Teknologia albisteak

Irrika.net eta ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat)

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fudnazioa
2008-04-07 : 10:04

UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza, Foru Diputazioak eta Elhuyar Fundazioa bildu dira zientzia euskaraz jendarteratzeko. Gazteentzako Irrika aldizkari eta webgunea eta ZIO bildumaren azken liburua, ‘Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan’ aurkeztu dituzte.

UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Diputazioen eta Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin sortutako ZIO proiektua (Zientzia Irakurle Ororentzat) aurkeztu da. ZIO proiektuaren helburua zientzia euskaraz jendarteratzea da. Lehen ekimenak hauek dira: alde batetik, Irrika, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleentzako dibulgazio aldizkaria, eta dagokion web gunea, www.irrika.net. Bestetik, UPV/EHUk 2003tik argitaratzen du ZIO bilduma. Beraz, dibulgazio proiektu honen lehen urratsa izan zen bilduma. ZIO bildumak liburu berri bat argitaratu du: Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan. Egilea Marc D. Hauser psikologo eta biologo eboluzionista eta Harvard unibertsitateko irakaslea da.

Irrika aldizkariak zientzia-teknologia eta gizarte-zientzietako gaiak zabalduko ditu gazteen artean; jakintza eta ikerketarenganako jakin-mina, zaletasuna eta bokazioa piztea da helburua. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko edukiak osatzen dituzte aldizkaria eta beraiek lantzearen ardura Elhuyar Fundazioarena izan da. Aurten hiru zenbaki argitaratuko dira: udaberrian, udazkenean eta neguan. Diseinuari dagokionez, formatu txikia du aldizkariak, karpetan sartzeko modukoa (19,5x19,5 cm) eta 40 orrialdek osatzen dute. Kolore bizi eta gaur-gaurko irudiez hornituta dago. Aldizkariak 66.000 aletako tirada izango du eta doan banatuko da ikastetxeetan. Bestetik aldizkariak webgunea ere dauka, www.irrika.net Atari horrek aldizkariaren helburu berak izango dituen arren, argitalpenaren osagarria izango da. Izan ere, web-gunean batez ere interaktibitatea sustatuko duten atalak lantzeko aukera jorratuko da: gazteen zalantzak argitzeko foroa; galdera jakin bat egin eta gazteek erantzuteko atala; aldizkariko elkarrizketak eta erreportajeak proposatzeko aukera; sariketak eta abar. Web gunean eduki guztiak hiru hizkuntzetan argitaratuko dira, alegia, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Erantzun

Sartu