Teknologia albisteak
8

Henrike Knörr eta Iruña Oka (Veleia)

Erabiltzailearen aurpegia
Koldo Urrutia - Euskararen jatorriaren biltzarra
2008-05-06 : 11:05

Filologoa eta euskaltzaina hil zaigu. Iruña Okako aurkikuntzei dagokiolarik ez da aseptikoa izan, maitasunak eta afektibitateak zuzendu du bere jarrera eta uste dut euskaldun askoren ordezkari bilakatu dela. Beti defendatu du azaldutako euskarazko hitzen jatortasuna eta aintzinatasuna, arkeologoek emandako informazioen arabera, eta aurkakoa demostratzen ez den bitartean.

Bere ahotik zuzenean entzun izan genuen eta egunkari zaharretan irakur daiteke adibidez, zenbat poztu zen Eliseo Gil-ek Iruña Okako indusketen zuzendariak, hots egin zionean esanez duela 1.700 urteko euskarazko hitzak azaldu zirela ostroketan (zeramika puskak grabatuak) eta ez zuen bere urduritasuna ezkutatzen aurkikuntzak zuen garrantziarekin. Zer poza hartuko zukeen Mitxelena jaunak aurkikuntzen berri izan balu.

Eszeptikoen aurrean aurpegia eman du askotan, oldarkor batzutan esanez adibidez, eszeptikoek irentsi beharko zituztela zalantza guztiak, giro eszeptiko orokor batean murgilduta, euskal filologoen artean ere. Egia esan ez gaude ohituta euskal zientifiko, intelektual eta euskaltzain baten aldetik antzeko jarrera ausartik ikusten eta eskertzekoa izan da.

Ez dut ahaztu nahi bere ahotik zuzenean entzundako hitzak sortu zidaten zirrara, bere hitzaldi batean esan zuenean “Iruña Okan azaldu zirela hedabideetan argitaratutako hitzez gain, duela 1.700 urteko hirurogeita hamar bat esaldi motz (jan edan lo) eta ehun luze bat hitz euskaraz. Bakarrik bi eraikin arakatu omen dituztela Iruña Okako indusketetan eta zalantzarik ez izateko askoz ere euskal hitz gehiago azalduko zirela”.

Jende asko dago munduan bost ehun hitz baino gutxiago erabiltzen duenik, nahiz eta gehiago ulertzen duen; duela hamazazpi mendeko berrehun hitzetako zerrenda izan daiteke konparatzeko, Julio Zesar enperadorearen euskara-latina hiztegia eta gogora datorkidan galdera da ea, faltsifikatzekotan duela 1.700 urteko hiztegi oso bat manipulatu ote duten?.

Duela 1.700 urteko Iruña Oka azaleraz eta biztanlez duela berrehun urteko Donostiaren antzekoa da, harresi eta guzti, gaur egungo Donostiako alde zaharra ezaguna alegia, jakina baita Boulevardean zegoela Donostiako harresi zaharra, eta zenbat euskal dokumentu dauzkagu Donostian duela berrehun urtekoak?. Aipatzerako Humbolt-ek duela berrehun urteko bere “Euskaldunak” liburuan aipatzen dituen zailtasunak euskal hiztegi bat bilatzeko.

Iruña Okako aurkikuntzen aurkako eszeptikoen kritikak areagotu eta deskalifikazio pertsonaletara igaro zirenean, zalantzan jarriz ikertzaileen ohore pertsonala ere, Henrike Knörr-en jarrera ere gardena eta ausarta izan zen, eta bera izan zen euskal filologo bakarra Veleiako komunikatua sinatu zuena ikertzaile taldearekin batera, non ozenki esaten den besteen artean,”Iruña Okako ostrakak erromatar garaikoak direla, bere garaiko beste milaka ebidentziekin batera azaltzen direla, erromatar garaiko geruzetan azaldu direla eta zigilatzen dituzten beste erromatar garaiko geruzen azpian”.

Aurten Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen batzorde zientifikoa izendatzea Iruña Okako aurkikuntzak egiaztatzeko eta bertan nola ez, Henrike Knörr izendatua izan zen eta askok gure ordezkari bezala sentitzen genuen eta bere heriotzarekin umezurtz utzi gaitu eta eskertu nahi diogu bere jarrera maitakorra eta ausarta.

Euskararen jatorriaren biltzarreko partaideak, batzutan ez gara bat etorri Knörr jaunaren iritziekin, gure biltzarretako ponentzietan irakur daitezke iberikoa eta euskararen harremanak defendatzen dituzten autoreak, berak deitoratzen zituenak, nahiz eta tradizio luzea izan Larramendi, Astarloa, Humbolt, Tovar, Krutwig... batzuk aipatzeagatik. Irakur daitezke ere euskararen aintzinatasuna eta mintzatzen zen azalera handia defendatzen dituztenen iritziak, atzerritarrak batzuk Humbolt-en eskolaren jarraitzaileak Bengtson, Vennemann, Openheimer eta euskaldunak besteak Krutwig, Mujika, Kapanaga, Naberan, Zubiaga eta Lizarduikoa.

Ikusirik lekuaren potentziala eta garrantzia, eskatu genuen ere Iruña Okako induskatzeko arkeologi plangintza orokorra, 10-15 bat urtetan bermatzeko aurreikusi daitezkeen aurkikuntza zoragarriak, euskararen historia alda dezaketenak esate baterako, duela bi mila urteko mila hitzetako euskal hiztegia.

Iruña Okako Batzorde zientifikoa antolatu aurretik, eskatu genuen ere, atzerrira zabaldu behar zela nazioarteko adituak bertan sartuz, ez da gutxiesten dugulako Euskal Herriko unibertsitateko aditurik inolaz ere, baizik eta, zalantzarik ez dugulako Iruña Okako indusketek euskararen unibertsaltasuna dutela bere baitan eta nazioarteko batzorde zientifiko batek, sinesgarritasun eta zabalkunde gehiago bermatzen duelako munduan.

Tamalez Henrike Knörr-en heriotza tristeak debate hauek zabaltzen ditu berriro, Batzorde zientifikoan ordezkatu behar delako, eta eskatzen dugu gure iritziak gogoan izatea, kontuan harturik orain arte ematen zuela dirurik ez zegoela, baina gaur egun onartuak daudela 6,3 milioi euro Iruña Okako harresiak berreraikitzeko.

Maiatzaren 17an ospatuko da Euskararen jatorriaren 3. biltzarra Iruña Okan eta bertan Patxi Alaña jaunak emango digu gaur egungo indusketen egoeraren berri eta zalantzarik ez daukat Henrike Knörr jaunaren jarrera eta eskertzeko lana aipagai izango direla. Senideei dolumin sentikorrenak emanez, gonbidatzen zaituztegu 3. biltzarrera.

Euskararen jatorriaren biltzarra.
http://www.blogari.net/euskjatorria
http://www.euskararenjatorria.eu

euskararenjatorria@gmail.com Tel. 946 004101

Erantzunak

Iñigo
2008-05-06 : 13:53

Noizko egongo dira herriaren ikusgarri euskarazko hitz edo esaldi horiek, eta euron azterketa filologiko formala? Zer dela-eta hainbestelako sekretismoa?

zaldieroa
2008-05-06 : 18:24

Iruña okarena sekretismoan ezkutatutako gaia da. Egia esan gutxi esan dezakegu ezagutzera eman ez dituzten gauzei buruz. Dena den ezagutzera emandako gauzak nahiko susmagarriak dira. "Muy interesante" aldizkaritik ateratako erromatarren garaiko lau topikazo ematen dute. Euskararenak barne.



Ea informazio guztia eskura jartzen duten behingoz!!

Datuen bahitzaileetaz piska bat aspertua nago....

euskaldun bat
2008-05-07 : 00:54

Ez nekien minbizia zuenik (gehienok bezala) eta egia esateko, ikusirik Iruña Okako aurkikuntzen inguruan dagoen giroa, entzun nuenean zendu zela gaizki pentsatu nuen, eta ez naiz bakarra izango. Orain azken urtetako beste irakurketa bat egiten dut, heriotza gertu zuela dakien euskaldun baten testigantzak bezala hartzen ditut bere hitzaldiak, elkarrizketak, artikuluak, manifestuaren sinadura eta batzorde zientifikoan parte hartzea. Pelikula beste modu batean ikuste dut, eta bere testigantza askoz ere sinesgarriagoa.

Juan Martin
2008-05-08 : 12:21

Veleiakoaren harira, atzo hitz egin genuen tabernan indusketa taldearekin erlazio zuzena izateaz gain, materialak eta hauek agertu diren bi lekuak ezagutzen dituen lagun batekin. Ezagunak zituen gaiari buruzko zalantzak eta duela urtebete-edo unibertsitateko bi doktorek (euskararen historian txit jakintsua bata, eta testu zeltiberiar eta akitaniarretan bestea) argitaratu zuten artikulua, ia-ia iruzurtzat joz aurkikuntza. Eta baita jeroglifiko egipziarrez eta kalbarioaz beste batzuek esandakoak.

Sutan jarri zen: “Hori dioenak bere burua deskalifikatzen du, guztiz desprestigiatuta geratuko da, ikusiko duzu. Indusketak zehaztasun eta berme guztiekin egin dira, eta INPOSIBLEA da fraudea.” Estratigrafia, patinak eta beste hainbat termino aipatu zituen. “Zer argudio dute zalantzan jartzeko: ez direla ezkontzen aurrez duten eskemarekin? Mitxelenaren teoriekin edo auskalo zerekin? “Contra facta non valent argumenta”. Mundua ere laua zen eta dena bere inguruan zebilen, Galileok besterik demostratu zuen arte. Bat baino gehiago erre zuten hori esateagatik.”

Eta honako honek ere, Hendrikek bezala (agur eta ohore), pentsatzen du benetakoak direla. Eta norbait ezetzean badago…



Mila bostehuni benetakoak baietz!!! (Eurotan)



Xaldix
2008-05-09 : 02:01

Goian bego Henrike Knörr jauna.



Euki! Nik kanpotik begiratuta eta handik eta hemendik entzundakotik hauxe ateratzen dut: dena sobera susmagarria da, eta sobera harrigarria da. Eta iruditzen zait zuhurrena oraingoz deus ez sinestea dela. Baina hainbeste idatzi da dagoeneko, eta ez dakigu deus. Kanpotik begira dagoen baten eszeptizismotik atera ditut puntu hauek, nahiz eta egia badira kontu guziak ikaragarri poztuko naizen:



1. Urte horretako euskarazko hitzak agertzea. (Nahiz jakin garai hartan euskaldunak izanen zirela; besterik gabe horiek agertu izana hutsa harrigarria da).

2. Euskarazko agertu diren hitz gehiago ez argitaratzea.

3. Aipatzen zuten uste baino kristautze goiztiarrago hori (nik ez dut deus entenditzen, baina nonbait harrigarria da hori ere).

4. Geroglifikoak agertzearena.

5. Nefertitiren asunto hori.

6. Multikulturaltasun harrigarri hori.

7. Agertutako hitzak filologoen eskemarekin ez bat etortzea.



Nire galdera inuxenteak: ez daitezke harri kozkor horiek erromatar garaikoak eta inskripzioak beranduagokoak izan? Ez ote dago interes sobera kontrakoa pentsatzeko??



Bestalde, Mitxelenaren teoriak ez dira auskalo noren teoriak. Hitzen kontu hori berresteko egonen dela pentsatzen dut, baina nik ez dut uste zientziak (alegia arkeologia eta filologia) kontrajarrita egongo direnik, eta iruditzen zait dena informazio faltaren eta ikerketa faltaren errua dela; baita zurrumurruetatik edan eta jakin gabe hizketan ari garenon errua ere.



Bueno orduan, Tolosako Kantabrikon bihar goizko 9tan! Jan edan lo eta apustu!



Kantabrikon dirua jokatzea ilegala omen da
2008-05-13 : 16:14

Egia izatea izugarria litzateke.

BAINA

Norbait gogoratzen al da Zubialdeko margoen iruzurrarekin. Non daude orduko adituak? Himalaian?



pintxo eta kaña baietz,... ez, ez...

pintxo eta kaña ezetz,... beno igoal baietz...



Datuak eta argitasuna lehenbailehen faborez.

Koldo urrutia
2008-05-14 : 19:21

Txapelketa luze bat jokatzen ari da azken 300 urtetan, euskararen harremanena beste hizkuntzarekiko, Europako historiaurreko hizkuntza ala Euskal Herri inguruko hizkuntza isolatua. Historian zehar iritzi desberdinak izan dira Larramendi, Oihenart, Astarloa, Humboldt, Krutwig, Kapanaga, Naberan, Lizarduikoa... aurreneko hipotesiaren alde eta aurka, Tovar, Trask, Mitxelena, Gorrotxategi, Lakarra... bigarrenaren alde.



Azken hamarkadetan izan diren aurrerapen zientifikoak direla eta, batez ere, populazioen genetikan, iruditzen zait epe luzera aurreneko hipotesiak txapelketa irabazita duela eta sintoma adierazgarriak nabarmentzen ari direla, adibidez ez dietela behar bezala erantzuten nazioarteko adituek argitaratzen dituzten ikerketa lan berriei.



Esaterako Theo Vennmenn -en "Europako aurrehistoriako jatorrizko hizkuntza" Spektrum der Wissenschaft aldizkarian argitaratu zena 2002ko maiatzean, non Munich unibertsitateko filologoak Alemaniako hidronimia euskararekin lotzen duen. Aipatzeko ere Stephen Oppenheimer-ren "Los senderos del Edén" eta "The origins of the british" 2006, non Oxford-eko unibertsitateko genetistak demostratzen duen euskaldunak izan zirela Britainia Handiko jatorrizko aurreneko biztanleak.



Euskararen isolamenduaren defendatzaileak ez dute inolako argumenturik ikertzaile hauen aurkikuntzak esplikatzeko eta erantzunik gabe utzi dituzte, existituko ez balira bezala, autismo intelektual batean murgilduta, jakinik eztabaidatzeko foroak Alemanian eta Britainia handian daudela. Iruditzen zait gero eta ikerketa gehiago azalduko direla eta Europa mailan epe luzera lehen hipotesia nagusituko dela.



Bitartean, azken bi urteotan Iruña Okan (Veleia) erromatar garaiko 270 bat ostraka (zeramika puska grabatuak) azaldu dira, datatuak 1.700 bat urtetan, 70 bat euskarazko esaldi motzekin (jan edan lo) eta ehun luze bat hitzekin (urdin, isar, zuri, urdin, gori, edan, ian, lo, ian, ta, edan, iaun, geure, ata, zutan, iesus, ioshe, ata, ta, mirian ama), Henrike Knörr filologo eta euskaltzainaren arabera, tamalez zendu berria. Knörr poztu zen aurkikuntzarekin eta Vennemann edo Oppenheimer bezalako ikerlariei normala irudituko zitzaien, duela bi mila urteko ostrakak euskaraz azaltzea, ez bakarrik Iruña Okan, Iruñean, Irunen, Commiges-en, Paben edo Bordelen.



Baina Iruña Okan bigarren hipotesia defendatzen dutenek, jakinik Europako txapelketa orokorra galduta dutela eta ez dutela disputatzeko asmorik ere, erabaki dute Euskal Herrian partida batzuk jokatzea, kontuan harturik inguru honetan apustu zale asko dagoela. Ematen du ez direla konturatu lehen partida 22 - 0 galdu zutela ostrakak azaltzearekin batera.



Galtzen ez dakitenez errebantxa behartu zuten eta horretarako zalantzan jarri behar izan zuten indusketen taldeko ohore pertsonala ere, arbitroen ohorea alegia, apustu zale guztien aurrean.



Esan beharrik ez dago partida bakoitza gogorra dela oso, indar asko xahutzen duela, eta sufrimendu asko ematen duela, nahiz eta zalegoarentzat espektakulu ikusgarria den zalantzarik gabe. Ba bigarren partida hau ere 22 - 0 galdu zuten, ikertzaile talde osoak 2006-11-23ko komunikatua sinatu zuenean eta batez ere Henrike Knörr filologo eta euskaltzain euskaldunak sinatu zuenean esanez:



”Iruña Okako ostrakak erromatar garaikoak direla, bere garaiko beste milaka ebidentziekin batera azaltzen direla, erromatar garaiko geruzetan azaldu direla eta zigilatzen dituzten beste erromatar garaiko geruzen azpian”.



Hala eta guztiz ere, apustuzaleek ez dute ulertzen zergatik ez dituzten argitaratzen ostrakak euskal hitzekin. Bigarren partida honek ere koste handia izan zuen, adibide bat bakarrik jartzeagatik Euskaltzaindia zatitu zela, euskaltzain batek sinatu zuen eta besteak ez baitzuen sinatu eta pilotarien arteko harremana gaiztotu.



Nefertiti aferarekin hirugarren partida behartu dute eta Batzorde zientifikoa eratu, sinplifikatzeko eta barkatuko didazuelakoan bi pilotariekin Knörr eta Gorrotxategi. Minbizi malapartatuak tamalez pilotari baten heriotza ekarri du eta suposatzen dut partida suspendituko dela, beste pilotari bat izendatu arte, apustuzaleek inoiz ez baitute apusturik egingo partida batean, non pilotari batek jokatzen duen hildako beste pilotari baten aurka.



Zalantzarik ez dago Euskal Herrian partida gehiago izango direla, oso gogorrak gainera eta sufrimendu asko ekarriko dutela, ondorio latzekin, ikuskizuna ere bai jakina, espektakulua alegia, batez ere dakitelako Europako txapelketa nagusia txapeldunena alegia, galduta dutela, ez dutela inolako asmorik disputatzeko ere eta denbora ahitzen ari zaiela.



Bitartean apustuzaleok hurrengo partidaren zain. Larunbata honetan Euskararen jatorriaren 3. biltzarra Iruña Okan.

http://www.blogari.net/euskjatorria

http://www.euskararenjatorria.eu



Xaldix
2008-06-03 : 08:34

Egun on Koldo,



Filologia ikasi nuen Gasteizen, Knörr eta Lakarra izan nituen irakasle. Eta irakasle horiek berek ez ziguten erakutsi: euskara isolatua da, isolatua izan da eta kito.



Guri erakutsi zigutenaren arabera, oraingoz ez du inork erakutsi beste hizkuntzaren batekin harreman genetikorik baduen (Akitaniera salbu); esaten zigutenez, orain arteko saiakerak ustelak gertatu dira, eta ederki azaldu ziguten zergatik zeuden oker Larramendi, Oihenart, Astarloa eta Humboldt...



Eta ez zituzten haien posturak zalantzan jartzen, (erabat zilegiak batziren eta baitira), haien frogak baizik.



Bestalde, nik ez ditut kontu honetan bi 'bando' ikusten; ez irabazi beharreko gudu bat ere. Inork ukatu ezin duen hatsarre batetik abiatuz denak baikaude ados hizkuntza batek ezin izan duela bere historia guzian isolatua izan.



Nazioarteko adituak aipatzen dituzu, Koldo, eta Vennmenn aditu handitzat dute Gasteizen erakusten duten euskal hizkuntzalariek (ez dakit denak sartzen ahal ditudan zaku berean, geihenak esanen nuke baietz), baina guk karrera garaian ikusi genuenaren arabera, haren hidronimiaren lana aski txartzat zuten, hipotesiaren auka ez zuten deus ere, baina ez zuela deus frogaturik utzi ere argi azaldu ziguten...



Lizarduikoa ere etorri zen hitzaldia ematera (2001 edo 2002 inguru horretan), eta oroitzen dudanez, ez zitzaidan batere gustatu nola justifikatu zituen haren ikerketak; hark berak aitortu zuen hipotesia egia izan edo ez, beste asmo batzuek zeramakiotela ikerketa aurrera (eta ez naiz ausartzen gehiago esatera, erabat nire oroitzapenen kutxatik atera baititut kontu horiek; gauzak akaso bestaldera izanen dira).



Indusketei dagokienez, zakar samar agertu izanen ziren filologoak beste zientifikoek ohorea galtzeraino XXI. mendean. Baina hor tupust egin zuten bi adar zientifikok eta erreakzioak halakoetan ez dira lagunkoiak izaten; ez diot aparteko garrantzirik ematen horri, denek dakigu denborak gauzak bere lekuan jarriko dituela; eta akaso batzuek izanen dute arrazoi edo akaso denek beren modura.



2006-11-23ko komunikatuari dagokionez ere, zerbait irabazi "dugula" diozu, baina orain denak komunikatu hori baietsiko duten zain gaude, eta, besterik gabe, bigarren horrek balioko du; eta hor ere ez zait iruditzen baietsi edo ezetsi deus galtzekorik dugunik (irabaztekorik bai); izan ere, Iruñako idatzi horiek garai horretakoak izan edo ez, berdin-berdin esan nahiko du lanean segitu behar dela, ikertzen segitu behar dela; bakoitza bere adarrean, bakoitza bere hipotesiekin; zergatik ez, hala dagokionean, elkarlanean.





Erantzun

Sartu