Hik Hasi Euskal Heziketarako egitasmoak, bederatzigarren urtez antolatu ditu udako topaketa pedagogikoak EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin batera. Uztailaren 1, 2 eta 3an gaurkotasun handia duten gaiei buruzko 35 ikastaro egin ahal izango dira euskaraz, Donostiako Ibaetako Kanpusean.
Hezkuntza gaiei buruzko 35 ikastaro eskainiko dira aurten, denak euskaraz (32 ikastaro euskara hutsean eta beste 3 euskaraz eta gaztelaniaz).Ikastaroak goizeko 9.00etatik 14.00ak bitartean izango dira. Besteak beste, Imanol Urbietaren lan pedagogikoa, balioen heziketarako ardatzak, hezkidetza gida, bizikidetza, suizidioa, gurasoekiko seme-alaben bortizkeria, hezitzaile-profila, ahozkotasuna, euskal kultura, euskal zibilizazioa, adimen emozionala, coaching, HUHEZIko Hazitegi haur hezkuntzako proiektua, irakurzaletasuna, Informatika ikastaro anitz, biodantza, karaokeen sorkuntza, psikomotrizitatea, haurrentzako kantu eta jolasak, antzerkia edota marrazketa ikastaroa... Ikastaroak bereziki hezkuntzan lanean edota ikasten diharduten kideei zuzendurik daude, baina irekiak dira edonorentzat.
Arratsaldeetan saio irekiak eskainiko dira parte hartu nahi duen edonorentzat, arratsaldeko 16.00etan hasita. Uztailak 1 asteartean, Modu dibertigarrian erromeri dantzak ikasteko eta dantzatzeko saio librea izango da, AIKO taldearen eskutik. Asteazkenean ostera, heziketa ikuspegitik antzerkia lantzen dutenen arteko topaketa irekia egin nahi da eta bertan izango dira besteak beste Joserra Fachado eta Jose Mari Agirretxe (Porrotx).
Matrikula epea zabalik dago maiatzaren 30 arte, eta kopuru mugatuko ikastaroetan lehenengo izena ematen dutenek izango dute lehentasuna. Prezio bereziak dituzte norbanako harpide, langabetu eta ikasleek. Kuxkuxeatu gehiago www.hikhasi.com web atarian.
Erantzun
Sartu