Gramatika Bideetan liburuaren 30. urteurrena dela eta
2008-05-13 10:05
Aurten hogeita hamar urte betetzen dira Patxi Goenagak Gramatika Bideetan liburuaren lehen argitalpena kaleratu zuela, gramatikazale eta ikertzaile belaunaldi oso batentzat giltzarri gertatu zen liburua. Berau ospatzeko eta egileak 60 urte bete berriak dituela ospatzeko, ostegun honetan, maiatzaren 15ean, ekitaldi berezia antolatu da Gasteizko Filologia eta Geografia-Historia fakultatean.
Gramatika Bideetan liburuak mugarri berezia ipini zuen euskal hizkuntzalaritzan: batetik, hura N. Chomskyren gramatika sortzailearen eredura egindako euskararen lehen deskribapen eta azterketa sistematikoa izan zen, baina, bestetik, frankismoaren ondoren euskal sintaxiaz euskaraz idatzitako lehen goi-mailako gramatika ere izan zen. Are gehiago, garai hartako, eta geroko, euskalduntze eta eskolatze sisteman eragin handia eduki zuen liburuak. Liburua egiazko best-seller izatera ere heldu zen, Bilboko Galería del Libro liburudendak euskarazko libururik salduena izatearren emandako Urrezko Lauburua lekuko. Garai bereziak ziren Euskal Herrian, noski, baina seguruenera gutxitan ikusi da gramatikako lan bikain baten eta gizartearen arteko hain harreman estua eta berehalakoa. Orduko ekarpen hori eta Patxi Goenagaren beraren etengabeko irakasle eta ikertzaile lana ohoratu eta eskertzeko, osteguneko ekitaldi ireki honetara etortzera gonbidatzen ditugu euskaltzale eta gramatikazale guztiak.
Erantzunak kargatzen...