltza (Iruñea, 1950). “Handia naizelarik zuk bezala idatzi nahi dut” aitortu diot, eskua luzatu diodala, eta erantsi bere liburuan botatzen dituen hainbat iradokizunekin bat natorrela, guztiekin ez bada. “Liburuan idazten ditudanez mintzatuko naiz” aitortu dit solasaldia hasi aitzin.

“Bezperaren bezperaren bezperaren bezperan gaude” Irlandako Bake Prozesua etsipenez jaio baitzen, nekeaz. Epaltza beldur da Euskal Herrira ere bakea nekez helduko dela, edo nekeaz ez ote den helduko. Gure seme-alabek, gure ilobek izanen dute zer mintza, tamalez.

“Zerk bultzatzen gaitu, galdetzen dio Epaltzak abertzaleari “Lehen Munduko parte izanik, gure bazka, gure loa, gure osasuna eta hezkuntza, eta Zarautzera, Pirineotara edo New Yorkera ere oporroladira joaten garela, zerk bultzatzen gaitu gure “estatutxoa” eraikitzeko gogoari?" “Abertzale askori arrotz zaio Nafarroa. Edo Gobernuz Kanpoko Erakundearen sindromeak jota, miserian daudenei izaten zaien errukiarekin hartzen gaituzte. Baina Hernani eta Fontellas berdin ez badira, Barakaldo eta Tutera ez dira akaso horren ezberdinak”.

“Bozkek eman ez zigutena mobilizazioak emanen digu. Horra ezker abertzaleak duela hogeitamar urte hartutako autua. Eta horrela darraigu, mobilizatzen”, Franko hil zeneko garaietatik, de victoria en victoria hasta la derrota final. Edo alderantziz al da?

“ETA desagertzen ez den bitartean.gizartearen zati handi bat izanen dugu aurka. Eta bortizkeria politikoaren orbanak, kontuz, ez dira biharamunean desagertuko. Nork baino ETAk bihurtu zuen martiri Ollarra?” “Navarra será Euskalerria, pero jamás Euzkadi”. “Horretan oso jeltzalea izan da beti Ollarra, irribarrez bota du Epaltzak. “Orain ezta hori ere ez du idazten Diario de Navarrako zuzendari ohiak, ezta askok pentsatzen ere”. “Navarra, alerta, Euskadi es la ETA” kontsigna ekarri du.

Tomás Caballerokin gogoratu nintzen: “XXIgarren mendeko euskaldunok” egin zuten modura, Iruñeko Udalera Ikurriña igo zuen lehendabiziko zinegotziarekin, Jaso Ikastolako lehen harria jartzen izan zen zinegotziarekin, ETAk 1998 maiatzean hil zuen Unión del Pueblo Navarroko zinegotziarekin. “ETArengatik ez balitz ez nintzen presindente izanen”. Miguel Sanzek aitortua, El Paísen. “Gure gerra koxkor edo gataxkaren” ondorioak, I suppose, Iñaki Segurola gogoan.

“Abertzaletasunak Nafarroan iraunen badu, abertzale ez direnekin akordiak lortzeko gaitasuna izan beharko du”. “Simetria”. Nafar euskaldunok eraiki nahiko genuke auzoari ez zaio bide ematen “hirurak baten”.

Amaieran

Galderak idatziz egin behar izan ziren, batzuen amorru eta kexarako, eta nik neuk ez nien galdetu nahi izan hizlariei Sustatun piztutako polemikaz, Txentxoren oporraldia dela kausa. Ez nuen gogorik, eta garagardo bat hartzeko premian sentitu nintzen. Eta Sabino Arana fundaziokoek baita gonbidatu ere. Eskerrik asko.

Gordinak entzun genituen, bai. Baina egiak libreago egiten gaituelakoan nago. Eta horri hobe iritzi diot imaginarium abertzale antzu batean bizitzea baino, naiz eta, Mikel Bujandak, Zabaltzaren liburua gogora ekarriz, komentatu didan:“abertzaletasun orok duen bere imaginarioa”. “Nafarroako bandera, adibidez, ikurriña baina beranduago asmatua da”.

Eta ezin kronika amaitu, prefosta, hiru liburuak irakurtzeko gomendioarekin ez bada.

Ibon “Olagarro” Gaztanbide

Erantzun

Sartu