Asteburu honetan erabakita gelditu dira Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak. Martxoaren 9an eta 16n jokatuko dira horiek, 12 bertsolarirekin.
Aurreko ostiralean, martxoak 29an Lantziegoko Luis R upategian, jokatu zen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa. Bertan 50 bertsozale ingururen txalo artean, Andere Arriolabengoa, Juan Mari Juaristi, Felipe Zelaieta, Jagoba Apaolaza, Alberto Martinez eta Zigor Enbeita aritu ziren lehian Irati Lotina gai-jartzailearen agindupean. Azken honek, Zigorrek, lortu zuen finalerdietarako txartel zuzena, 155 puntu lortuz, bigarren Juaristi gelditu zen Zelaietarekin puntutan berdinduta, 148,5, ondoren Arriolabengoa (146,5), Martinez (139,5) eta Apaolaza (133,5). Bigarren kanporaketa honetan erregulartasuna izan zen nagusi, bertso ale politak egon ziren eta entzuleak gustura egon ziren saioa entzuten.
Hurrengo egunean, martxoak 1ean, Aguraingo Sarayola jatetxean jokatu zen hirugarren eta azken kanporaketa. Bertan ere berrogeita hamar bertsozale ingururen berotasunean, ederki afaldu ostean, Oihane Perea (156 puntu), Ruben Sanchez (156), Manex Agirre (151), Rikardo Gonzalez de Durana (148), Iker Agirre (142,5) eta Beñat Goitia (126,5) bertsolariak aritu ziren Idoia Beitia gai-jartzailearen agindupean. Saioa nahiko ona eta erregularra izan zen eta bertso ale politak entzuteko aukera egon zen.
Horrela, Arabako zurrunbiloak herrialdea sentiarazten, gozarazten eta astintzen jarraitzen du, Laudio, Lantziego eta Agurainetik pasa ostean, finalerdietarako, Ondategi eta Aramaiorantz mugituko da.
Lehenengo finalerdia, Ondategiko Zigoitia Aretoan jokatuko da, martxoak 9an, arratsaldeko 17tetan. Bertan Asier Otamendi, Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Felipe Zelaieta eta Serapio Lopez bertsolariak arituko dira Irati Lotina gai-jartzailearen agindupean.
Bigarren finalerdia Aramaioko kultura-etxean jokatu da martxoak 16an, arratsaldeko 17tetan, bertan Zigor Enbeita, Ruben Sanchez, Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana, Andere Arriolabengoa eta Iker Agirre bertsolariak lehiatuko dira Lierni Altuna gai-jartzailearen gidaritzapean.
Honela finalerdiak erabakita, sailkatutako hamabi bertsolariak finalerako txartela lortzeko gogor lehiatuko dira eta aste santuak baino lehen finala osatuta geldituko da, oporretatik bueltan, apirilak 5ean jokatuko delarik. Sentitu, Gozatu, Astindu, . . .!
Erantzun
Sartu