Teknologia albisteak

Etorkinak hizkuntza gutxituko lurraldera datozenean

Erabiltzailearen aurpegia
Robert Scarcia - GipuzkoaEuskara.net
2008-01-10 : 09:01

Migrazio olde garrantzitsuak dira egungo gizartearen adierazgarri, eta etorkinak hizkuntza edo gizarte gutxitu batean txertatzea funtsezkoa izan daiteke kultura gutxitu hori iraunarazteko. Robert Scarcia kazetaria Quebeceko egoeraz idatzi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren webgunean eta handik hona ekarri dugu erakunde horrek eskaintzen duen lizentziari esker.

Alde horretatik, Quebeceko egoera berezia da erabat. Hegoaldeko herrialdeen aldean, egoera ekonomiko pribilegiatua du. Bestalde, atzerriko hizkuntzan egindako produktuen ondorioak jasaten ditu, produktu horiek hegoaldean duen Amerikar Estatu Batuen bitartez sartzen baitzaizkio. Horrek are gehiago ahultzen du Kanadan, nazio frankofono gutxitua den aldetik, duen egoera larria. Egoera horri aurre egiteko, Quebeceko gobernuak Kontsulta Batzorde bat antolatu du, kultur ezberdintasunei lotutako moldaketen jardunbideei buruz. Ekimen horren bitartez, herritarren arteko eztabaida piztu nahi du, etorkinak gizarte frankofono eta quebectarrean gizarteratzeari buruz.

Gérard Bouchard soziologoak eta Charles Taylor filosofoak zuzendutako batzorde hori Quebeceko 16 eskualdetako 17 herritatik igaro da 2007. urtean. Leku horietan, herritarrei eskatzen zaie jendaurreko eztabaidetan hitz egiteko. Quebeceko gizarteratze eredu soziokulturalaren alderdi guztiak aztertzen dira: kulturartekotasuna, immigrazioa, erlijioak eremu publikoan betetzen duen lekua, quebectarren nortasuna.

Jendaurreko kontsultak baliagarriak izango dira Quebecera etorritako etorkinen "arrazoizko moldaketen" ohiturei buruzko zirriborroa egiteko. Informazio hori guztia bilduta, bi presidentekideek gomendioak egin beharko dituzte moldaketa horiek Quebeceko gizarteko balio pluralista, demokratiko eta berdintasunezkoekin bateratzeko. Bouchard eta Taylorren txostena 2008ko udaberrirako aurkeztu beharko da, eta Quebeceko lehen ministro Jean Charest-ek hitz eman du gomendio horiek Nazio Biltzarrean -Quebeceko probintzia biltzarrean- eztabaidatuko direla.

«Arrazoizko moldaketa» Estatuari, enpresei nahiz erakundeei egindako betebeharra da, zenbait pertsonaren eskubide eta askatasunak errespetatzeko. Kontzeptu juridikoa da eta Kanadako nahiz Quebeceko betebehar eta askatasunen gutunek bermatutako berdintasun eskubidearen ondorio da. Betebeharrak gutun horietan aipatutako diskriminazio arrazoi guztiak barne hartzen ditu (arraza, kolorea, sexua, haurdunaldia, orientazio sexuala, egoera zibila, adina, erlijioa, uste politikoak, hizkuntza, jatorri etniko edo nazionala, baldintza soziala, elbarritasuna).

Gure aburuz, puntu batek arreta berezia merezi du, garrantzitsua baita soziolinguistikari dagokionez. «Impératif français» elkarteak alarma deia egin du. «Impératif français» ikerketarako eta komunikaziorako elkarte kulturala da, eta frantses hizkuntza eta kultura defendatzen eta sustatzen egiten du lan. Elkarte horrek uste du, quebectarrek frantsesarekiko sentitzen duten segurtasun falta, eragozpen handia dela etnien arteko harreman onak izateko.

Duela mende erdi, Quebecen bizi zen Kanadako populazioaren herena; gaur egun, laurdena baino gutxiago bizi da bertan. Garai batean, Quebec seguru samar senti zitekeen, jaiotza tasa aparta zuelako eta populazio frankofonoak zituelako Ingalaterra Berrian, Manitoban eta Ontarion -tarteko eremuak dira horiek-. Gaur egun, jaiotza tasa ez da nahikoa belaunaldien txandatzea ziurtatzeko.

«Impératif français» elkarteak emandako datu estatistikoak kezkagarriak dira.

Kanadan, 1951 eta 2001 artean, ama hizkuntzatzat frantsesa zuten kanadarren proportzioa % 29tik % 23ra igaro da. Quebecetik kanpo, garai berean, ama hizkuntzatzat frantsesa duten kanadarren proportzioa txikitu egin da; 1951. urteko % 7,3tik, 2001. urteko % 4,4ra igaro da. Quebecen, ama hizkuntzatzat frantsesa duten frankofonoen proportzioa ere zertxobait txikitu da: 1951ko % 82,5etik, 2001. urteko % 81,4ra igaro da; galera %1ekoa izan da, gutxi gorabehera.

Etxean hitz egiten den lehen erabilera hizkuntzari dagokionez ere, egoera ez da hobea frantsesarentzat.

Kanadan, 1971 eta 2001 bitartean, etxean gehienetan frantsesez hitz egiten zuten kanadarren -Quebec barne- proportzioa % 27,5etik (1971) % 22ra (2001) igaro da. Quebecen, garai berean, proportzio hori hobetu egin zen, % 80,8tik % 83,1era igarota. Quebecetik kanpo, 1971 eta 2001 artean, etxean nagusiki frantsesa erabiltzen duten kanadarren ehunekoa % 4,3 tik (1971) % 2,7ra igaro da. Kanadan -Quebec barne-, ingelesak hiztun ugari irabazi ditu erabilera hizkuntza gisa (2.489.642 hiztun, populazio frankofonoaren herena baino gehiago). Frantsesak, berriz, 250.919 hiztun galdu ditu.

Nahiz eta, 1977. urtean 101 Legea onartu zenetik, aurrerapen handiak egin diren frantseserako hizkuntza transferentziaren alorrean, ez dira alofonoen % 54 baino gutxiago oraindik ingeleserako hizkuntza transferentzia egiten dutenak. Populazio frankofonoen eta anglofonoen egungo proportzioak bideratzeko, ordea, nahikoa litzateke soilik hizkuntza transferentzien % 8,3 egitea ingelesera.

Izan ere, «Impératif français» erakundearen arabera, frantsesaren irabazien zati handi bat etorkinen aukeraketan izandako aldaketari dagokio, eta ez hizkuntza politikei. 70eko hamarkadatik, Quebecek garai batean Frantziaren eraginpean egondako herrialdeetako biztanleak hartzen ditu, batez ere (Haiti, Indotxina, Magreb, Libano, Afrika frankofonoa, etab.). Pertsona horiek frantseserako joera handiagoa dute, ingeleserako baino. Bildutako datuen arabera, gehienetan Quebecera iritsi baino lehen ordezkatzen dute jatorrizko hizkuntza frantsesagatik.

«Impératif français» erakundeak ikusi du handitu egin dela eskola frantsesetara joandako ikasle alofonoek bigarren hezkuntza ingelesez egiteko duten joera (% 27,1 ziren 1990ean, ia % 50 dira gaur egun). Aldiz, bigarren hezkuntza ingelesez ikasi duten alofonoek, badirudi ez dutela hainbesteko beharra sentitzen lan merkatuan sartu aurretik frantsesa ikasteko. Izan ere, ia alofono horiek guztiek bigarren hezkuntza ingelesez egitea aukeratzen dute: % 93,3 ziren 1990. urtean, eta % 99,5 2003an.

Fenomeno horren ondorioz, lan merkatua ingelestu egiten da. Ikasleek ingelesez ikasten dute dagokien alorreko terminologia eta ohitura horri eusten diote ikasketak amaitu ondoren. Azkenik ez duen istorioa da. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe anglofonora joaten dira, ingelesa behar dutela uste dutelako, eta, gero, hizkuntza horren erabilera iraunarazten dute lanean.

Duela gutxi, elebitasunaren garapena Kanadan aztertzen zuen iritzi azterketa enpresa batek frankofonoak eta anglofonoak sailkatu ditu etxean erabiltzen duten hizkuntzaren arabera, eta ez ama hizkuntzaren arabera. 2001ean, ama hizkuntzatzat frantsesa zuten Quebecetik kanpoko 400.000 pertsona inguruk hitz egiten zuten ingelesez etxean. Inkesta egin dutenek ingelestutako frankofono guzti horiek eta beste hainbeste anglofono elebidun zenbatu zituzten. Horren ondorioz, gutxiengo frankofonoen gero eta asimilazio handiagoa aldatu egin da, eta Kanadako hizkuntza gehiengoaren elebitasun aldi bilakatu da.

Frantses elebakarrak Kanadako -Quebec barne- populazioaren % 18tik % 13ra igaro dira 1971 eta 2001 urteen artean. Populazioaren % 67k, aldiz, eutsi egin dio elebakartasun ingelesari. Bost urtetik bost urtera, Kanadan milioi bat elebakar ingeles gehiago dago. Ondorioz, elebitasunaren aurreratzeak elebakartasun frantsesaren gainbehera orekatu du. Izan ere, frantsesez hitz egiteko gai dela dioen Kanadako populazioaren ehunekoa ez da batere handitu (% 31 zen 1971n, bai eta 2001ean ere). Aldi berean, ingelesaren ezagutza populazioaren % 79,3tik % 86ra igaro da Kanadan.

Ondorioz, «Impératif français» erakundearen aburuz, beharrezkoa da Quebecera datozen immigrante berrien etorrerak ez ditzala aldatu inola ere populazio gehiengo frankofonoaren (% 92) eta gutxiengo anglofonoaren (% 8) arteko proportzioak. Gehiengo frankofonoaren kaltetan, etorkin berrien etorrerak populazio gutxiengo anglofonoaren taldea handitzen badu, gehiengoak ez du sentituko etorkin berria hartzeko beharrezko segurtasun sentimendua. Ingelesaren aurreratzea eta frantsesaren ahultzea, etnien arteko liskar eta krisi iturri handia izan daitezke Quebecen, kontuan hartuta frankofonoen jaiotza tasak atzera egin duela eta immigrazioa gero eta handiagoa dela. «Arrazoizko moldaketen» atzean dagoen auzia hizkuntzaren arazoa da oraindik ere, eta, ondorioz, nazio frankofono baten iraunkortasunaren auzia Ipar Amerikan.

Erreferentziak:
www.accomodements.qc.ca
www.imperatif-francais.org
Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskara Zuzendaritza Nagusia
Robert Scarcia
Kazetaria

Erantzun

Sartu