Sustatu logoa Teknologia albisteak

Txentxo, Txentxo, non zaude Txentxo?

Sustatu
2008-05-09 11:05

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko legebiltzarkidea (Aralarkoa) Himalayan dago oporretan eta horregatik ez du aurrera egin Euskararen Legearen aldaketa, eremu mistoa hedatzeko udalerri batzuetan. Beste aukera bat egongo omen da, diotenez, baina bitartean, umorez hartu dute batzuek Interneten bederen.

Umore horren adibide bikain bi:

  • Zaldi Eroak zuzi olinpikoaren ibilbidearekin lotu du gaia, Everestera eraman dutela-eta txinatarrek.
  • Langostinos y Lentejas blog nafarrean, egilea Espainiako 20. mendeko film ezagunenetako batekin gogoratu da, La Gran Familia, Alberto Closas eta Pepe Isbert aktoreekin (besteak beste). Senide mordoa dituen familia frankista hartan txikiena, Chencho, galdu egin zitzaien Eguberrietan, eta eszena hori gogora dezakegu blogean.

Albistea Berrian, eta Aralarren webgunean, barkamen eskaera.

Nafarroako Parlamentuaren webgunean, ganbera horren araudia aurkitu dugu. Parlamentuaren jardunak bi etenaldi ditu urtero, urtarrilean, uztailean eta abuztuan, ez dago lanik, organo iraunkorrena ez bada. Legebiltzarkide batzuei organo iraunkorretan egotea ere tokatzen zaie, baina suposatzen dugu horretan ere txandak izango direla, ez dela egongo ordezkaririk 12 hilabeteak lanegun gisa markatuak dituenik.

Guri, Sustatun duela urte batzuk argitaratu genuena ere gogoratu digu: Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren urte osorako aurrekontuak onartu zituen, Jaime Mayor Oreja berandu iritsi zelako Legebiltzarrera.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu