Izenburu luzea, baina biltzen duena adierazten duena. Soziolinguistika Klusterrean aurrera daramatzagun proiektuetan erabiltzen eta sortzen ditugun lanen erreferentziak biltzen dituen gunea da Erreferentzien Bilgunea. 300 erreferentziatik goiti biltzen ditu eta abenduaren 18tik aurrera erabilgarri egongo da Soziolinguistika Klusterraren webgunean: Bilgunea
Soziolinguistika Klusterraren 2004ko Hausnarketa Estrategikoan aipatu zen soziolinguistikaren arloan lantzen den ezagutzaren inguruko erreferentziak biltzeko beharra dagoela. Ideia hau oinarrian, bilketari ekiteko Soziolinguistika Klusterrean lantzen diren proiektuetan erabili eta sortu diren materialekin hasi gara. Material hauek bildu, sailkatu eta bilatzeko sortu dugun proiektua da Bilgune hau, beraz.
Iaztik hona erreferentzia hauek sailkatzeko aplikazioa osatzen joan gara, KAM Telekomunikazio Aholkularitzarekin batera. Aplikazioa sortu ondoren, erreferentziak sartzen.
Bilgunearen sarrera orrian, Bilgunearen helburuak azaltzen dituen testuarekin batera, Bilguneko hiru atalak daude: "Bilatu", "Erantsi" eta "Sailkapenak ikusi". Sarrera orria
Proiektu honen helburu nagusiak, beraz, honakoak dira: Soziolinguistika Klusterrak aurrera daramatzan proiektuetan bildu, erabili eta sortu ditugun erreferentziak eskuragarri jartzea eta horiek bilatzeko moduan sailkatzea. Horretarako, link bidezko loturak sartu dira eta dokumentuak berak zintzilikatu, ahal izan denean. Bilguneko sarrera orrian jartzen duen bezala, "ezagutza soziolinguistikoaren zabalpenerako tresna" izatea du helburu.
Aurten, proiektu hauetako erreferentziak sartu dira: Arrue, Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoaren azterketa, Eralan, Euskal Herriko kale erabileraren neurketa, Gazteen hizkuntza erabilera eta Lezoko eta Pasaiako haur eta gazteen hizkuntza gaitasuna eta erabilera.
Hemendik aurrera, Erreferentzien Bilgunea osatzen joatea da helburua. Horretarako bi iturri ditugu; batetik, Soziolinguistika Klusterreko proiektuak eta, bestetik, erabiltzailea bera. Ohar eta ekarpenak ere ongi etorriak izanen dira.
Baliagarria eta erabilia izateko egin da. Hala izango al da!
Erantzun
Sartu