Teknologia albisteak

Elkarteak eta txokoak: euskaraz idazteko ereduak eta argibideak

Erabiltzailearen aurpegia
Maddi Etxebarria (Elhuyar Aholkularitza) - Geurien be bai egitasmoa - Bermeo
2007-12-05 : 08:12

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak, GEURIEN BE BAI egitasmoaren barruan, elkarte eta txokoek euskaraz idazten laguntzeko CDa kaleratu du, idazteko eredu eta argibideekin.

Bertan, euren funtzionamendurako lagungarri diren ereduak jasotzen dira: batzar-deiak, aktak, ziurtagiriak, zerrendak, esaldi erabilgarriak, txokoetako hileko erreserbak... Horretaz gain, argibideen atal bat ere sartu da: data zelan idatzi, zenbakiak, Interneten aurki daitezkeen hainbat baliabide... Hori guztia, modu errazean eta erabilgarrian.

Horregaz batera, liburuxka bat ere banatu du, Geurien be bai egitasmoaren inguruko azalpenak jasotzen dituena, baita Bermeoko euskararen erabilerari buruzko hainbat datu ere. Azkenik, elkarte eta txokoan euskararen erabilera handitzeko hainbat proposamen egiten dira.

ZER DA GEURIEN BE BAI?

Geurien ba bai Bermeoko enpresa eta elkarteak euskalduntzeko egitasmoa da, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak 2004. urtean martxan jarritakoa.

Helburua
Proiektu honen helburu nagusia Bermeoko arlo sozio-ekonomikoan eta elkarteetan euskararen erabilera bultzatuko duen plana garatzea da, enpresa eta elkarte bakoitzaren behar eta ezaugarrietara egokitua.

Aurtengo lanak
Udaberri inguruan, elkarte eta enpresa guztiak bisitatu genituen, urtero legez hitzarmena berritzeko asmoz, eta zertan lagun genezakeen jakiteko.
Elkarteetako arduradunekin egoera aztertu ostean, eragiteko eremu bi ikusi genituen:
§ Bata, kirol-taldeetako monitore eta entrenatzaileak. Izan ere, horiek dira herriko gaztetxuekin harreman zuzena duten pertsonak. Egitasmoan parte hartzen duten kirol-taldeak kontuan hartuta, herriko umeen herenak gutxi gorabehera, kirolen bat egiten du. Hori dela eta, monitore eta entrenatzaileei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina bat jarri dugu martxan.
Monitore edo entrenatzaileek erantzukizun handia dute hizkuntza markatzerakoan. Izan ere, eurek dira haurren edo gazteentzako ereduak, beraz entrenamenduetan entrenatzaileak euskaraz egiten badu, haurrek ere euskaraz egingo dute. Monitorea da eredua. Beraz, kirolean aritzen diren haurrak eta gazteek euskaraz egin dezaten entrenatzaileek edo monitoreek entrenamenduetan euskaraz aritzea beharrezkoa da, taldean euskaraz hitz egiteko ohitura zabaldu dadin. Horregatik, eta kirolaren guztiz lotuta lelo hau erabili dugu: euskaraz, denok irabazle!

Egitasmoan dauden kirol-taldeetako monitore eta entrenatzaileen artean eskuko orri bat eta egutegia banatu ditugu.

§ Bestea, elkarte eta txokoetan erabiltzen diren idatzizko ereduak. Sarri, euskarazko eredurik ez dugu izaten, eta aurretik duguna erabiltzen dugu. Hori dela eta, elkarte eta txokoetan sarrien erabiltzen diren dokumentuak jaso ditugu. Horretaz gain, elkarte eta txokoentzako Udalak eskaintzen dituen laguntzak batzen dituen eskuko orri bat ere atera dugu.


Erantzun

Sartu