Teknologia albisteak

Euskal kultura herrikoia zaindu eta defendatu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Herrikultura.org
2007-12-10 : 11:12

Musikherria disketxearen ekimenez, manifestu bat kaleratu izan da Durangoko Azoka igaro berrian. Berrian argitaratutako albistearen arabera, 23 talde edo argitaldarik sinatu dute jada manifestua.

Eztabaida sarearen bidez bultzatu nahi du Musikherriak, eta testua Herrikultura.org webgunean jarri dute. Posta-zerrenda bat ere sortu da eztabaida bideratzeko.

Jarraian, manifestuaren testua.

EUSKAL KULTURAREN MERKANTILIZAZIOAREN AURREAN, EUSKAL KULTURA HERRIKOIA ZAINDU ETA DEFENDATU!*

Durangoko Disko eta Liburuaren Azoka Euskal Herrian dagoen kultur produkzioaren argazki bat egiten saiatu da azken urteetan. Bere hasieratik herri azoka bat izan da eta indartzen joan da. Azken urteetan azokaren inguruko iritzi eta balorazio ezberdinak egin dira. Eta emaitzak "onak" eta "txarrak" izan dira. Eszenatoki kultural garrantzitsua den Durangoko Azoka honetan hurrengo iritziak kaleratu nahi ditugu:

Euskal Kulturaren egoera eta etorkizunak arduratzen gaituzte.

1- Argiak izan nahi dugu: Euskal Herrian dagoen herri kultura eta merkatuaren kulturaren arteko borroka ezkutuari buruz hitz egingo dugu, askotan ikusteko zaila dena.

2- Oso konplexua da gaia: kontraesanez beteta dago. Eta hauei buruz hitz egin nahi dugu. Helburua ez da "puruak" izatea.

3- Logika kapitalistaren barruan kokatzen den merkatuaren kulturak bizimodu konkretu batzuk bultzatzen ditue eta hauek gure herrian egon diren bizimodu herrikoiari (eta herri kulturari) mina egiten diete.

Kulturaren merkantilizazioa:

1- Azken urte luze hauetan bizitzaren merkantilizazioa areagotzen duen prozesu oso konplexua ematen ari da. Prozesu honek logika kapitalistari erantzuten dio.

2- Logika kapitalista honen helburua etekinak ateratzea da. Eta honen arabera antolatzen du bere jokabidea.

3- Horrela izanda, batzuek euskal kultura bultzatu eta bizirautarazteko bitarteko moduan merkatua aukeratu dute. Eta nahi gabe (edo ez) euskal kultura gero eta gehiago merkantilizatzen ari da.

4- Kultura merkantzia moduan ikusteak, euskal kulturarentzako ondorio ezberdinak dakartza. Batzuk aipatuko ditugu: salgarria izatea bilatzen da, eta honek kultur produkzioaren edukia baldintzatzen du; prezioak gero eta handiagoak dira; kultur modelo berezi eta konkretu bat bultzatzen da...

5- Merkatuak uzten dituen zirrikituetatik posiblea da herri kultura bultzatzea. Baina aukerak eskasak dira eta, merkatuan gehiago sartzen garen heinean, gero eta zailagoa: aukerak txikitzen dira eta askotan ateak ixten dira. Oso zaila da oreka bilatzea eta horretarako mugakk non dauden asmatzea.

6- Argi dago merkatuaren barruan eskala desberdinak daudela (txikiagoak eta handiagoak), baina askotan, merkatuaren barruan txikia denak, bizirauteko handiagoa izateko borrokatu behar du. Eta borroka horretan printzipio asko erortzen dira merkatuaren barruan igarotzeko.

Gure iritzia: herri kultura bultzatu, zaindu, berreskuratu eta mimatu!

1- Merkatuaren kulturak, kultur sormena, kulturaren produkzioa eta produktua bilakatzen du.

2- Gure ustez, herri kulturak kultur sormen herrikoia bultzatu behar du.

3- Horretarako forma zaharrak berritu, dauden formatuak aztertu eta forma berriak asmatu behar ditugu. Beti helburu argia izanda: herri kultura bultzatu, zaindu, berreskuratu eta mimatzea.

4- Herri bat ez da inoiz librea izango kultura libre eta herrikoia garatzen ez badu, herriak egina eta herriarentzat izango den kultura.

Honen aurrean...

1- Gaur egungo modeloaren parte bat izanda eta gure kontraesanak ere asumituz, kritika zorrotza egin nahi diogu kultuaren prozesu merkantilistari.

2- Oso kezkatuta gaudela agertu nahi dugu eta erantzun kolektiboak behar dituen egoeran gaudela azpimarratu. Pertsona eta eragile askoren arteko elkarlan eta erantzunkizuna izan behar du. Lan horretan, gu beste bat besterik ez gara izango.

3- Kultur eragile guztiak animatu ditugu eztabaida/hausnarketa publikoa eta barne eztabaida/hausnarketa bat ematera.

4- Aurtengo Durangoko Azoka hausnarketa kolektibo baten abiapuntua izatea gustatuko litzaiguke, behar duen denbora hartuko duen hausnarketa, beharrezkoak diren ondorio, aldaketa eta erantzun ezberdinekin bukatuko zen prozesuaren abiapuntua.

5- Berriro azpimarratu nahi dugu, hau horrela izatea guztion esku dago eta horretarako deia egiten dugu.

Euskal Herria. Durangoko Azokan, 2007ko abenduaren 8an.

Erantzun

Sartu