Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak argi du euskararen normalizazioan aurrera egiteko herrietan hizkuntza-politika eraginkorrak behar direla. Hori dela eta, 2007an udalen hizkuntza-politikaren neurketaren emaitzak gizarteratu zituen. Orain webgune berritu batean bildu dira ekarpen horiek.
Neurketa horren helburua abiapuntua zehaztea bazen ere, orain aurrera egiteko bidea egin behar da. Beraz, lanari jarraipena emateko gaurko agerraldian hizkuntza-politika berria lortzeko tresnak aurkeztu ditu Kontseiluak. Ildo beretik, udalei zein herrietako euskalgintzari elkarlanerako proposamena luzatu die. Kontseiluaren nahia Euskal Herriko udal guztiek aurrerapausoak ematea da eta helburu horri begira lan egingo dugu 2011an neurketa berria egin arte.
Izan ere, 2007an udalen hizkuntza-politika neurketa argitaratu zuen Kontseiluak eta 66 udalerritan politika horien azterketa egin. Praktikan jartzen dituzten politikak ezinbestekoak dira herrian euskara erabiltzeko aukerak emateko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, azaldu dute ordezkariek. Lehen azterketa horretan Kontseiluak hutsune nabarmenak aurkitu zituen: Gaur egun aztertutako udalerrietan aplikatzen diren politikak ez dira nahikoa euskara normalizatzeko, azaldu dute.
Neurketa datutan laburbilduz:
Euskara ez da normalizatuko politika hauek guztiak aldatu ezean, ondorioztatu du Lasak. Horregatik, 2011ko hauteskundeak baino lehenago bigarren neurketa egingo dela iragarri dute Kontseiluko ordezkariek. Orduan jakingo dugu zein izan den urte hauetako eboluzioa: zeintzuk diren hizkuntza-politika hobetu duten udalak, zeintzuk ez duten aldatu, baita bakarren batek atzera egin duen ala ez ere, azaldu du Mendigurenek.
Bitartean eragite lanetan jarraituko du Kontseiluak: batetik, herri gehiagotara zabalduko du azterketa, eta, bestetik, udalekin zein herrietako euskalgintzarekin elkarlanean, aztertutako herri guztietan egoera hobetzeko dinamika sortzea sustatuko du. Jakin badakigu euskararen normalizaziorako indarrak metatzea ezinbestekoa dela eta hori dela eta elkarlanerako gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu, azaldu du Mendigurenek.
Dagoeneko, hasi da Kontseilua 2005ean egiten hasi zen neurketa herri berrietara zabaltzen eta badu gainera zeini zorionak eman. Zestoaren kasua da hau. Izan ere, orain arte aztertutako udalerri bakar bat ere ez zen iritsi azterketa gainditutzat emateko finkatutako 7 puntuko notara, eta Zestoako udalaren hizkuntza-politikak 7,2 puntu lortu ditu, Azpeitiko udalerriaren gainetik.
Kontseiluak hizkuntza-politika berria lortzeko egindako ekarpenak webgune batean bildu ditu. Web honek, neurketen emaitzak herritarren esku uzteaz gain, udaletako hizkuntza-politiken aldaketen berri eman nahi du: herrietako euskalgintzaren esperientziak, lorpenak, atzerapausoak... gaiari lotutako albiste guztiak.
Esate baterako, hemen aurki daitezke Akordio Soziopolitikoko eragileek adosturiko Ordenantza eredugarriak. Tresna honek lekuan lekuko errealitate soziolinguistikoak kontuan hartuz, hizkuntza-eskubideak bermatzen dituen eta herritarrak juridikoki babesten dituen ordenantza-proposamena da.
Euskalgintzak sustatutako ekimenek ere badute beren txokoa webgunean. Hemen kokatzen da esaterako, Oreretako euskalgintzak martxan jarri berri duen kanpaina: hizkuntza-politika berria lortzeko asmoz, 300 sinadura bildu eta herriko udalean aurkeztu dituzte.
Erantzun
Sartu