Teknologia albisteak
3

Ruper Ordorikak zuzeneko diskoa aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia
Iker Barandiaran - Goiena
2008-04-11 : 09:04

"Bestelako giro eta sonoritatea lortu, eta aurrerapauso handia eman dugu" dio txantxikuak. Ruper Ordorikak beste ziklo bati amaiera eman dio. Mugalaris taldearekin 2006an Bilbon grabatutako Hamar t´erdietan lana argitara eman du: 14 kantuz osatutako CDa eta 6 abestitako DVDa. Oso gustura dago emaitzarekin. Elkarrizketa egin diogu Goienarako.

Elkarrizketaren zati bat bideoan hartu dugu GOITBko albistegirako: goiena.net kantuen zerrenda, musikariak... bere webgunean: ruperordorika.com

  • Disko berriarekin promozioa egin behar. Zer da promozio lana Ruperrendako?

(Barre) Propaganda. Gure baliabideak oso artesanalak dira, norbera joan behar da lekuetara. Badira CD batzuk dagoeneko, baina nekeza da. Beste alde batetik, pribilegioa da diskoa erakusteko aukera izatea.

  • Zuzeneko hau sei urtetan alboan izan dituzun Mugalariei merezitako agurra da?

Ni hasi orduko musikariekin ibiltzen nintzen, nahiz eta nire izena erabili. Musikari aldakorrak izan arren, izen bat jartzea pentsatu nuen: Mugalaris. Zuzeneko honetan esku hartu duten musikarietako bi, baxua eta bateria, hirugarren diskoan hasi ziren; gero desagertu ziren, bueltan etorri... Ez da agur bat zentzu horretan, baina oso nekeza izaten da sei urte elkarrekin egotea gure eginkizun honetan. Pentsatu genuen egokia zela zuzeneko bat egitea, ibiltzearen ondorioz musika eta kantuak askoz gehiago mamitzen direlako.

  • Zuzenekoa 2006an grabatu zenuten. Ardo ona moduan ontzen utzi duzu?

(Barre). Denetatik apur bat. Kontzertu hori grabatu eta astebetera Memoriaren mapan diskoa kaleratu eta hori zuzenean aurkezten hasi nintzen. Bilboko zuzenekoaren zintak entzuten hasi nintzen, baina zorionez, Memoriaren mapan-ek oso harrera ona izan zuen. Hortaz, ez zen aproposa disko batek bestea zapaltzea. Horren ostean, 2007aren bukaeran, lana eskuartean hartu nuen.

  • Bilboko Kafe Antzokia aukeratu duzu berriro. Egokien prestatuta dagoen aretoa da edo leku kuttunena zuretzat?

Biak. Aukera onena zen, nahiz eta batek baino gehiagok galdetu zidan ea zergatik egin nuen berriro han. Beti izan da gure babeslekua eta segurtasun handia ematen du. Gainera, eurak oso pozik zeuden, eta niretzat leku kuttuna da, jakina.

  • Lan handia eman du Euskal Herrian areto eskaintza egokia egoteak?

Bai, hori da euskal musikan izan den aurrerapauso handiena. Gaur egun herri askotan daude areto duinak, nahiz eta ikusle falta izaten den batzutan. Lehen ez zegoen halakorik, eta hori asko eskertzeko daukagu musikariok.

  • Jarraitzaile asko dituzu eta asko amorratuak, disko guztiak dituztenak. Zer aurkituko dute hemen?

Disko desberdin bat. Zuzenean grabatuta dago, baina oso desberdina da. Bestelako sonoritateak landu ditugu, eta hori aurrerapauso handia da.

  • Abesti asko eraldatuta daude. Zelan hartuko dute jarraitzaile horiek?

Badakit batzuek entzun gura dutela kantua mila aldiz entzun duten moduan. Baina nik entzule moduan asko eskertzen ditut eraldaketak, bertsioak... eta musikariak egin gura duena egiten sinistuta egon behar du. Baina, apur bat entzunda, sartuko zaie.

  • Zaila izan da kantuen aukeraketa egitea?

Agian zailena izan da. Badira kantu batzuk, adibidez, Herdoilarena edota Zenbait bertso xelebre lehenengo bi diskotakoak direnak eta aspaldian jotzen ditugunak, baina ez modu horretan. Geneuzkan kantu guztiekin disko bikoitza egin genezaken, baina irudiak ere genituenez, ideia hori baztertu egin genuen. Azkenean 14 abesti sartu ditugu, ordubetetik gora, oso mamitsua. Gutxi gorabehera azken sei urteotan Mugalarisekin zuzenean jo dugun kantutegia da. Abestiak kentzeko orduan, taldekideei banan-banan galdetu nien zein kantu kendu, eta horiek kendu ditugu. Halakoetarako ez dago araurik.

  • Oroitzapen handiak ekartzen dizkizu aspaldiko kantuak berreskuratu eta zuzenean jotzeak? Bilbo? Gasteiz?

Ez dut uste. Zuzenean jendaurrean nagoenean ez dut burutaziorik izaten, saiatzen naiz esaten berbak gura dudan moduan. Kontzentratuta egoten naiz, beste nonbaiten... Kantuak bere jatorritik alde egiten du denborarekin, eta norberak hartzen du bere muturretik, bere modura, eta bere bizitzaren pasarte bati lotzen dio. Hori du alde musikak, bakoitzak erabil dezakeela bere gustura. Ni zuzenean saiatzen naiz kantua bere ildotik eramaten.

  • Ustekabea hartu dut, diskoan kantuen zure ohiko azalpenak sartu ez dituzulako. Zuzenekoetara joaten direnendako opariak dira?

Erabaki zaila izan zen azalpenak sartu edo ez. Baina gehienetan azalpen luzeak ematen ditut eta hori editatzeko zailagoa da. Azkenean pentsatu nuen azalpen horiek diskoan behin eta berriro entzuteko nekezak ez ote diren egiten, eta kendu egin nituen.

  • Zelan gogoratzen duzu Bilboko kontzertua?

Aurreko esperientziak, Gaur diskokoak, asko balio izan zidan. Orduan hiru kontzertu izan ziren eta birrinduta bukatu genuen. Oraingoan bitan egin dugu, eztarria ez erretzearren. Gogoan daukat intentsitate izugarria, izerdia, sarrera oso luzeak egin genituela tempo-an ondo sartzeko... Giro berezia lortzea eta taldeak bat egitea ezinbestekoa da. Gaur-en sekzio erritmiko oso sendoa izan nuen, baina oraingoak beste ezaugarri batzuk ditu, eta horrekin jokatu dugu, bestelako giroak sortuz. Eta emaitza aurrerapauso handia dela uste dut.

  • Zur eta lur gelditu gara La Cucaracha-ren moldaketarekin...

(Barre) Askotan entsegu lokalean txantxatan ibiltzen gara, eta blues bat, Creedence-ren kantu bat jotzen hasten gara... Hitzak bezperan prestatu eta taldekideei desafioa bota nien. Gainera, Kafe Antzokian, badakizu, nire kontzertuek ez dute akaberarik. Ia hiru ordu jotzen, birrinduta, eta bukatzeko Labexomorro. Jendeak oso ondo hartu zuen, eta bonus-track moduan sartu genuen. Gainera, une horretan, kontzertuaren bukaeran, oso erlaxatuta geunden eta tempo oso ona dauka, igartzen da.

  • Zure kantuek euskal etiketatik aspaldi salto egin zuten...

Hala ikusten duzu? Nire esparru naturala hau da. Herritxo eta kontzertu bakoitza mugaz salto egitea da. Iaz 15 kontzertu egin nituen Euskal Herritik kanpo eta ez da gutxi, baina ni hemendik abiatzen naiz, eta egiten dudanak hemen esanahi bat dauka. Hala ere, hori eginda, harantzago helduko banaiz, hobeto.

  • Azalak irudikatuko luke Times Square hemengo musikarien eskura dagoela...

(Barre) Kafe Antzokiak iragarki bat izango balu, hori sartuko nuke, baina ez dauka. Probak egin genituen, baina ez zuten balio. Badira hainbat zuzeneko disko klasiko azalean aretoaren sarrera daramatenak. Halakoa ideia bat geneukan.. Horrez gain, izenak badu txantxa txiki bat ere: Hamar t´erdietan. Kafe Antzokian kontzertuak hamarretan iragartzen dituzte, baina ez dira inoiz ordu horretan hasten, Euskal Herrian ez dira hamarrak existitzen. Ordu horretan jendea rosliarekin edo dena delakoarekin egoten da beste nonbaiten... Bestalde, Weather Report taldeak badu disko bat 8:30 izena duena. Horrek ere badu zerikusia ideia honetan. Azken finean, azala fikzio bat da.

  • Nire lagun batek dio txinoz abestuko bazenu ere, azkar igarriko zela abesten duena zu zarela...

Nahiko nuke modu positiboan hartu. (Barre). Ez naiz interpretea eta ez daukat erregistroz aldatzeko gogorik. Baina hori ikusteko dago. Hala ere, hizkuntza aldatzeak uste baino gehiago eragiten du emaitzean.

  • Hala ere, inoiz gazteleraz abestu duzu...

Bai. Adibidez, Arrasaten bizi izan zen Leopoldo Maria Paneroren hitz batzuk musikatu nituen; eta orain, Habanan egon naizenean, halako erdal munduan, kantu pare bat egin ditut jende aurrean. Hizkuntza aldatzeak, mundua aldatzeak dakar.

  • Luzaroan beste diskoetxe batzuetan ibili ondoren, azken urteotan Elkarren zaude berriro. Hori da aukera onena? Zelan ikusten duzu musika negozioa?

Musika negozioa kolokan dago, aldaketa handien erdian. Euskal Herrian asko jaitsi da aukera klasikoa, diskoetxena. Ruper Ordorikarendako ez dago beste aukera askorik. Modu asko daude, baina oraindik probatzear daude eta tentuz ibili beharra dago. Bai, Radiohead taldeak egin dezakena, eta guk, Euskal Herrian, egin dezakeguna ezin da konparatu. Horregatik, hemengo musikariok babes handia behar dugu, eta diskoetxe gero eta gutxiago daude. Une honetan Elkar da niretzat aukera onena.

Erantzunak

Aitor Mendia
2008-04-11 : 15:34

Eta bideoan agertzen den eskudo hori? zer da, Oñatikoa? beste herrialderen batekoa? futbol talderen bateana?

Jozulin
2008-04-11 : 19:27



Rupertismoaren jarraitzaile fidelok biziki eskertuko genuke soberakin horiek, CDan sartu ezin izan dituzten abesti horiek, sarean jarri ahal balira. Hartara, Rupertologiaren sinestunon bihotz gosetiak bazkatzeko balioko lukete bestela diskaetxeren bateko sotoetan galduko liratekeen grabazioak.

Eskerrak zuri Jauna. Egoki da eta zuzen.

Iker
2008-04-12 : 12:50

> "Bestelako giro eta sonoritatea lortu, eta aurrerapauso handia eman dugu" dio txantxikuak. Ruper Ordorikak beste ziklo bati amaiera eman dio. Mugalaris taldearekin 2006an Bilbon grabatutako Hamar t´erdietan lana argitara eman du: 14 kantuz osatutako CDa eta 6 abestitako DVDa. Oso gustura dago emaitzarekin. Elkarrizketa egin diogu Goienarako.
> Eta bideoan agertzen den eskudo hori? zer da, Oñatikoa? beste herrialderen batekoa? futbol talderen bateana?


Bai, aldean daraman eskudo hori Aloña kirol elkartekoa da, Oñatikoa hain zuzen ere. Nonbait Oñatiko sena eta zirikatzeko puntua sartu zitzaion eta txantxak egin genituen horren kontura. Txantxikua naiz eta...


Erantzun

Sartu