Teknologia albisteak

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria abian

Erabiltzailearen aurpegia
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza - Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
2008-05-08 : 16:05

45 erakundek eskatu dute Bikain Ebaluazioa 2008an eta 120 lagunek hartu dute parte Bikain Ebaluatzaile izateko prestakuntza-saioetan. Eusko Jaurlaritzak eta BIKAIN kudeaketa organoek zituzten aurreikuspenak bete eta gainditu egin dira. BIKAIN kudeaketa organoetan -Artezkaritzako Kontseiluan eta Kudeaketa Batzorde Eragilean- Eusko Jaurlaritzak, Euskalitek, hiru foru aldundiek, EUDELek, EAEko enpresarien elkarteek eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak parte hartzen dute.

Euskararen presentzia erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko Bikain ekimenak lehen ezarpen-urtea duen honetan, 45 izan dira ebaluatuak izateko eskaria luzatu duten enpresak nahiz erakundeak.
Geroztik, eta aurrez finkatu eta jakinarazitako irizpideak aplikatu ondoren, 30 izan dira aurten ebaluatzeko aukeratu diren erakundeak. Hauen perfilari dagokionez, 8 industria-sektorekoak dira, eta 22, berriz, zerbitzu-sektorekoak.
Hortaz, eta Bikain kronograman ezarritako hurrenkerari jarraiki, maiatzean barrena erakunde hauek beren Aurretxostena landuko dute batetik, eta bestetik ebaluatzaileen taldeak eratzen hasiko da Idazkaritza Teknikoa.
Talde ebaluatzaileak eratzeko garaian, bereziki baloratuko da prestakuntza-ikastaroan egindako lana, jarrera, ebaluatuko den erakundearen sektorearen ezagutza eta kanpo-ebaluazioetan eskarmentua.

Harrera ezin hobea izan dute Bikain Ebaluatzaile izateko antolatu diren bi prestakuntza-saioek: guztira 120 lagunek hartu dute parte Miramonen eta Derion apirilaren 14an eta 22an egin diren egun osoko saioetan.
Kopuruz ez-ezik, lan-jatorriz ere ugaria eta aberatsa izan da ikastaro hauetara bildu den profesionalen taldea, eta euskararen normalizazioari lotutako ohiko esparru profesionalez gain, bestelako jatorri profesionaletako lagunekin elkartu eta iritziak trukatzeko aukera ona izan da.
Idazkaritza Teknikoak goraipatu egin du parte hartu duten lagunek egindako lana, dela ikastaroaren aurretik, dela ikastaroan bertan, dela ikastaroaren ondoren; izan ere, ikastaroak eskatu duen ahalegina eta prestasuna ohargarriak izan baitira, baina aldi berean ezinbestekoak Bikain bezalako lantegi batek ezinbestekoa duen enfoke praktikoa izango bazuen.
Ikastaroaren balorazioari dagokionez, asetasun-inkestako datuen argitan ikastaroaren balorazio orokorra oso ona da, 8koa hain zuzen, oraingoz jasotako datuen arabera.

Erantzun

Sartu