Teknologia albisteak

Kirola Euskaraz programaren web gune berritua

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoako Foru Aldundia. Euskara Zuzendaritza Nagusia
2007-11-29 : 16:11

Web guneak, kirola eta euskara uztartzen dituzten jardueren informazioa jaso eta emateko ataria izan nahi du. Gunearen asmoa, Gipuzkoatik kanpo ere zabaltzea da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Euskarako zuzendaritzek Kirola Euskaraz programaren web gunea (www.kirolaeuskaraz.net) berritu dute eta gaur goizean aurkeztua izan da Donostiako Kirol Etxean.

Aurkezpenean Estibalitz Alkorta, Euskara Zuzendaria; Iñaki Ugarteburu, Kirol zuzendaria, eta Oier Aizpurua eta Oihana Blanco kirolariek hartu dute parte.

Debagoieneko zenbait udalek 1993an sortu eta pixkanaka, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Gipuzkoa osora zabaldu den Kirola Euskaraz egitasmoaren helburu nagusiak hauexek dira:

  • kirol arloko eragileak (entrenatzaile, guraso, herritarrak) sentsibilizatzea.
  • kirol arloko entrenatzaile, monitore eta irakasleak prestatzea.
  • euskarazko kirol materiala sortzea eta argitaratzea.
  • programa beste herri eta lurralde batzuetara hedatzea.

Programa Gipuzkoa osora zabaltzeko, eta bere helburuak eskualde guztietan garatzeko ahalegin berezia egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kiroletako Lan Mahaiaren bitartez. Antolakuntzaren aldetik, bikoitza da egitura:

  • Gipuzkoa mailako koordinazio batzorde bat dago, Kiroletako Lan Mahaia izenekoa, udaletako teknikariek eta Foru Aldundiak osatua.
  • Eskualde gehienetan, kiroletako eta euskarako teknikariak elkarlanean ari dira eta bere lan taldeak edo lan batzordeak dituzte.

Horren guztiaren berri emango du web gune berrituak eta kirola eta euskara uztartzen dituzten jardueren informazioa jaso nahiz emateko gunea edo ataria izan nahi du. Gunearen bizitasuna egunerokotasunaren eta parte hartzearen bidez lortu nahi da.

Alde batetik, guneari egunerokotasuna emango dioten kirola eta euskararen inguruko albisteak eta ikastaroen, beken eta diru laguntza deialdien berri jasoko da.

Bestetik, euskaraz sortutako hainbat material eskura daiteke, hala nola, beken bidez sortutako fitxa didaktikoak, argitalpenak, kartelak eta errotuluak. Euskararen erabilerari buruz egindako ikerketak, hitzarmenetako hizkuntza irizpideak eta bestelako dokumentuak ere kontsultagai daude.

Azkenik, kirol prestakuntzako ikastaroak edota kirol ekitaldiak euskaraz antolatu nahi dituztenei lana errazteko, Gipuzkoan kirol prestakuntzan ari diren irakasleen eta kirol ekitaldi edo jardueretan esatari edo aurkezle gisa diharduten pertsona euskaldunen berri bilduko da.

Web guneaz gain logoa ere estreinatu du Kirola Euskaraz programak. "E" formako irudiak kirol oinetako batek lurrean uzten duen oinatza irudikatzen du, kirola eta Euskara uztartuz.

Informazio hori guztia zabaltzeko eta hiritarrarengana hobeto heltzeko teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideak erabili ditu Kirola Euskaraz zerbitzuak:

  • Web gunea kode irekiko tresnak erabilita garatu da (PHP, MySQL).
  • RSS zerbitzua eskaintzen da albisteen berri izateko sortu ahala
  • Interesa dutenek buletin elektroniko edo newsletterra jasoko dute euren posta elektronikoan, Kirola Euskaraz zerbitzuak jaso eta sortzen dituen informazioekin.
  • Web 2.0 filosofia erabiliz, web gunearen atal guztietan iruzkinak eta datu berrien proposamenak bidaltzeko aukera dago.

Web gune hau Ametzagaiña taldeak garatu du. Edukiak sortu eta eguneratzeaz ere Ametzagaiña taldea arduratuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kiroletako Lan Mahaiaren elkarlanarekin.

Erantzun

Sartu