Azaroaren 25ean Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Badakigunez, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxista geure gizarte sexistaren ondoriorik kaltegarrienetakoa da. Izan ere, eraildako emakumeen kasua jarduera lazgarri honen ondoren ikusgarriena bada ere, egunero-egunero, ageriago edo gordeago, etengabe gertatzen da erasokeria hau.
Jakina ere bada gizonak izaten garela bortxakeria etengabe honen eragileak, gizarte sexistak esleituriko rol zapaltzaileak geure eginik. Egia izanik ere gizon guztiok ez dugula erabiltzen bortizkeria matxista neurri berean eta gehienok ez garela heltzen bortizkeria fisiko gordinera, egia ukaezina ere bada gizon guztiok zer ikusirik dugula afera honetan. Den-denok sartua dugu-eta matxismoa muinetaraino. Den-denon gara-eta indarkeria matxistaren birusak zelan edo halan kutsaturik. Den-denok dugu zer eginik.
Gizonon ardura ere bada, beraz, emakumeek jasaten duten bidegabekeriari amaiera ematen parte hartzea. Gizonok sexismoa, genero-desberdinkeria nahiz bazterkeria, matxismoa akabatze lanean emakumeen aliatu zuzen eta zintzoak izan behar dugu. Aliatu izate honek, zintzoa izango bada, ez du paternalismo kutsurik izango, noski. Gizonok ez dugu ordezkatuko emakumeen eginkizuna borroka honetan; ez diegu eurei dagokien lana andra koitaduei egingo, inola ere ez. Emakumeek garbi eta aspaldi erakutsia dute gauza direla oso beren bizitza, beren askapena euren esku hartzeko. Gizonok geure lana dugu: barneraturiko matxismoa guztiz garbitzea nork bere baitatik, eta jarrera nahiz jokaera sexista oro (norberarenari edo-eta besterenari) geldiaraztea, emakumeak apoiatzearekin batera.
Parekidetasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borroka honek onura besterik ez digu ekarriko gizonoi. Alde batetik, sexismorik gabeko gizarte parekidean, ezarri diguten maskulinitate eredu bakar, hertsi eta zapaltzailea behingoz bazter utzirik, geure benetako izanarekin, geure gizatasun osoarekin lotu ahalko gara berriro; bestetik, emakumeekin (baita umeekin eta gainontzeko gizon guztiekin ere) harreman sano, eta denontzat aberasgarriak eraiki ahalko ditugu. Inolako zapalketarik gabeko gizarte kidetasunezkorantz urrats erabakigarria izango da.
Bide honetan, urrats polita egingo dugu hilaren 25ean Santurtzin. Han, goizeko 11'30etan, udal euskaltegian gizon bilkura egingo dugu, matxismoaz, gizontasun ez-zapaltzaileaz, indarkeria matxistaz eta honekiko geure eginkizunaz gogoeta egiteko, anaitasunean. Guztiz ondo hartuko zaitugu gizona, hator!
Erantzun
Sartu