Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroan proposatutako aurrekontuek 2008an izango dituzten ondorioak plazaratu ditu. Aurkeztu zaizkigun aurrekontuak guztiz eskasak dira eta inondik inora ez dute ahalbidetuko euskararen normalizazioan pauso sendoak ematea, adierazi du idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Nafarroako gobernu berriak euskararen politikan aldaketak egongo zirela zabaldu bazuen ere, horiek ez dira 2008rako aurrekontuen proposamenean jasotzen, "aldaketarekin genituen espektatibak ez dira bete". Gainera, gobernuak legea aldatzeko asmorik ez duela azaldu duenez, "ez dago politika aldaketarik aurreikusita, itxurazko aldaketa baten aurrean gaude", gogorarazi du Mendigurenek.
Aurreko legealdiko egitura berbera dute aurrekontuek, beraz, aurreko politikaren jarraipena dira: 2aurrekontu hauek ez dute euskara normalizatzeko balio", salatu dute Kontseiluko ordezkariek.
Aurrekontuen azterketa atalez atal:
Helduen Euskalduntze Alfabetatzea
2007: 500.000 ¬
2008: 510.000 ¬
1. Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egoera bereziki larria da. Igoera benetan txikia da, 10.000 ¬, eta jakin behar dugu 2003. urtean 539.696 ¬ zuela partida horrek, beraz, maila horretara ere ez da iristen. Iazko kopuruarekin konparatuz KPIa ere ez da aplikatzen. Sektoreak dagokion maila hartzen hasteko 1.000.000 ¬ beharko luke.
2. Ikastolei dagokienez, Kontzertuaren bidez jasoko dute laguntza gehigarriaren parterik handiena. Hizkuntza-politikatik, 154.714 ¬ jasoko ditu.
Hedabideak euskaraz
2007: 298.250 ¬
2008: 310.000 ¬
3. Hedabideei buruzko partidak duen hazkundea ez da bereziki nabarmentzekoa, sektorearen beharrak askoz ere handiagoak dira.
"Promoción de lenguas extranjeras2
2007: 230.944 ¬
2008: 1.193.443 ¬
4. Atzerriko hizkuntzekin, ordea, joera arras aldatzen da. Sekzio bihurtu da eta kontzeptu berriak sartu dituzte: irakasleen prestakuntza, ikastaroak atzerriko hizkuntzen erabilera hobetzeko eta atzerriko hizkuntzen sustapena. "Nabarmen gelditzen da gobernuaren apustua zein den", adierazi dute ordezkariek.
Udalek eta Kontzejuek jasoko dutena
2007: 429.366 ¬
2008: 550.000
5. Udalek eta Kontzejuek jasoko dutena ezer gutxi handitzen da. Partida honek gainera, murrizketa handia pairatu izan du. "Guztiz eskasa da, izan ere, Toki Administrazioak zeregin handia du hizkuntzaren normalizazioan eta diru-sail horiekin ezin dute haien funtzioa egoki bete", azaldu dute Kontseiluko ordezkariek.
Partida berriak
6. Partida berrien artean 3 dira nabarmentzekoak:
a. Euskararen aldeko kanpainak (110.000 ¬).
b. Euskarazko iniziatiba kulturalen sustapena (150.000 ¬).
c. Euskararen sustapena informazioaren teknologian (40.000 ¬).
7. Aurtengo berrikuntzen artean ere koka dezakegu Euskararen Nafar Institutuaren sorrera. Haren eskuetan egongo da hizkuntza-politika herrialdean. Institutuak, hala ere, oso diru-sail mugatua du, 4.045.435 ¬koa, hain zuzen ere, eta horietatik 2.038.899 ¬, hau da, erdia baino gehiago, pertsonal gastuek eta ohikoek eramaten dute. "Aipagarria da aurrekontuaren erdia pertsonalaren eta ohiko gastuetan gastatzea", adierazi dute ordezkariek.
Partida ezak
8. Administrazioa euskalduntzeko planik ez dago ezta horretara bideratutako inbertsio esanguratsurik ere. Justiziak eta Foruzaingoak esate baterako ez dute ez euskalduntze-planik ezta aurrekontu bereziturik ere. Are gehiago, Osasunbideko hainbat ospitaletan euskalduntzeagatik ordezkapenak ordaintzeko 360.000 ¬ besterik ez da jaso.
9. Lan-mundua euskalduntzeko inbertsioak ez dira ageri.
10. Unibertsitatea eta Lanbide Heziketaren eskaintza euskalduntzeko partidarik ez dago.
Horretaz gain, aipagarria eta kezkagarria da aurrekontu proposamena gaztelania hutsean aurkeztu dutela. Webgunean ere, horrela ageri da, euskarazko bertsioan sakatuz gero gaztelaniazkoa ageri da.
Ondorio nagusia kezkagarria da benetan: "Espero eta nahi genuen hizkuntza-politika aldaketa ez da etorriko, beharrezko diru-inbertsioak ez baitira egingo", adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. Aurrekoentuen % 2 beharko litzateke euskararen normalizazioan eraginkorki aurrera egiteko, hots, 85 milioi ¬ inguru.
Erantzun
Sartu