Sustatu logoa Teknologia albisteak

Iritsi da Search Wikia

Arkaitz Zubiaga - Mutilmedia
2008-01-08 09:01
Munduko entziklopedia erraldoienaren sortzaileak web bilatzaile baten proiektuari eman dio hasiera oraingoan. Azken hilabeteotan posta-zerrenda baten bitartez talde txikian antolatzen joan dena, gaurkoan ireki da publikoki.

Web bilatzaile hau jendeak lagundutakoa izango da. Eta askok galdetuko duzue, baina nola? Web bilatzaile batek sareko web orrialde guztiak (edo ahal dituen gehienak) arakatu, eta bere emaitzen artean erakusteko sarritan eguneratu behar izaten ditu, emaitza zaharkituak ez erakusteko. Horretarako, sortzen diren web orrialde (eta webgune) berriak deskubritzen joan, eta lehendik existitzen direnak eguneratu behar ditu web bilatzaile baten crawlerrak, eta hori informazio jario izugarria da. Honenbestez, 1000 zerbitzari erosi dituzte indexaziorako jada (ez dira asko, Googlek eta Yahook dituztenekin alderatuz), eta horrez gain jendea izango da bakoitzak bere ordenagailuan programatxo bat instalatuz sarea arakatzen lagunduko duena, konputazio banatua baliatuz. Horrez gain, Adversarial Information Retrieval moduan ezagutzen dena (spam, splog, eta antzeko webguneak saihestea, alegia), jendearen esku utzi nahi du, modu demokratikoan webgune ezegokiak baztertu ahal izateko. Eta jendeak parte hartzeko modu ugari egongo dira, poliki-poliki ezagutzen joango garenak.

Eta zer eskainiko dio proiektu honek jendeari, bilatzaile arruntek ematen dutenaz gain? Hasteko, bilatzailearen kodea irekia izango da, software libre bezala argitaratuko baitute, eta gainera, jendeak sustatuko bilatzaile honek arakatutako guztia API baten bitartez erabilgarri egongo da; bilatzaileen munduan lan egiten dugunontzako itzela izan daiteke beraz!

Eta jendea, nola ez, hasi da erantzuten: proiektua argitaratu bezain laster badugu Firefoxerako plugina ere :-)

Eta aurreragorako, Jimmy Walesek behin baino gehiagotan esan du eleaniztasunari garrantzi handia eman nahi diola, eta honenbestez, ziurrenik euskarazko bilaketak ere egin ahal izango direla, eta batek daki, agian hizkuntzarteko bilaketak ere bai? Poliki-poliki, baina urruti iritsiko delakoan nago…

Laster gehiago, momentuz anima zaitez Search Wikia probatzera! On egin!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu