Teknologia albisteak
3

Soziolinguistika Klusterraren jardunaldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoaeuskara.net
2008-03-03 : 13:03

Soziolinguistika Klusterrak Geroa bermatzeko, oraina ezagutu jardunaldia antolatu zuen otsailaren 29an, UPV-EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Bere helburuak 2007ko proiektuetatik bildutako emaitza nagusiak plazaratzea eta soziolinguistikaren arloan erreferentziazko diren hainbat adituren hitzaldiak ematea izan ziren. Iturria: Gipuzkoaeuskara.net, CC baimenarekin.

Egunari hasiera Aizpea Otaegik, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eta Imanol Larreak, Soziolinguistika Klusterreko lehendakari ohiak, eman zioten.

Ondotik, Soziolinguistika Klusterrak 2007an burututako proiektu nagusien gainbegirada, erakundeko kudeatzailea den Iker Salaberriak aurkeztu zuen. Bertan azaldu ziren proiektuen emaitza deigarrienak.

Xavier Vilak hartu zuen txanda, Kataluniako hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa eginez: Hezkuntza sisteman hizkuntza sustatzeak dituen potentzialtasunak eta mugak Kataluniako kasuaren irakaspenak (estrapolagarriak?). Xavier Vila Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta Xarxa-Cruscateko zuzendaria da.

Atseden hartzeko egindako hamaiketakoaren ondotik, parte hartzaileak bitan banatu ziren, bi gairi buruzko hitzaldiak baitzeuden aukeran: Batetik, Malores Etxeberria eta Alex Mungiaren ahotik Hizkuntza jokabideak eta transmisioa Buruntzaldean: nola heltzen diogu gaiari? hitzaldian, Buruntzaldean hizkuntza jokabideetan eragiteko aurrera eraman den egitasmoaren berri eman zen. Diltsen piramidea edota Golemanen “emoziozko adimena” oinarri teorikoak lagun, hainbat esperientzia bildu ahal izan dute.

Bestetik, Iñaki Markok azaldutako Berrikuntza lan munduko erabilera planetan hitzaldian, berrikuntzaz zer ulertzen den eta gure ingurune hurbilean berrikuntzari buruz dagoen ikuspegia azaldu zen. Berrikuntzarako ezinbestekoa den ezagutzaz hausnarketa egin eta eredu bat azaldu ondoren, berrikuntzak erabilera planetan eta erabilera planek berrikuntzan duten lekua aztertu zuen. Azkenik, ERALAN proiektuaren berri eman zuen aurretik azaldutako testuinguruan kokatuz.

Hitzaldiak aukeratu ondoren, Soziolinguistika Klusterrak bere bazkideekin landutako proiektuen lanketa hautatzeko unea iritsi zen: Gazteen erabilera edo Formazio premiak.

Lehenengoan, Gazteen erabilera. Perspektiba eta prospektiba proiektuari amaiera emateko, prospektiba edo, gazteen erabilera lantzeari dagokionez, aurrera begira egin beharrekoen iparra markatzeko lanketa egin zen. Iñaki Eizmendik landutako birziklatzearen dinamikaren bidez, Nora joan? zehazteko osatutako proposamenaren alde ezegokienak zakarrontzira bota eta egokiago diren beste ideia batzuekin birziklatu dira.

Bigarrenean, Iker Salaberria eta Asier Basurto Klusterkideek, teknikariek dituzten formazio premiak aztertzeko dinamika bat diseinatu zuten: Polinizazioaren dinamika. Teknikariak izateko dagoen prestaketaz eta hori hobetzeko taktikak proposatzen aritu ziren.

Bazkalostean, Euskal Herriko kale erabilerari buruzko mahai-inguruaren bueltan, Txillardegi, Iñaki Martinez de Luna eta Kike Amonarriz bildu ziren, Xabier Isasi moderatzaile zutela. 1989an neurtzen hasitako euskararen kale erabilerak 2007 bitartean izan dituen gorabeherez datu, iritzi eta azalpen franko eman zituzten.

Bukatzeko, Jose Luis Alvarez Enparantzari, “Txillardegiri”, soziolinguistikaren arloan egindakoa eskertzeko omenaldia egin zitzaion. Esker eta errekonozimenduzko hitzez gain, aginte-makila jaso zuen, orain arte, eta Txillardegiri erreleboa hartu zionetik, BAT soziolinguistika aldizkariko zuzendari izan den Maria-Jose Azurmendiren eskuetatik.

Martxoaren 6tik aurrera hemen egongo dira kontsultagai hitzaldi guztiak.

Erantzunak

aitor
2008-03-05 : 13:41

Bai, neu ere bertan izan nintzen; eta erakargarri edo deigarriena suertatu zitzaidana baino ez dut azpirramarratu nahi.



Oso gustatu zitzaidan Vila-ren hitzaldia. Eta bertatik, autokritikarako bidea ireki zuen "Eta guk geuk zer egin dugu gaizki? Ez ote dugu akatsik egin?" Eta honen haritik egin zuen gogoeta psikolinguistikoa, orain arte entzun gabe neukana, nik neuk behintzat. "Ni arduraduna"ren krisiaren erdian (errua beti da besteena...)askatasun indibidualaren goratzarrea ematen hasia da: "Ez dut ezeren errurik, baina nahi dudana egin dezaket." Katalanaren (euskararen) ezagutza ezaren errurik ez dut nik; ezagutza bera ona da, aparteko esfortzurik exigitzen ez duen neurrian; erabilerak, ordea, konpromiso pertsonala eskatzen du, ahalegina. Eta horretan, bakoitza da askea. Egoera honi egin behar diogu aurre eta, ahal dela, buelta eman. Nola? Hori beste kontu bat da. Eta horretaz eztabaidatu beharra dugu.Vilak berak zenbait iradokizun eskaini zituen: baliabideak ondo neurtu; ondo markatu lehentasunak; pragmatikoak bai, dogmatikoak ez; egokitu inguruko egoerara...



Buruntzaldeko esperientzia dela-eta, beste bi gogoeta azpimarratu nahiko nituzke, euskara sustatze-lanetan ari garenontzat ari garenontzat interesgarriak izan daitezkeelakoan:

- Erakarri, ez uxatu;

- Lankidetzan, inposatu gabe. Benetako talde-lana

- Betikoak betikora garamatza. Beraz, ondo pentsatu, hausnartu norengana jotzen dugun, zer nahi dugun.

- Materiala, produktua, bai; baina prozesuari lehentasuna emanda.



Arratsaldeko mahai-inguruaz ere pare bat gogoeta, eskaini zitzaizkigun hainbat daturen artean:

- Euskaldunok lortu behar dugu gure kultura eta bizimodua erakargarria suertatzea. Izan ere, gure gunea, ingurua, trinkotu egin dugu, baina kosta egiten zaigu periferiara igarotzea.

- Horretarako ezinbestekoa da euskara prestigiatzea, txokotik atera eta lau haizeetara hedatzea. Hausnarketa egin beharra dugu ea zer eta nola eskaintzen ari garen.

Sigi
2008-03-05 : 14:00

Antolaketa aldetik, ederto. Eduki aldetik ere ederto. Zorionak klusterkideei!



Hortik aparte, Buruntzaldeko esperientziaren aurkezpenean aurkitu nuen arrakala txiki bat (hitzaldiaren bukaeran ere azaldu zen gaia). Oso interesgarria produktu- prozesu binomioaren azalpena. Eta baita elkarlanaren inguruko hausnarketa ere. Taldea sortzearena bai, baina taldekideak aukeratzeko irizpideekin ez nator bat:

Non daude gurasoak?



zerbait antolatu nahi bada, xede-taldeak beti izan behar du zeresana antolaketa prozesuan bertan. Inpresioa gelditu zitzaidan ez ote zen ikuspuntu "teknikotik" soilik antolatu taldea...



Zuzendu, oker banago

xiber
2008-03-05 : 14:52

Erantzun

Sartu