Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzak Atezainok euskaraz atera berri du, euskaraz lan egiten laguntzeko liburuxka, atezainek atezainentzat egina.
Egun hauetan ikusi du argia liburuak, baina nondik datorren hobeto ulertzeko, denboran atzera egin beharra daukagu. Izan ere, EHUren barruan, duela urte batzuk erabilera-taldeak jarri ziren abian, Elhuyar Aholkularitza bideratzaile zela, AZPko langileen artean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmotan. Talde horiek ibilbide eta lan polita egin dute, campuska antolatuta. Erabilera-taldeetako bat Donostiako Erizaintza Eskolako atezainena izan zen. Lanbide bereko taldekideez osatuta zegoela aprobetxatuta, helburu garbi bat ezarri zuten taldekideek: atezainek euskaraz lan egiten laguntzeko materiala sortzea. Gogor jardun zuten lanean, eta emaitza pozgarria izan zen: Atezainok euskaraz. Dokumentu hura xumea zen, ez zen batere handinahia, baina oso erabilgarria zen atezainentzat, eta, gainera, gerora etorriko zen honen hazia izan zen. 2004an zabaldu zen dokumentu haren lehen bertsioa, eta harrezkero beste atezain batzuek ere jardun dute lanean erabilera-taldeetan, campus guztietan. Saio horien bidez, hasierako material hura zuzendu, osatu, txukundu eta egokitu egin dugu eta emaitza hauxe da, egunotan argitaratu berri den Atezainok euskaraz hau. Beraz, liburua ez da hutsetik sortua; aitzitik, atezain askoren ahaleginaren ondorioa da. Liburuxkak koaderno-itxura dauka, kiribilduna da, eta ez da kasualitatea, batez ere lanerako tresna izateko asmoarekin jaio baita, praktikoa izan nahian, atezainen laneko mahaiaren gainean zabalik edukitzeko, eta kapitulu bakoitzaren amaieran orrialde zuri bat ere badauka, norberak oharrak idazteko. Liburuaren edukiak zehazteko, atezainen lana aztertu genuen. Horrela, liburuak bost atal nagusi dauzka, baina batez ere lehenengo hirurak dira garrantzitsuenak edo potoloenak:
Atezainek jarduera gehienak ahoz egiten dituzte, eta batez ere bi nabarmentzen dira horietan: harrera egin (aurrez aurre edota telefonoz) eta argibideak eman. Horien inguruan hainbat aholku ematen dira atal honetan.
Atezainek idatzi ere egin behar izaten dute. Gehienetan testu laburrak izaten dira, xumeak eta errazak, baina batzuetan eragin handikoak ere bai, jendearen aurrean jartzen baitira irakurtzeko. Besteak beste, atezainen eginkizunetan sartzen dira honelakoak idaztea: oharrak eta enkarguak lankideei; errotuluak, karpeten bizkarrak eta inprimakiak; eguneroko agenda; posta elektronikoko mezuak; giltzak identifikatzekoak; eta, azkenik, jendearen aurrean jartzeko kartelak.
Badira hitz batzuk atezainek maiz erabiltzen dituztenak, lanbideari eta ohiko eginkizunei lotuak, eta horiek zerrendatuta ageri dira gaika (ohiko aditzak, erremintak edo tresnak, gremioak edo lanbideak...) eta alfabetoaren arabera; halaber, atezainen laburtzapenek (sigla, ikur, laburdura eta inizialek) leku berezia daukate atal honetan.
Askotan, atezainen eginkizunak idatzita jaso behar izaten dira, prozesuen bidez (eskolako ateak nola ireki edo itxi, berokuntza-sistema nola jarri abian...), eta horiek euskaraz egiteko aholkuak daude laburbilduta.
Atal honetan, liburukoa osatzeko edo gehiago sakontzeko lagungarriak izan daitekeen hainbat baliabideren berri ematen da: liburuak, Internet bidezkoak, hiztegian eta kontsulta-guneak.
Liburuak batez ere praktikoa izan nahi du, erabilgarria. Horregatik, egoera eta adibide gehienak errealak dira, atezainek beraiek proposatuak edo jarriak. Gehienetan, gomendioak ematen dira euskarazko jarduna hobetzeko, eta adibide ugari ere badaude.
Euskara Errektoreordetzak sarean jarri du liburua. Norbaitek eskuratu nahi izanez gero, egin klik hemen.
Etorkizunera begira, Euskara Errektoreordetzak ildo horretatik jarraitzeko asmoa dauka, erabilera bultzatzen. Horrela adierazi du onartu berri den Euskararen Plan Gidarian, 2008tik 2012ra burutuko den planean hain zuzen ere. Horren arabera, erabilera-planak jarriko dira abian hainbat fakultatetan, eta erabilera-talde batzuk ere jardungo dute lanean; adibidez, 2008an, idazkaritzetako langileak arituko dira.
Erantzun
Sartu