Joana Garmendia Mujika filosofoaren doktore-tesia aurkeztu berri da. Ironiaren teoria pragmatiko kritikoa: Zer eta nola komunikatzen du esaldi ironikoak. Ironiaren inguruko hipotesiak aztertu ondoren, bere teoria propioa landu du Garmendiak, EBB-Teoria, non EBBk esan nahi duen Esango-Bagenu-Bezala.
EHUren webgunean irakurri daiteke Garmendiaren lanaren inguruan. Hona pasarte batzuk:
"Teoria horretara iristeko, ironian zer gertatzen den behatzen hasi ginen. Konturatu ginen esaldi ironiko bat esaten denean esaldi horrek ez duela kasu ez ironiko batean izango lukeen eduki berdina komunikatzen, eta ironian errepikatzen ziren zenbait puntu komun aurkitu genituen". Batetik, zerbait esan eta beste zerbait adierazten da. Bestetik, ironian beti jarrera negatibo bat existitzen da, eta hori autore guztietan errepikatzen da. Hala ere, zenbait autorek diote ironia positiboa ere posible dela. "Bi puntu horiek lantzen ari ginela sortu genuen ebb-teoria".
Teoria horren arabera, esaldi batek eduki konbentzionala du, kasu arrunt batean esan nahi den edukia, alegia. Dena den, esaldi ironiko batean eduki konbentzional horrek ere beste eduki bat komunikatzen du. Hiztunak eduki hori esango balu bezala egiten du, baina izatez ez du esaten. Izan ere, ez du eduki horrekiko inolako konpromisorik hartzen. Esaterako, euria ari duen bitartean norbaiti "bai, eguraldi ederra egiten du!" esaten diozunean, ez zara eguraldi ederra egiten duenik esaten ari. Alegia, ez zara inolako konpromisorik hartzen ari eduki horrekiko. Egiten ari zarena da eduki hori erabili beste zerbait adierazteko. Horrelakoak gertatzen dira, adibidez, norbaitek eguraldi onarekin hondartzara joatea proposatu eta bertara iristean euria hasten badu. Hondartzara etorri gara eta euria hasi denez, "Ederra egin didazu!" edo antzeko zerbaitek balioko luke egoera adierazteko.
ebb-teorian hori da gertatzen dena. Eduki bat erabiltzen da, inolako konpromisorik hartu gabe eta beste eduki bat komunikatzen da. Oro har, konpromisorik eza hori nahiko nabarmen egiten da tonua aldatuz edota zenbait keinu erabiliz, batez ere gaizkiulertuak ekiditeko. Dena den, ironia oso arriskutsua da, erabiltzen diren esaldiek beste esanahi bat dutelako eta gaizkiulertuak erraz sor daitezkeelako. Fenomeno arriskutsua bezain interesgarria da.
Tonua edo keinuak gehitzen dizkiogu ironiari, zentzua argi gera dadin. Baina, Interneten, nola adierazi hori? Posta elektronikoz eta foroetan, zein errazak diren ironien gaineko gaizkiulertuak...
Kaliforniako Stanford unibertsitatera doa Jone Garmendia urtarril honetan, bi urteko ikerketa egonaldia hastera.
Erantzun
Sartu