Teknologia albisteak

Aholkuak komunikatzaile gazteei

Erabiltzailearen aurpegia
Huhezi - Mondragon Unibertsitatea
2008-03-06 : 10:03

Etorkizuneko komunikatzaileen ezaugarriak landu ziren atzo Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Komunikaldiak 08 jardunaldietan. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren ikasleei, aurten kaleratuko baita lehen promozioa karrera horretan, aholkuak eman zizkieten bertaratuek.

Hainbat arlo jorratu dira: hedabide tradizionalak, Internet, komunikazio korporatiboa, eta ikus-entzunezkoak, ikasleek ikuspegi zabala atera dezaten zelan dagoen komunikazioaren merkatua.

Jardunaldietan barrena hainbat aholku aletu dira bihar-etziko komunikatzaileentzat:

  • Pasioa, grina eta gogoa izatea. Komunikatzaileak hori behar du, hasteko. Gainerakoak, ikasiko ditu.
  • Jantzita egotea informazioari dagokionez. Irakurri egunkariak, liburuak eta erabili hedabideak informazioa jasotzeko.
  • Hizkuntza ondo jakitea. Ezinbestekoa komunikatzaile batentzat. Laster hiru hizkuntza erabiliko ditugu komunikazioan.
  • Komunikatzaile eta kontalari ona izatea. Jakin egin behar da informazioa transmititzen, kontatzen.
  • Kazetaritza sena. Jakitea non dagoen albistea.
  • Mugitzen jakitea. Normala da zenbait gauza ez jakitea: galdetu.
  • Grabagailua beti prest edukitzea. Loroa aldean eraman, eta gertu pizteko.
  • Baliabideak lantzea. Kontaktuak, informatzaileak, etab.
  • Ausarta izatea. Ikasketak amaitutakoan, joan atzerrira, ikasi hizkuntzak eta hasi lanean.
  • Nork bere buruaren prentsa burua izatea, horretarako Internet erabilita.
  • Bloga erabiltzea curriculum gisa.
  • Nork bere profila kontrolatzea Interneten, gaur uzten ditugun arrastoak kaltegarriak gerta ez daitezen etorkizunean.
  • Marketin birala erabiltzea, eta ez gezurra, nork bere proiektuetarako.
  • Jakitea zelan erabili metrika eta analitika, ondorio zuzenak ateratzeko Interneten nork bere intereseko proiektuek sortzen duen trafikoaz.
  • Ondo planifikatzea lana.
  • Jarraipena egitea hasitako proiektuei.
  • Autokritikoa izatea, gauzak hobetzeko.

Aukerak gaur egun

Zenbait kasutan, egoera kezkatzeko modukoa da. "Lan egoera eskasarengatik, jende on asko uzten ari da profesioa", esan du Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak. "Batzuetan irudipena dut unibertsitate irakasleak prestatzen ari garela, gure hainbat jende unibertsitatera egiten ari baita, lan erosoagoaren bila". Baina, aldi berean, egoera hobetu egin da, ikus-entzunezkoetan adibidez, non ekoiztetxeak hizketan ari dira, etorkizunean lana elkarrekin egiteko. "Egoera honetan, konturatu gara talentua babestu behar dugula", esan du Arri Granados K-2000ko arduradunetako batek, "eta sekulako ahaleginak egiten ditugu talde onak bizirik eusteko".

Digitalizazioak, bestalde, aukera gehiago irekitzen ari da. "Orain, bakoitzak bere kamera hartu eta film bat egin dezake, labur bat edo dokumental bat, eta hori irits daiteke, gutxienez, Interneten ikustera", esan du Asier Altuna zine zuzendariak. Hala ere, ikasleari komeni zaio gogoan izatea komunikazioaren merkatua oso aldakorra dela; lehen baino gutxiago akaso, baina aldakorra.

Hitzaldiak

Goizeko lehen saioa eta arratsaldekoa mahai inguruak izan dira. Beraz, hizlariek ez dute testu bat ekarri. Haiek esandakoak, ordea, goian daude laburbilduta. Aldiz, izan dira beste bi hitzaldi, eta horien aurkezpenak ikus daitezke sarean:

Erantzun

Sartu