Lihuriko Egunak, Herri Idazleak Bardozen egitasmoak Ipar Euskal Herriko literatura sorkuntzaren mundua pindartzeko xedea du, Frantziako hizkuntza ttipituetan idazten duten sortzaileen arteko elgarretaratzea eta kurutzatzea lagunduz. Zehazkiago, Euskal Idazleen Elkartearen Lihuriko Egunak, Herri Idazleak Bardozen egitasmoak Ipar Euskal Herriko sorkuntza literarioa indartu nahi du, publikoki eta taldearen indarra berme, mintzaira guttituetan ere literatura egiten dela erakutsiz.
2008ko urtarrilaren 18ko asteburuan, gogoeta eta gerorako sare egonkorren osatzea helburu duen asteburu baten ospatuko du EIEk Ipar Euskal Herrian. Gogoeta galdegai hauen inguruan izanen da: Nola elkar ezagutu Frantziako hizkuntza gutxiagotuetan idazten dugunok? Zer egin plazaratzeko elkarrekin?
Azken hogeita hamar urte hauetan hizkuntz guttituetako idazleen tokia garrantzitsua izan da, mintzaira hauek aldi berean ahultzen jarraitzen zutela. Imertsio edo elebitasun bidez erakaskuntza bat bideratu da aldi berean, kultur pizkunde mugimendu batek bide egin duela Bretania, Okzitania, Euskal Herria, Katalunia, Kortsika edo Elsazian. Bainan kantagintzak, dantzak edo kultur ondarearen gerizatzeek mugimendu horren itxura adierazgarriak izan badira, literatura idatzia itzalean egon da, autore askok obra nagusiak egin arren.
Edonon, ohizko hizkuntza barreatuen modernizatzea eta batutzea bideratu dira. Belaunaldi berri batek, maiz herrikoia eta hizkuntzetarik etorriak, mintzaira hauen historian lehendabiziko aldiz unibertsitateko formakuntza ireki eta beste kulturei zabaldua ardietsi duen belaunaldi berri batek, literatura hau eskutan hartu du. Ohizko bide kontserbadoreetatik bazter, gai berriak erabiliz, munduko literaturaren ahalbideak baliatuz eta herri kulturen espresio eta aberastasun zaharretan oinarriturik, aurpegi arraberrituaz datoz gure literaturak.
Herri hizkuntza hauek, betidanik populuarenak, langileenak, pobreenenak izan dira, maiz gutietsiak izan direnak, gaur, munduko uniformizatzearen alternatiba gisa datoz plazara. Elkarren itzulpenen egiteak, harreman sakon eta joriak, azken urte hauetako topaketen adierazgarri dira. Gaur egun hauen indartzea eta hobetzea da erronka, bideratuz lanabesak, informazio bideak edo jardunaldiak.
Bardozeko elkarretaratzeak helburu horrekin dira. Etorkizunean fidatuz, ondare biziak loratzen ditugula sendituz, munduari ezberdintasun premiazkoak ekarriz, herri mintzairetako idazleek gaur burua altxatuz kulturen Europan daukate beren kokagunea.
"Frantses estatuko hizkuntza gutxiagotuetan sortzen duten idazleek aspaldikoa zuten elkartzeko nahikeria. Hortaratzeko saiakerak egon izan dira, behiala. Baina 2008ko urtarrilaren 18tik 20rat iraganen diren Lihuriko Egunak, Herri Idazleak Bardozen topaketa lehentze egiten den biltzarra dela baiezta daiteke.
Frantziako hizkuntza gutxituetatik sei entzunen dira Lapurdiko Ipar Ekialdeko mugako herrian. Alsazia, Kortsika, Bretainia, Katalunia eta Okzitaniako herri idazleak Euskal Herrikoei batuko zaizkie. Denen artean bi egunez ondoko gogoetaldia barnatuko dute: zer egin eta nola, Frantziako hizkuntza gutxiagotuetan idazten dugunok elkar ezagutzeko? Nola plazaratu elkarrekin?.
Bilkuraren helburua da batetik, geroan errepika daitekeen hizkuntza minorizatuetako idazleen arteko hitzordua sortzea. Bestetik, batzuek besteen lanen berri izateko argitaratzeko modu eraginkorren asmatzea.
Euskal Idazleen Elkartea pozten da harek egindako gomitak izandako harrera baikorraz. Bardozen 25 idazle izanen badira ere, askoz gehiago izan zitezkeen. Izan ere, berriak ezustean harrapatu ditu agendak beterik asko, bidaiatzeko ezintasunez besteak. Denek gogo ona agertu dute, Lihuriko Egunak, Herri Idazleak Bardozen ekitaldiari xantza ona desiratuz, hurrengo aldirako elkar zitatuz.Hitza hitz. Urtarrilaren 20ean zabal dezagun Lihuriko Egunak Herri Idazleen topaketak 2009an aurrera segituko duela. Hala bedi", adierazi du Itziar Madinak, EIEk Iparraldean duen ordezkariak.
Erantzun
Sartu