Iratxe Esnaola tematuta dabil OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren aurka, bi artikulu idatzi baititu berriki berau kritikatuz: bata Garan eta Gaur8n . OLPC ekimen oso interesgarria, zinez txalogarria eta laguntzeko modukoa dela uste dut. Eta aipatutako kontrako artikuluak zehazgabetasunez, oinarririk gabeko zurrumurruez eta okerrez beteak daudenez, hau idaztea pentsatu dut OLPC proiektua jendeari azaltzeko eta jendearengan beraren aldeko jarrera bultzatzeko, baina datuetan eta frogatutako ekintzetan oinarrituz. (Igor Leturiak idatzia hemen eta bere blogeko lizentziari esker hona ekarri)
One Laptop Per Child proiektuak, izen bereko irabazi asmorik gabeko fundazioaren bidez, ordenagailu eramangarriak jarri nahi ditu hirugarren munduko haurren eskura, mundu garatu eta azpigaratuaren arteko eten digitala txikitu asmoz.
OLPC proiektua MIT (Massachusetts Institute of Technology) prestigiotsuak eta bertako langile den Nicholas Negroponte informatikaren guru ezagunak bultzatutako ekimena da. Bere helburua hirugarren munduko haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzea da, horretarako euren eskuetan ordenagailu eramangarriak (eta, beraren bidez, Internet ere bai) jarriz. Ordenagailuen profesional eta zale naizen aldetik, ekimen honi zinez interesgarria deritzot. Bati baino gehiagori entzun edo irakurri diot herrialde azpigaratuetako haurrek, ordenagailuena baino, beste gauza batzuen behar handiagoa dutela, hala nola janaria, sendagaiak... Baina nire ustez horiek bezain garrantzitsua da haur horien hezkuntza, horren bidez lortu ahal izango baita, etorkizunean, herrialde horien garapen ekonomikoa eta ezberdintasunak murriztea. "El saber nos hará libres"!
Proiektuaren helburua lortzeko, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ordenagailu ekoizleek ohiko eramangarriak diseinatzerakoan kontuan izaten dituzten irizpideen arabera egin beharrean (azkarra, potentea, disko gogor handia, 3D grafikoetarako prestatuta...), beste irizpide batzuk izan zituzten kontuan. Herrialde pobreetako haurrek erabiltzeko moduko ordenagailua izan behar zen: arina, kontsumo txikikoa, erraz hausten ez dena, eguzki argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta hori guztia, gainera, prezio merkean. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek milioi bat unitateko lotetan eros zitzatela, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea.
Diseinatu duten ordenagailua XO bataiatu dute, eta teknologiaren miraria da. Ni guztiz maiteminduta nauka. Begira zein ezaugarri dituen:
Ez naiz ni XO-ari laudorioak abesten dizkion bakarra, nahi baduzue ikusi hemen eransten dizuedan The New York Times-ek egindako bideoa, edo irakurri Fox News-en artikulu hau .
Hala ere, dena ezin perfektua izan, eta baditu gauza batzuk ez daudenak hain ongi:
Puntu negatibo eta guzti, hau bai dela benetako eramangarria! Berau ikusi eta gero, ikuspegia aldatzen zaizu. Nik jada ez dakit beste ekoizleak nola ez diren lotsatzen "eramangarri" deitzean saltzen dituzten mamotreto horiei: apur batez sorbaldatik eskegita eramanez gero klabikula fastidiatzen dizute, bateria segituan bukatzen da eta entxufe bila hasi behar duzu... Eta gainera hain garesti!
Iratxe Esnaolak bi artikulu idatzi ditu berriki Garan eta Gaur8n OLPC proiektua kritikatuz eta ezbaian jarriz. Artikuluotan proiektu humanitario gisa sortutakoa helburu komertzialeko ekimen bihurtu dela salatzen da, 100 dolarretako hirugarren mundurako ordenagailuak 300 eurotan mundu guztirako salgai jarri dituztela esanez, beste hainbat puntu ilun eta esku beltz iradokitzeaz gain. Bertan esaten diren gauza asko oker daude eta beste askorekin ez nago batere ados, eta horiek banan-banan komentatuko ditut:
Ikusten duzuenez, oker gehienak lehenengo artikulukoak dira. Baina gainera berau zurrumurru, iritzi eta zehazgabetasunetan soilik oinarritzen da, inongo iturririk aipatu gabe. "Bada bestelakorik pentsatzen duenik ere", "badu alderdi ilunik", "badirudi zerbait ezkutatzen duela", "kutsu ekonomikoa hartu dionik ere bada", "diotenez", "webgune fidagarri bat baino gehiagotan irakur daitekeenaren arabera", "itxuraz", "zurrumurruek gehiago ere esaten dute"... Prentsa arrosa edo sentsazionalista dirudi gehiago, kazetaritza serioa baino!
Bigarren artikulua txukunagoa da, gehiago oinarritzen da datuetan eta datu horietako gehienak zuzenak dira, aipatu diren biak izan ezik (salgai eta 300 eurotan dagoela esatea). Bat nentorke bertan salatzen duenarekin, hainbat ordenagailu enpresa hirugarren mundua merkatu gisa ikusten hasi direla alegia, ez balu OLPC proiektua ere zaku berean sartuko...
Egia da OLPC proiektuak aurkako zurrumurru eta eraso ugari izan dituela. Baina Iratxek jakin beharko luke, informatikaren mundua jarraitzen duen edozeinek dakien bezala, bigarren artikuluan aipatzen dituen moduko multinazionalek (Intel, Microsoft, ASUS...) zein taktika erabiltzen dituzten negozioa izorratu diezaiekeen edozeren aurka (Microsoft urteetan ari da Linux-en inguruan FUD-a, hau da, Fear, Uncertainty, Doubt , zabaltzen), eta imajinatu beharko luke nondik datozen eraso eta zurrumurruok.
Izan ere, enpresa handi askok dituzte interesak OLPC proiektuaren aurka: Intel -ek, XO-k AMD prozesagailua daramalako; Microsoft-ek, XO-k Linux sistema eragilea eta berea ez den ofimatika paketea daramalako; eta edozein portatil ekoizlek, ez soilik merkatu potentzial bat kentzen dietelako (nahiz eta OLPC etorri arte okurritu ere ez zitzaien egin hirugarren mundurako ordenagailu merkeak egitea), baita ipurdia agerian uzten dituelako ere (posible bada ordenagailu hain onak hain merke egitea, zertan hostia dabiltza guri beste ladrillo garesti horiek saltzen?).
Iratxek ez ditu bere informazio-iturriak aipatzen, beraz ezin zehatz kontrastatu berak dioena. Baina nik banuen hainbat eraso eta zurrumurruren berri, eta Internetera jo dut gehiagoren bila. Eta noski, ia guztiak enpresa interesatuetatik datoz: Intel contra el portátil de los 100 dólares, Gates contra el portátil de los 100 dólares, Intel y Microsoft, contra el proyecto OLPC, El proyecto OLPC, amenazado por una patente ...
Aurkitu dudan serio hartzeko moduko kritika bakarrak Daniel Oliverak egindakoak dira, baina nahikoa funsgabeak direla esan daiteke, aski ongi errefusatu izan baitituzte toki askotan, ikusi Deustuko Unibertsitateko software libreari buruzko blog bikaineko artikulu hau .
Tamalez, OLPC proiektua ez doa eurek nahi bezain ongi. Batetik, ordenagailuaren kostua 100 dolar izatea nahi zuten, eta ez dute lortu. Bestetik, 2008 urtearen amaierarako 150 milioi ordenagailu banatzea espero zuten, 2005ean proiektua aurkeztean hainbat gobernuk agertutako aldeko asmoak ikusita, baina ez dira horretara inondik inora iritsiko, herrialde askok atzera egin baitute edo erosketa atzeratu baitute.
Momentuz, Peruk eta Uruguaik soilik erosi dute XO ordenagailua, eta erosteko asmoekin jarraitzen dute Argentina, Kanbodia, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Egipto, Grezia, Libia, Nigeria, Pakistan, Ruanda eta Tunisiak.
Hau gertatzearen arrazoiak hainbat dira. Batzuk azken prezioa bikoiztu egin delako egin dute atzera. Tailandian estatu kolpearen ondoko gobernu berriak atzera bota zuen aurrekoaren erabakia. Beste batzuk multinazionalen ohiko taktiken erruz izan dira: batzuengan FUDak efektua izan du, beste batzuk kontraeskaintzak onartu dituzte eta beste batzuk pasiloetako jukutria eta eroskerien erruz erori dira, ziur.
OLPC proiektuaren asmoei guztiz txalogarriak deritzet, eta uste dut argi geratu dela ez dagoela arrazoirik asmook benetakoak ez direla pentsatzeko. Pena da proiektuak bidean hainbeste eragozpen aurkitzea eta nahi bezain ongi ez joatea, eta horiei gainera Gara eta Gaur8ko artikuluak gehitzen bazaizkie... Nik, artikulu honen bidez, horiek egindako kaltea konpontzen saiatu nahi dut, nahiz eta ez diren konparagarriak Gararen eta blog honen audientzia eta influentzia. Irakurritakoarekin ados bazaude eta zuk ere OLPC proiektuari lagundu nahi badiozu, zabaldu mezua ahal duzun neurri eta moduan!
Eta gabon hauetarako opari egoki bakarra ez dira komikiak ... Give one get one kanpaina urte amaiera arte dago indarrean. Nik egin dudan bezala, Estatu Batuetan lagunik baduzu, 300 euro baino gutxiagogatik kristoren ordenagailu eramangarria izan dezakezu (txikia, pisu gutxikoa, ekologikoa, kontsumo gutxikoa, erresistentea, WiFi konexioarekin, software librearekin...), beste ordenagailu bat hirugarren munduko haur bati oparitu, eta munduko eten digitala eta bestelako ezberdintasunak gainditzen lagundu. Bikain, ez? Ba zeren zain zaude? Animo!
Post Scriptum: Hau ez diot nik bakarrik. Masi Oka, Heroes telesail arrakastatsuan Hiro Nakamura -ren rola egiten duen aktorea, OLPC proiektuaren enbaxadore ofizialetako bat ere bada . Horrek esan nahi du proiektuaren alde hitz egiten duela ahal duenetan, telebistarako iragarki batzuk egingo dituela eta abar. Eta Masi Oka ez da edonor, aizu! Informatikaria da izatez, eta Industrial Light and Magic efektu berezien estudio famatuko I+G-ko Zuzendari Teknikoa da! Bere laguntzarekin, OLPC proiektua ongi aterako da. Hiro Nakamurak, bere denbora eta espazioa aldatzeko botereekin animatzailea eta mundua salbatu zituen bezala, laster denboran atzera bidaia egingo du eta proiektua okertzen joan den uneak aldatuko ditu, horrela munduaren etorkizuna berriz aldatuz, ziur! Baina lortzen badu, artikulu hau da ez da inoiz existitu izango...
Erantzun
Sartu